agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Erizaintzako Unibertsitate Eskola, aurrera, zailtasunak zailtasun

Samurra izan ez den arren, Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolak lortu du COVID-19aren ondorioei aurre egitea. Ikasle guztiek behar bezala amaitu dute ikasturtea, eta laugarren mailako ikasleak call-center-ean aritu dira lanean, lehen lerrotik. Irakasleek nahiz zentroko langileek oso ahalegin handia egin behar izan dute, baina, eskolako zuzendariak adierazi duenez, elkarlanak eta elkarri emandako babesak bere fruituak eman ditu: «Helmugara iritsi gara».

Zortzi hilabete igaro dira dagoeneko COVID-19 gaitzak Euskal Herriko txoko guztiak asaldatu zituenetik. Otsailean atzeman zuten aurreneko kasua, Gasteizen, eta geroztik eman den pauso bakoitza pandemiak baldintzatuta emandakoa izan da. Begi-bistakoa da herritarren bizi-ohiturak errotik aldatu dituela azken hilabeteotan, eta handia izan dela gizartean ez ezik ekonomian, hezkuntzan nahiz osasun arloan ere izan duen eragina. Koronabirusaren testuinguruan, beharrezkoa izan da alderdi askotatik egokitzea, moldatzea, eta baliabide eta alternatiba bakoitzetik ahalik eta etekinik handiena ateratzea.

«Egun batetik bestera». Halaxe egokitu behar izan zen Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskola egoera berrira, Encarnacion Betolaza Lopez de Gamiz zentroko zuzendariak azaldu duenez. Hilabete hauek «oso gogorrak» izan direla nabarmendu du, ikasleek nahiz zentroko langileek oso ahalegin handia egin behar izan dutela; baina dena ez da iluna, haren aburuz, eta uste du argirik ere badela horren guztiaren atzean: aurrerantzean ere oso baliagarriak izango dira erabilitako metodologia berriak eta egindako egokitzapenak.

Zailtasunak zailtasun, gainera, maila guztietako ikasleek bukatu ahal izan dute garaiz ikasturtea. Martxoaren 2an egin zuten topo aurreneko oztopoarekin: Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak bertan behera utzi zituen Arabako ESIko praktika klinikoak. Momentu horretan, praktikak egiten ari ziren bertan Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak. Hurrengo egunean, EAEko osasun-sistema osoko praktikak utzi zituen Jaurlaritzak bertan behera. Koronabirusean positibo emandako lehendabizikoa ospitale horretako mediku bat izan zenez, hainbat ikasle konfinatu egin behar izan zituzten, eta beste hainbati PCR proba egin. Halere, Betolazak argitu duenez, ikasle guztien artean bakarrak eman zuen positibo —160 ikasle inguru ari ziren praktikak egiten—, eta zentroko gainerako langileen artean ez da beste kasurik atzeman. «Zorte handia izan genuen», gaineratu du.

«CALL-CENTER-EAN EGINDAKO JARDUERAK OSO LAGUNGARRIAK IZAN ZIREN ERIZAINTZAKO IKASLEEN KONPETENTZIAK GARATZEKO, HEZKUNTZAREN NAHIZ OSASUNAREN IKUSPUNTUTIK.»

Praktikak bertan behera geldituta, irtenbide bat behar zuten hirugarren eta laugarren mailako ikasleentzat: «Hirugarren mailakoei oso egun gutxi geratzen zitzaizkien praktikak bukatzeko; horregatik, bukatutzat eman genituen. Laugarren mailakoen kasuan, berriz, aste horretan bertan deitu ziguten Osakidetzatik, guri eta gainerako erizaintzako eskolei, azken urteko ikasleekin zer-nolako beharrak ote genituen eta lagunduko zigutela, Osakidetzak ikasle horien beharra izango zuelako aurrerago». Baina erraza zirudiena korapilatu egin zen; izan ere, martxoaren 10ean eskola teorikoak ere bertan behera gelditu ziren, eta hilaren 14an alarma ezarri zuten. Modu horretan ezinezkoa zen ikasleek praktikak ohiko moduan egitea.

Ikasleak lehen lerroan
Baina orduan ere beste argi izpi bat agertu zen: Osakidetzak lan-kontratu bat eskaini zien laugarren urteko ikasleei, osasun-laguntzaile jarduteko, profesional baten begiradapean. Lan hori Gasteizko Osasun Aholkuaren call-center-ean egin zuten, martxoaren 23tik maiatzaren 8ra, eta praktika kliniko gisa aitortu zitzaien ikasketetan. Ikasleen eginbeharra zen deiei erantzun eta jarraibideak eta aholkuak ematea. Betolazak ikasleen lana goraipatu du: «Osakidetzarentzat laguntza handia izan zen; hasieran, ikasleek ez zuten joan nahi, iruditzen baitzitzaien koronabirusa mehatxu handia zela; beldurtuta zeuden. Baina call-center-ean parte hartzea lortu genuen, irakasleen laguntzarekin. Hori ere oso garrantzitsua izan zen: irakasleek momentu oro babestu zuten proposamena, eta goiz, arratsalde eta gau aritu ziren ikasleei laguntzen». Ikasleek 24 ordu betetzen zituzten han, hamasei laguneko txandetan. Betolazaren arabera, call-center-ean egindako jarduera horiek oso lagungarriak izan ziren erizaintzako ikasleen konpetentziak garatzeko, hezkuntzaren nahiz osasunaren ikuspuntutik, eta momentu horretan, gainera, oso zeregin beharrezkoa eta garrantzitsua egin zuten.

Irakasleak buru-belarri aritu ziren laugarren mailakoei laguntzen, baina etxean ere bazuten zeregina; izan ere, eskola presentzialak baztertuta, on line egin behar izan zituzten; bulegotik aurrena eta, alarma ezarri eta gero, etxetik. Unibertsitateak ikastaro batzuk eskaini zizkien irakasleei, on line metodologiak nola erabili ikasteko eta irakaskuntza ez-presentziala nola eraman ikasteko. Betolazak azaldu duenez, arazorik gabe amaitu zuten ikasturtea ikasleek, eta azterketak eta guzti egin zituzten on line. Irakasleek gogotik ekin behar izan diotela nabarmendu du zentroko zuzendariak: «Harrigarria izan da, irakasleek izugarrizko ahalegina egin behar izan baitute. Eskolak on line ematen zituzten etxetik, eta, aldi berean, call-center-ean laugarren mailakoekin txandak egiten ari ziren. Baina ez da arazorik egon, eta, haiei esker, helmugara iristea lortu dugu. Elkarren babesa ezinbestekoa izan da; oso langile gutxi gara, baina, denon artean, lortu dugu».

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other