agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

Ukatutako espazioetan bidea egiten

Martxoaren 8aren harira, Emakumea eta Osasuna jardunaldiak antolatu dituzte Barakaldo-Sestao ESIko San Eloy Ospitalean. Ospitaleko hainbat langile batu dira, batetik, emakume kirolarien esperientziak entzun eta bestetik, emakume ijitoek osasun-zentroetara doazenean izaten dituzten gorabeherak gertutik ezagutzeko.

Mediku, erizain, laguntzaile, zeladore, administrari eta bestelakoek goraino bete zuten ospitaleko aretoa martxoaren 3an, ostiralez, berdintasuna oinarrian zuten gaien inguruan gogoetatzeko. Gizonezkoren bat tarteko, entzule gehienak emakumeak izan ziren. Artemiss Torres ospitaleko berdintasun-gaien erreferenteak jardunaldiaren garrantzia azpimarratu zuen: «Ohituta gaude gure lan-alorreko profesionalek egiten dituzten hitzaldietara, baina, kasu honetan, jarduera profesionala garatzen dugun espazioetan ikusten ditugun emakumeak dira protagonista».

Jardunaldiaren lehen zatian, emakumea eta kirola izan zituzten hizpide. Hain zuzen ere, kirola, ondo eginez gero, osasuna areagotu dezakeen faktorea da, eta azken urteetan emakumeek espazio hori neurri batean konkistatu eta desberdintasunak gainditzea lortu da, nahiz eta emakumea beti egon den bigarren maila batean eta kirol arin eta indar gutxikoekin lotu izan den, artistikoekin kasu askotan. Hori horrela, Irune Maza eta Tatiana Sanchez kirolariak gonbidatu zituzten beren esperientzien berri emateko.

«ORAINDIK ERE EMAKUMEOK AURRE EGIN BEHAR DIEGUN AURREIRITZIEI EUSTEN DIEGU» Irune Maza

Ofizioz erizaina da Irune Maza, eta futbolaria. Jaio zenean hanka tartean baloi bat zuela azaltzen du berak. Pasio bizia du kirol horretarako. Gaur egun, Getxoko (Bizkaia) Bizkerre futbol taldean jokatzen du, eta Athleticen ere aritu zen duela zenbait urte, profesional. Emakumeen futbolak aurrera egin dezan bidean aurkitu dituen oztopoak azpimarratzen ditu Mazak. «Duela ez asko arte, gizonen kirola izan da futbola, eta oraindik ere emakumeok aurre egin behar diegun aurreiritziei eusten diegu». Goi-mailan emakume eta gizonen taldeen artean izaten diren desberdintasunak bereziki nabarmenak direla azpimarratzen du Mazak. Egoera ekonomikoaz gaindi, emakume izateagatik gutxietsiak sentitzen dira. «Gizonezkoek lehentasun guztiak dituzte oraindik ere». Halaber, egiteke dagoen bidea luzea dela eta emakumezko erreferenteak falta direla nabarmentzen du.

Sanchez, bestalde, San Eloy Ospitaleko pazientea da, hori horrela, bere kabuz fitnessa praktikatzen hasi den emakume pazientearen ikuspegitik hitz egin zuen; izan ere, kontsultetatik ez zioten indar-kirol hori gomendatu, ohikoagoa delako maskulinotzat jotzea. Emakumeen ustezko gaitasun ezarekin lotzen du Sanchezek emakume-falta, eta uste guztiak deuseztatu nahi ditu, esperientzia propioa adibidetzat jarriz. Onartzen du hasieran gogorra egin zitzaiola berari ere. «Antsietatea eta depresioa pairatu nituen, baina gustuko tokian aldaparik ez dagoela ohartu nintzen».

“Medikuarenera joatea saihesten dugu, tratu diskriminatzailea sentitzen dugulako”

TAMARA CLAVERIA JIMENEZ • Amuge emakume ijitoen elkarteko kidea

Osasun-zentroetan ijitoak eta bereziki emakumeak ezberdin tratatzen dituztela dio Claveriak. Askotan sentitu izan da deseroso, eta ijitoa ez den lagun baten beharra izaten du tratu egokia bermatzeko.

