agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Talde-lana, arrakastaren gakoa eta etorkizunerako bidea

Diziplina anitzeko talde bereizia osatu zuten duela bost urte Barrualde-Galdakaoko ESIan ultzerak eta zauriak sendatzeko. Metodo eta ikuspegi berriekin lortu dute sendatze-epeak laburtzea eta anputazioak murriztea paziente zaurgarrien artean.

2016an abiatu zuten proiektua Paz Beaskoetxea erizainak eta Melina Vega zirujau baskularrak. Beaskoetxearen kezka batetik sortu zen, ikusten zuelako koordinazio gutxi zegoela lehen mailako arreta eta ospitaleko arretaren artean. «Lehen ikuspegi oso estratifikatua zegoen», azaldu du Beaskoetxeak. «Lehen mailako arretan gauza bat egiten zen, eta Ospitaleko arretan beste bat. Batu ginenean ikusi genuen paziente berak bolo-bolo ibiltzen zirela batean nahiz bestean». Arazo horri aurre egiteko sortu zuten Zaurien Unitatea, eta, haren hitzetan, ezinbestekoa izan zen hainbat diziplinatako jendea batzea: «Pazientea erdigunean jarri» eta zerbitzu bakoitzak koordinazio handiagoarekin egitea lan bere onerako.

Zazpi laguneko taldea da haiena: erizain bi, zirujau baskular bi, podologo bat eta hiru traumatologo. Laster, beste bat ekartzea espero dute. Horiez gain, endokrinoekin eta infektologoekin harreman estua daukate; kanpoko aholkulari bezala egiten dute lan.

Edozein motatako zauriak sendatzen dituztela azaldu du Beaskoetxeak, baina gehien errepikatzen dena oin diabetikoa da. Paziente diabetikoek gradu desberdinetako iskemiak garatzen dituzte: zirkulazio arterial falta, neuropatia, eta horren ondorioz sentikortasuna galtzen dute oinazpian. Hala, edozein zauri txiki konplexu eta larri bihur daiteke laster batean, pazienteek traumatismoak identifikatzeko zailtasun handia izaten dutelako.

Melina Vega zirujau baskularrak ezinbesteko ikusten du pazientea eta haren egoera bere osotasunean ikusteko beharra: «Zaurian eragina duten aldagaiak eta arrazoiak identifikatu, eta holistikoki egiten dugu lan, aldagai guztiak kontuan hartuta, banan-banan izan beharrean». Hari horretatik tiraka, Maria Jose Gomez erizainak antzina nagusia zen ikuspegiarekin kontrajarri du taldearena, eta uste du bakoitzak bere espezialitateari zegokiona bakarrik begiratzen zuela lehen, eta bestelakoak alde batera uzten zituela. «Garrantzitsua da besteen ezagutzetatik elikatzea, eta norberaren egoak baztertzea», azpimarratu du.

Uste berekoa da Xabier Cabezuelo, taldeko bigarren zirujau baskularra. «Lehen paziente bat etortzen zen, eta medikuak esan zezakeen ‘Nirea ondo dauka dagoeneko, alta emango diot’», azaldu du. «Hori egin beharrean, begiratu behar dut ea zelan lagun diezaiokedan, nahiz eta ez izan nire espezialitateko arazoa, eta bilatuko dut lagunduko nauen norbait».

«FUNTSEZKOA DA OSPITALEETAKO ZUZENDARITZEK HONEN ALDEKO APUSTUA EGITEA»

Asko ikasi dute elkarrengandik, eta dauzkaten hutsuneak bete dituzte. Anputazio txikien kopurua murriztea lortu dutela adierazi du Vegak, orain behatz gehiago salbatzen dituzte: «Lehen guk kirurgia baskularrari buruz genekien, traumatologoek traumatologiaz, eta erizainek sendaketa lokalak egiteko teknikez eta produktuez. Elkarrengandik ikasi dugu, baita podologoarengandik ere, eta, irizpideak aldatuz eta mugak tenkatuz, lortu dugu anputazio gutxiago egitea». Ez da lorpen hutsala, behatz bat galtzeak oinaren egitura alda dezakeelako, eta gainerako behatzetan ultzerak eragin; «sorgin-gurpil» bat, azken finean, beste behatzak galtzera eraman dezakeena. «Gaur egun salbatu egiten ditugu orain dela bost urte galtzen genituen oin batzuk, eta oinaren egitura gordetzeak pazientearentzako onurak dakartza», laburbildu du Vegak.

«Lehen ia pentsaezina zen zirujau baskular batek eta traumatologo batek ebakuntza-gela elkarbanatzea; orain ebakuntza batera antolatzen dugu hala behar denean», azaldu du Lide Gorostiola traumatologoak. «Bai, eta batzuetan batera bazkaldu ere», gehitu du Jose Tomas Aurrekoetxea traumatologoak txantxetan. Ondo adierazten du zein banatuta zeuden sailak lehen.

Diziplina anitzeko lan-taldearekin lortu dute arazo jakin horiei erantzun egokia ematea. Oin diabetikoak berbaskularizazio bat behar izanez gero, zirujau baskularrekoek begiratzen diote, traumatologoek ikerketa mekanikoa egiten dute, eta erizainek oso zehatz garbitzen dituzte zauriak, denbora gutxienean orbaindu daitezen. Javier Pascual podologoa da taldera batu den azkena, baina denek azpimarratu dute haren garrantzia.

Zerbitzu berean espezialitate bat baino gehiago integratzeak askoz eraginkorrago egin du Zaurien Unitatea. Pazienteen bizi-kalitatean eragitea lortu dutela uste du Vega zirujau baskularrak: «Unitate honetan lortu dugu ospitaleratzeak laburragoak izatea, pazientea hobeto egotea eta etxean bere kasa konpontzea». Cabezuelok nabarmendu du gutxiago joan behar dutela ospitalera, eta ospitalean gutxiago egon ere bai: «Lehen, paziente batzuk bi edo hiru hilabetez egoten ziren hemen. Orain alta goiztiarra eman diezaiekegu, badakigulako era anbulantean ospitale-mailako arreta emango dietela».

Emaitzen fruitua, hazkundea
Argi ikusten dute emaitzak onak direla. «Merkeagoa da, pazienteei sufrimendua aurrezten die, eta osasun-sistemari dirua», azaldu du Vegak. «Zerbitzua ona da, eta eskaria gorantz doa». Beaskoetxeak oraindik gogoan dauka 2016an 600 kontsulta inguru izan zituztela, eta gaur egun 4.000tik gora dabiltzala. «Hemen lanak gora egin du, beste arloetan behera egiten duelako», gehitu du Vegak.

«FUNTSEZKOA DA OSPITALEETAKO ZUZENDARITZEK HONEN ALDEKO APUSTUA EGITEA»

Taldearen diziplina-aniztasunari egotzi dizkiote datu onak, baina zuzendaritzaren laguntza eta konfiantza ezinbestekoa dela uste dute. Asko borrokatu dira baliabideak lortzeko, baina emaitzek berme hori eman diete. Beaskoetxeak esan du berme horri esker lortu zutela zuzendaritzak podologoa esleitzea. «Funtsezkoa da ospitaleetako zuzendaritzek honen aldeko apustua egitea».

Proiektuaz harro, Paz Beaskoetxeak formazioa ikusten du giltzarri, eta belaunaldien arteko erreleboa lortu behar dela uste du: «Ez du ezertarako balio hau lortzeak, gero sortzaileokin galduko bada. Gustatuko litzaidake nik erretiroa hartzean unitate honek jarraituko balu gaur bezain bikain».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other