agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

«Taldean idaztean, barruan duzuna ateratzen duzu»

Marisol Barguilla • Prebentzio Zerbitzu Korporatiboko administraria.
Marisol Barguilla Gasteizko Prebentzio Zerbitzu Korporatiboko administrariak (Gasteiz, 1957) inoiz ez zuen bere burua idazle lanetan imajinatu, baina, jakin-mina afizio bilakatu, eta poesia idazten dihardu bere denbora librean. Gasteizko poesia-talde bateko kide da gaur egun, eta zenbait aldizkaritan argitaratu ditu bere lanetako batzuk. Poesia idaztea oso gogobetegarria dela nabarmendu du, eta idazteko eta ikasteko gogoa duen edonork egin dezakeela. 

Poesia idazten duzu; idazlea zara, beraz. Nolatan hasi zinen?
Zer edo zer idazten dut. Egia da aurretik ez nuela sekula ezer ere idatzi; orain dela 9 edo 10 urte inguru hasi nintzen poesiarekin. Gasteizko Udalak antolatutako tailer batean eman nuen izena, eta hor hasi zen guztia. Egia esan, tailer horretan izena eman nuenean, uste nuen poemak irakurri egingo genituela, poesiara hurbildu egingo ginela, baina inongo momentutan ez nuen imajinatu ere egin idazteari ekingo geniola. Tailerreko kideek animatu egin ninduten, eta, poliki-poliki, idaztera ausartu nintzen. Gainera, Gasteizen poesiari lotutako giro handia dago; esaterako, urtero, poesia jaialdi bat antolatzen dute maiatzean. Talde askok hartzen dute parte. Ni egon izan naizen poesia-taldeek beti hartu izan dute parte jardunaldi horietan. Hasieran, 2 edo 3 urtez eman nuen izena antzeko tailerretan, eta, geroztik, poesia-talde batean baino gehiagotan aritu naiz idazten. 

Nolako gaiak hartzen dituzu?
Ez dut gai zehatz bati buruz idazten. Egia da poesia-taldeko kideen artean badugula lehia moduko bat, eta batzuetan gai jakin batzuen inguruan idaztea proposatzen diogula elkarri. Azken finean, modu horretan ere zerbaiten inguruan idaztera bultzatzen dugu geure burua. Halere, askotan eragin handia izaten du bakoitzaren aldarteak; zenbaitetan haur-poesia idazteko gogoa sentitzen dugu, beste batzuetan gai intimoen inguruan. Denetarik. Estiloari dagokionez, nahiko poema laburrak idazteko joera dudala esaten didate. Nire poemak beti izaten dira orrialde batekoak baino laburragoak, eta ia inoiz ez dute okupatzen orri erdia baino gehiago. Baina, gaiari dagokionez, ez dut gai jakin baten inguruan idazten.

Ez dut hizkuntza oso landua erabiltzen idazteko garaian; horrek ez nau kezkatzen. Gaztelaniaz idatzi ohi dut gehienetan. Euskaraz ere idatzi izan dut, baina euskarazkoak bai direla laburrak. Oso noizbehinka ausartzen naiz euskaraz zer edo zer sortzera, baina oso gutxitan. 

“ASKORI BAT-BATEAN ATERATZEN ZAIE IDAZTEA, BAINA NIRI EZ”

Idazten duzuna argitaratu egiten duzu edo nahiago duzu zuretzat gorde?
Lan solteak argitaratu izan ditut. Esaterako, maiatzeko jardunaldi horietan liburu bat osatzen dute: parte-hartzaile batzuen poema bat edo bi argitaratzen dituzte, eta nire poemetako batzuk azaldu izan dira liburu horretan. Horrez gain, aldizkari batean edo bestean ere aurkeztu izan ditut. Baina libururik ez, ez dut argitaratu, ez baitut horretarako denbora nahikorik izan. Kontua da poesia-liburu oso bat idazteko eta prestatzeko denbora asko behar izaten dela; ordu askoko lana da, eta jarraikortasunez jardun behar izaten da emaitza ona lortuko bada. Halere, egia da liburu bat argitaratzea ez dela oso zaila eta garestia; beste kontu bat da editorial batek egingo dizun.

Olerkia:

Negu-txilintxoen barruan

Bakardadea…
isiltasunaren soinuak
egiten du lo
negu-txilintxoen barruan.

Bakardadea…
isiltasunaren soinua
ekain bakoitzean esnatzen da eta
bizitza xuxurlatzen die
gure begiei.

 

Eguneko zein une aukeratzen duzu idazteko?
Asteburuetan gehiago idatzi ohi dut, denbora libre gehiago izaten dudalako, baina edozein egunetan idatz dezaket; gauetan, esaterako. Egia da idazteari ekin behar diodala, hau da, zeregin horretan jarri behar dut neure burua, ez baitzait bat-batean ateratzen. Askori bat-batean ateratzen zaie, baina niri ez; horretan jarri egin behar. Batzuetan, ordu-erdi eskaintzen diot, eta, beste batzuetan, taberna bateko terraza batean kafe bat hartzen eta egunkaria lasai-lasai irakurtzen ari naizen bitartean idazten dut. Zenbaitek diote idazteko beharra sentitzen dutela, eta horregatik idazten dutela edozein unetan eta behar dutenetan, baina, egia esan, hori ez da nire kasua.

Zertan laguntzen dizu poesiak?
Idazteak lasaitu egiten nau, eta deskonektatzen laguntzen nau. Tarteka, irakurri beharrean, poesia idazteko gogoa sentitzen dut; beste batzuetan, aldiz, pasarteren bat irakurri eta gero, irudi bat etortzen zait burura, eta horren inguruan idazten dut. Egia da zenbaitetan poesia-taldeko kideok zirikatu egiten diogula elkarri; lehiaketa baten edo ekitaldiren baten berri dugunean, hitz egin eta erabakitzen dugu zer edo zer bidaltzea. Baina, tira; modu horretan ere jabetzen zara nahiko lan txukuna egiteko gai zarela, espero ez zenuena, eta inguruko jendeak idazten jarraitzen laguntzen dizu.

“GOZATZEN BALDIN BADUZU, ZEURE BURUAZ EZ ZENEKIZKIEN GAUZA ASKO EZAGUT DITZAKEZU”

Zer esango zenieke poesia idaztera ausartzen ez diren horiei?
Ate bat ireki, sartu eta talde batekin elkartzen bazara, erakarri egiten zaitu azkenerako. Edonork idatz dezake poesia. Nik neuk ez nuen inoiz imajinatu idazteko gai izango nintzela. Hastea da, denbora eskaintzea; hasieran bi hitz idatziko dituzu jarraian, ondoren lau eta, horrela, gero eta gehiago. Oro har, oso gogobetegarria da. Bilbon eta Gasteizen poesia-mugimendu asko daude, eta, horregatik, ez da zaila mundu horretan murgiltzea. Interneten, zer esanik ez! Kuriositate pixka bat duen edonor saia daiteke. Gozatzen baduzu, zeure buruaz ez zenekizkien gauza asko ezagut ditzakezu. 

Talde bateko kide izateak asko lagundu dizula dirudi. Nolako harremana duzue?
Taldean idaztean, barruan duzuna ateratzen duzu. Taldeko kideok oso harreman sakonak egin ditugu. Azken finean, ez da taldearekin elkartu, egon eta kito, poesiarekin harago doa: lehenago edo beranduago, barruan duzuna azaleratzen da. 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other