agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Diabetesa Gabonetan

Cristina Perez • Nutrizionista – elikadura

Eguberri-jaietan normalean baino gehiago jaten eta edaten da. Diabetesa dutenek bereziki zaindu behar dute euren arazoa, baina posible dute janariaz gozatu eta aldi berean osasuna zaintzea. Elikadura eredu batzuk hartu behar dituzte.

Diabetesa izaten da pertsona baten odoleko glukosa-maila (azukre-mota bat) behar baino gorago dagoenean. Odoleko azukre-maila (gluzemia) normaltzat jotzen da glukosa odolean 65-110 mg/dl artean badago. Neurri hori gaindituz gero, pertsonak diabetesa du. Azukre gehiegi horrek kalteak eragin ditzake batez ere arteria txikienetan —begietako eta giltzurrunetako arterietan batik bat—. Hori dela eta, garrantzitsua da diabetesa zorrotz zaintzea.

Hala ere, ez dute diabetes bera 150 mg/dl dutenek edo 300 mg/dl dutenek. Ezberdina izango da janariari eta ariketa fisikoari jarri beharreko arreta bi kasu horietan, bietan diagnostikoa diabetesa izan arren.

Datozen jaietan, arruntak izaten dira gehiegikeriak jan-edanean. Eta gehiegikeria horiek ondorio ezatseginak ekarri ohi dizkiete denei: betekada, urdaileko pisutasuna, horren ondorioz ongi lo egiteko zailtasunak eta abar. Oinarrizko nutrizio-ezagutzak izanda eta arau egoki batzuk hartuta, jai horietako menuek bat egin dezakete gure osasunarekin, baita diabetikoak direnen osasunarekin ere. Posible da janariez gozatu eta aldi berean osasuna zaintzea.

Gabonetan zaindu beharrekoak:
Lehen esan dugun bezala, diabetes-maila guztiak ez dira bat eta berak. Odolean azukre-maila oso gora duenak menua modu zorrotzagoan zaindu beharko du, baina diabetes kasu guztietan aholkuak honako hauek dira:
• Egunean sei otordu egin: gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, askaria, afaria eta ohera joan aurreko otordua: esnekiren bat eta diabetikoentzat egokitutako galleta edo ogi-zatiren bat. Otordu handiak eta gutxi egin beharrean, otordu txikiak eta maiz. Ez da komeni janaldi handiak egitea. Maiz, otorduren bat ez egiteko tentazioa izan ohi da, Gabonetako otordu nagusian gehiago jateko. Hori diabetesaren kasuan oso kaltegarria da, azukre-mailak gorputza desorekatzen duten gorabehera arriskutsuak izan ditzakeelako. Beraz, jai hauetako afari-bazkari berezietan, kopurua zaindu beharra dago. Bazkari-afarietan jaten diren plateren kantitatea zaindu, eta, ondoren, jan daiteke beste zerbait handik bi ordura.
• Azukre kopurua: Gabonetan hain ohiko diren turroi eta gozoak jan daitezke. Diabetes-mailaren arabera, guztiarekin bezala, kopurua mugatu beharko dugu. Bestalde, merkatuan badira diabetikoei egokituta azukrearen ordez gozagarriekin eginiko turroi eta gozoak. Egokituak izan arren, ez du esan nahi, nahi adina jan daitekeenik. Beti izan beharko da kontuan kantitatea edo kopurua. Kasu horietan, garrantzitsua izango da etiketak irakurtzea ere. Gluzemian gutxien eragiten duten gozagarriak hauek dira: sakarina, aspartamoa eta sorbitola. Hobe horiek dituzten gozoak erostea, sakarosa, maltosa edo fruktosa dituztenak baino.
Osoko irinak: ogiaren eta zerealen kasuan eta janariak prestatzeko, bihi osoko irinak erabiltzea gomendatzen da.
• Edari freskagarriak: edari freskagarriei dagokienez, aipatutako gozagarriak dituzten light edariak erabiltzea hobe. Alkohola duten edarietan, har daiteke kopatxo bat ardo, sagardo edo kaba. Oro har, likoreen azukre-maila handia izan ohi da, eta hobe horrelakorik ez hartzea, alkoholik eta azukrerik gabeko bereziak ez badira, behintzat.
• Dosi bera: komeni da izan dezakezun tratamenduaren dosi berarekin jarraitzea. Jaten duzunaren arabera, intsulina gehiago hartzeko asmoa baduzu, ezinbestekoa izango da jarraipena egiten dizun sendagileari aipatzea. Ez hartu erabakiak zeure kasara.
• Ariketa fisikoa: Neurriko ariketa fisikoa egin behar da.

Ideia osasuntsu batzuk:
• Hasteko: osoko txigorkietan jarritako txatka maionesarekin, urdaiazpiko xerra bat, muskuiluak tomatearekin, muxilak saltsa berdean, atunarekin beteriko arrautzak, zainzuriak, orburuak, entsalada mota guztiak, menestraren bat…
• Jarraitzeko: otarrainxka egosiak, edozein arrain labean, indioilarra labean, koipe gutxiko edozein haragi…
• Postrea: turroi edo gozo zati bat edo beste, eta beste hainbat aukera: sagar erreak; fruten mazedonia jogurtarekin; fruten irabiakiak; fruta fresko, fruitu lehor eta esnekiekin prestatutako edozein postre.
Ikusten duzun bezala, ia denetik jan daiteke. Garrantzitsuena da, hala ere, sei otorduetan ondo banatu eta kantitatea zaintzea. Gozatu janariaz ohitura osasuntsuekin, eta Eguberri on!

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other