agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Zerbitzuak arintzen eta hurbiltzen

Hogeita zortzi ginekologok egiten dute lan Barrualde-Galdakaoko ESIan, eta zenbait berrikuntza egin dituzte sailean azken urteotan. Alde batetik, emailearen semenarekin intseminazioak egiten ari dira. Beste alde batetik, Gernikako Ospitalean patologia zerbikaleko kontsulta bat zabaldu dute, inguruko pazienteak tratatzeko. Gainera, Amatasun izeneko zerbitzua daukate Psikiatria Zerbitzukoekin batera. Erdiondoko depresioa detektatzeko hasierako lana egiten dute.

2019ko udaberrian jarri zuten martxan semen-emaile bidezko intseminazio-zerbitzua Barrualde-Galdakaoko ESIan. Ordura arte, beharrizana zeukatenek Gurutzetako Ospitalera jo behar izaten zuten, eta itxaron zerrenda luzeetan egon. Orain, epe horiek murriztu eta zerbitzua jendearengana hurbildu dutela esan dute Nekane Egiguren eta Eskerne Bello ginekologoek. «Gainera, haien erreferentziazko ospitalean egiten zaie dena: diagnostikoa zein tratamendua», azpimarratu du Bellok.

Lehendik egiten zituzten intseminazioak, baina bakarrik bikote heterosexualenak. Orain, semen-emaile bidezko intseminazioekin, bikote homosexualek eta bikotekiderik ez duten emakumeek ere erabil dezakete zerbitzua; ia intseminazio guztien eskatzaileen erdia dira. Gutxi dira semen-emaileen laginak erabiltzen dituzten bikote heterosexualak, baina badaude askotariko patologien ondorioz ezintasuna dutenak umeak izateko: espermatozoide faltagatik, seme-alabei patologiak transmititzeko arriskuagatik edo in vitro teknikarekin huts egin izanagatik, besteak beste. Aukera honek bikote horiei ere laguntzen die.

Aspalditik zetorren emaileena bertan kudeatzeko eskaera, eta Barrualde-Galdakaoko ESIan ere egin zezaketela pentsatu zuten bertako ginekologoek. Horrela, Egigurenen arabera, Gurutzetako Ospitaleko itxaron zerrenda arindu ahal izan dute, eta pazienteei aukera bat eskaini prozedura hurbilago eta arinago egiteko: «Emaile bidezko intseminazioetan, lehen sei hilabete inguru itxaron behar izaten zuten, eta orain bi hilabetean jada tratamendua egiten daude». Haien lan karga igo da ondorioz, baina oraingoz ondo kudeatzen ari direla adierazi dute.

Beste berrikuntzetako bat Gernikako Ospitaleko kolkoskopioa da. 2020ko otsailean eraman zuten horra, eta horrek modua eman die bertan zabaltzeko patologia zerbikaleko kontsulta bat; hala, arreta hurbilagoa eman diezaiekete Busturialdeko eta Lea Artibaiko pazienteei. Gernikako Ospitalean bertan egiten dute orain umetoki-lepoaren minbizia bahetzea eskualde horietako milaka pazienterentzat. «Egin ditugun aldaketa gehienak joera horretakoak dira: pazienteak gutxiago mugitzea eta proba diagnostikoak lehenago egitea», azaldu du Bellok.

«EMAILE BIDEZKO INTSEMINAZIOETAN, LEHEN SEI HILABETE INGURU ITXARON BEHAR IZATEN ZUTEN, ETA ORAIN BI HILABETEAN JADA TRATAMENDUA EGITEN DAUDE»

Umetoki-lepoaren minbizia detektatzeko prozeduretan, aldaketak egon dira azken urteotan. Lehen, bahetze oportunista egiten zuten, eta pazienteak ginekoloarengana edo emaginarengana joatean egiten zitzaien. Orain, biztanleria-baheketa egiten denez, Bellok eta Egigurenek adierazi dute egin beharreko kolkoskopia-kopurua bikoiztu edo hirukoiztu egin dela. Beharrizan horrek ere eragin du Gernikako kontsulta zabaltzeko apustua.

Euskarari dagokionez ere, aurrerapausoak eman dituzte normalizazioan. Barrualde-Galdakaoko ESIko anbulatorioetan eta zenbait kontsultatan —patologia zerbikaleko kontsultan, ugalketa kontsultan eta ekografia obstetrikoaren kontsultan— bermatu egiten dute astean egun batean gutxienez pazienteek arreta zirkuitu osoa euskaraz egitea. Baita gainerako egunetan ere, ginekologoa euskalduna denean.

Psikiatria zerbitzuaren eskutik ekarri dute beste berrikuntza bat: Amatasun programa. 2019ko azaroan ekin zioten elkarlanari, Leire Erkoreka psikiatrak bultzatuta. Helburua da erditze-osteko depresioaren prebalentzia zenbatzea, eta haiek detektatzea eta tratatzea. Erkorekak laguntza eskatu zien ginekologia zerbitzukoei, eta haiek arduratzen dira lehen testa egiteaz, «Edinburgh eskala» esaten diotena. Askotariko galderak egiten dizkiete ginekologoek amei, erditu eta hilabete eta erdira. Tristurarekin, urduritasunarekin, negarrarekin eta zoriontasun-faltarekin dute zerikusia, eta erantzunek erraz adieraz dezakete erdiondoko depresioa izateko arriskua.

Programarekin hasi baino lehen ere egiten zuten erditze-osteko azterketa ginekologoek, baina batez ere «azterketa fisiologikoa» zela esan du Egigurenek. «Guk ikusten genuen ea odolik zuen, ea puntuak ondo zeuzkan, baina ez genion hainbesteko arreta ematen alde psikologikoari», erantsi du Bellok.

Depresio mota honek estigma handia duela azaldu dute, eta uste dena baino kasu «askoz gehiago» daudela. «Urte nahikoan egon gara ginekologo moduan lanean, eta nik birritan bidali behar izan dut emakume bat psikiatrarengana», azaldu du Egigurenek. «Orain, programa honekin emakume pilo bati eskaini diot». Amen esku uzten dute erabakia beti.

«EGIN DITUGUN ALDAKETA GEHIENAK JOERA HORRETAKOAK DIRA: PAZIENTEAK GUTXIAGO MUGITZEA ETA PROBA DIAGNOSTIKOAK LEHENAGO EGITEA»

Psikiatria Zerbitzuan kontsulta presentzialak egiten dituzte: egoera bera jasaten ari diren amen bilerak. Lau-bost modulu dira, eta ez dituzte ordenan jarraitu behar, ezta denak egin behar ere. Erditzea, edoskitzea eta sentimenduak lantzen dituzte.

Erdiondoko depresiorako arrisku-faktore bat izan ohi da haurdunaldia nahi ez izatea. Kurioski, haurdunaldia asko-asko nahi izan dutenengan ere antzeko efektua eragin dezake. Tristura hori kudeatzea zailagoa dela deritzo Egigurenek.

Ama askok beren burua zalantzan jartzen dutela uste du Egigurenek: «Zelan egon naiteke triste erditu berritan?, galdetzen diete beren buruari». Belloren hitzetan, «zaila» da prozesatzea norbera nahita geratu dela haurdun, umea erditu duela eta hala ere triste sentitzen dela. Beldurra sentitzen dute horietako ama askok, baina onarpena «oso garrantzitsua» dela uste du Bellok, osasun mentalean «funtsezkoa» delako.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other