Zenbait ikerketaren arabera, ijitoei eskaintzen zaien arreta hobetu egin behar da osasun-arloan. Emakume ijitoen kolektiboari ahotsa eman eta arreta hori hobetzeko gakoak ezagutu asmoz, Emakumea eta Osasuna jardunaldien barnean Arrazionalizatutako emakumeen arreta, intersekzionalitatea hitzaldia eman zuen Tamara Claveria Jimenezek (Bilbo, 1984), Amuge emakume ijitoen elkarteko kideak. Elkarteak, hamabost urtetik gora daramatza, «genero antitziganismo» kontzeptua lantzen eta Euskal Herriko ijitoen eskubideen alde lanean. Claveriarentzat, ezinbestekoa da osasun-arloko profesionalak kultur-
artekotasunean eta antiarrazismoan trebatzea, haien aurreiritziak berrikusi eta etnozentrismoa albora dezaten.

«Osasun zentro publikoetara joaten naizenean deseroso sentitzen naiz». Zure hitzak dira.
Ez da sentipen indibidual bat, kolektiboa baizik. Alde batetik, osasun aldetiko larritasuna dago, eta horri gehitu behar zaio zer gertatuko den, nolako tratua jasoko dudan. Oro har, emakume ijitook segurtasun gabe eta deseroso, zaurgarri, sentitzen gara Osakidetzaren sarean, eta sentimendu horretatik sortzen da guretzat espazio eroso eta inklusiboak birsortzeko beharra.

Inoiz diskriminatu zaituzte osasun-zentro batean?
Tratua bereziki paternalista da ijitoontzat, azaltzen didatena ulertuko ez banie bezala, lodifobia kasu. Adibidez, urdaileko mina badut, hobeto jan edo argaldu behar dudala esaten didate. Orokortzeko jarrera hori nekagarria da. Ondorioz, asko pentsatzen dugu medikuarengana joan ala ez, premia larria izan arte. Askotan pedagogia antiarrazista egin behar dugu.

Noiz jabetu zinen tratu desberdina jasotzen zenuela?
Medikuarenera bakarrik joaten hasi nintzenean. Amarekin joaten nintzenean, babestuta nengoen. Ijitoen aurkako jarrerak betidanik sumatu izan ditut gizartean, baina osasun-sisteman sentitzen dut ez nautela errespetatzen, haurren moduan hartzen nautela. Badirudi ijitoak analfabetoak garela, eta inozoak bagina bezala tratatzen gaituzte.

Ondorioz, ijitoa ez den laguntzaile batekin joaten zara.
Bizitzako esparru gehiagotan erabili dudan estrategia bat da, esaterako, etxebizitza bat bilatu dudanean. Nire hitzak bermatzen ditu pertsona horrek. Nik bezala azaltzen du, baina haren hitza mediku baten aurrean neurea baino egiazkoagoa da, antza. Ez naute entzuten.

«EMAKUME IJITOOK ZAINTZAILE-ROLA DUGUNEZ, GEURE BURUA ZAINTZEN DUGUN AZKENAK GARA»

Gizon ijitoei ematen zaien tratuarekin aldea ikusten duzu?
Gizon ijitoak emakumeekin joaten dira beti. Baina haurren moduan hartzen dituztela esaten dute haiek ere; hala ere, neurri batean, errespetu handiagoa izaten zaie; gauzak kontu handiagoz esaten dizkiete. Eta, pazientea emakumea bada, gizonezkoei hitz egiten zaie zuzenean. Halaber, emakumeen kasuan oso ohikoa da presioak jasotzea antisorgailuen harira, osasun langileek gure familien tamaina epaitzen dutelako edo ez dugula askatasunik gure ugalketan erabakitzeko uste dutelako.

Zenbait daturen arabera, ijitoek gehiago erabiltzen dituzte Larrialdietako zerbitzuak Lehen Mailako Arreta baino.
Tratua den bezalakoa denez, mugaraino eusten diogu, heriotzarekin lotzeraino. Medikuarenera joatea saihesten dugu, tratu diskriminatzailea dugula sentitzen dugulako. Tratamenduei ez jarraitzeko edo osasun-eskubideak ez erabiltzeko joera dugu. Hala, medikuek ere espektatiba baxuak dituzte.

Horregatik, besteak beste, emakume ijitoen bizi-itxaropena biztanleria orokorrarena baino hogei urte txikiagoa da.
Emakume ijitook zaintzaile-rola dugunez, geure burua zaintzen dugun azkenak gara. Eta, esan bezala, hor daude ijitoen aurkako jarrerak. Arrazakeria osasunaren faktore erabakigarri gisa onartzea behar dugu; estresaren eta ditugun gaitzen parte da.

Zer egin beharko litzake osasun-sistema hobetzeko?
Espazioa ez dadila aurkakoa izan, adeitasunez trata gaitzatela, sendagileen aldetik ardura eta maitasuna egon dadila.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other