agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Arrautzari alergia

Arantza Lorenzo • Nutrizionista – elikadura

Proteina iturri aberatsa da arrautza, mahai eta plater askotako osagai ohikoa. Baina urtebeteko eta 2 urteko haurren artean alergia gehien eragiten duen jakia ere bada. Halako kasuetan, arrautza osagai duten elikagaiak saihestea da kontua.

 

Alergia erreakzio bat da, substantzia jakin bat dela-eta (alergenoa) gure gorputzak izaten duen erantzun desegokia. Arrautzari alergia diogunean, gehienetan, albumina proteinagatik izaten da —zuringoan dago proteina hori—, hura gorputzarekin kontaktuan jartzean erreakzioa gertatzen baita. Ohikoena da zuringoan dauden substantziei izatea alergia, baina gorringoak ere erreakzio hori eragiten die zenbaiti. Arrautza da 1-2 urteko haurrei alergia gehien eragiten dien janaria, baina normalean 2 edo 3 urteren buruan gainditzen dute. Hala ere, badira gutxi batzuk helduaroan ere alergia diotenak.

 

Haurrei arrautza gorringoa lehen aldiz 9-10 hilabete inguruan ematen zaie, barazki purean nahastuta. Sintomarik agertzen ez bada, 12 hilabeterekin, arrautza osoa ematen zaie, betiere egosia eta, lehen esan bezala, purearekin. Familian alergia arazoak egon badira, arrautza 2 urtera arte ez sartzea gomendatzen dute. Bestalde, arrautza jatean sintomak sumatzen baditugu, alergiaren probak egin behar ditugu. Alergia izanez gero, ezabatu dietatik aurrerago aipatzen diren produktuak eta jakinarazi haurtzaindegian edo eskolako jangelan, bai eta txerto bat jartzeko garaian ere.

 

Alergia gainditu edo desagertzen ari den ikusteko, komeni da urtebetera gutxi gorabehera arrautza kopuru txikietan ematea. Sintomarik agertzen ez bada, pixkanaka kopurua handitzen joan gaitezke… Horrela alergia gainditu dela ikusi arte. Bestalde, sintomak behin eta berriz agertzen badira, ezinbestekoa izango da aurrerago aipatzen diren gomendioei jarraitzea.

 

Sintomak:
• Larruazalean: azkura krisiak, batzuetan aurpegi, betazal eta ezpainetako hanturekin; dermatitis atopikoa ere ager daiteke.
• Arnas-aparatuko sintomak: asma edo/eta errinitis krisiak, laringeko edema…
• Digestio-aparatukoak: tripako mina, botagura, beherakoa…
• Sintoma neurologikoak: migraina, loaren nahasteak…
• Larria denean, shock anafilaktikoa: pertsona berehala medikuarengana eraman behar den egoera larria.

 

Tratamendua:
Dietatik ezabatu arrautza (bere horretan, arrautza hautsa, eratorriak…) eta arrautza osagai duten janari guztiak. Hona arrautzaz gainera ezabatu beharreko janariak (norbere tolerantziaren arabera):
• Arrautza osagaien artean dituzten zenbait barazki krema, zopa, salda edo haurrentzat prestatutako pureak.
• Pastak: hainbat makarroi, espageti, kaneloi,  pizza…
• Zenbait hestebete, pate, saltxitxa, arrautzeztatutako haragi edo san jakoboak, kroketak…
• Esnekietatik: esne kondentsatua,  arrautza-esneak, flanak eta esnegainarekin aberastutako esnekiak. Zenbait kafe kaputxinori gainetik jartzen zaion apar zuria, maiz, arrautza erabiliz lortzen da.
• Maionesa, gelatina, merengeak, zenbait izozki, turroiak, krepeak.
• Margarinak: batzuek albumina izan ohi dute osagaietan.
• Eta etiketak irakurtzean jarraian aipatzen den edozein osagai duten produktuak: albumina, lisozima (gaztak heltzeko erabiltzen den proteina), lezitina (sojarena dela zehazten ez badu) eta luteina. Maiz erabiltzen dira okindegi eta gozotegiko produktuetan eta gozokietan.

 

Laburbilduz:
Hemen askotan esan dugun bezala, elikadurak orekatu eta askotarikoa izan behar du, alergia mailaren arabera aipatu ditugun janariak ezabatuta edo asko murriztuta. Kontuan izan behar dugu arrautzak duen proteina gure gorputzerako osoenetakoa eta aberatsenetakoa dela baina hori hartu ezin dutenek beste iturri batzuk erabili beharko dituztela proteina maila horretara iristeko: haragiak, arrainak, kontsumi daitezkeen esneki arruntak (esnea, jogurta, gazta batzuk…), lekaleak arrozarekin prestatuak…

 

Aurrez prestatutako janariak baino gehiago, egin freskoak kontsumitzeko aukera.

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other