agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

“Izugarrizko nekea sentitzen dute odol-transfusioak behar dituzten pazienteek; odola jasotzeak hobeto sentiarazten ditu ordea”

Maite Moreno • Hematologia unitateko medikua

Maite Moreno (Elgoibar, 1991) Gurutzetako Ospitalean medikua da, hematologia unitatean. Gaur-gaurkoz, anemiaren inguruko kontsultak egiten ditu, eta, besteak beste, odol-transfusioak jasotzen dituzte haren pazienteek. Azaldu duenez, ohiko tratamendua da odol-transfusioa, eta pazienteak berehala sumatzen du hobekuntza. Oro har, bi multzotan banatzen dira odol-transfusioak behar dituzten pazienteak: batetik, traumatismo, istripu edo ebakuntza baten ondorioz denbora-tarte laburrean odol asko galdu dutenak, eta, bestetik, gaixotasun kronikoak dituzten pazienteak.

Zer da odol-transfusioa?
Paziente bati odol emaile baten odol-poltsa jartzea. Baina, banaketa egiten da lehenago odola ez baita bere osagai guztiekin jartzen. Globulu gorriak jartzen dizkiogu pazienteari. Hortaz, gehienetan odol-transfusioa deritzoguna, benetan, globulu gorrien transfusioa da.

Zein dira beste osagaiak?
Plasma eta plaketak. Odol-emaileari odola ateratzen zaionean, bereizi egiten dira globulu gorriak, plasma eta plaketak. Plaketa- eta plasma-transfusioak ere egin ohi dira.

Noiz egiten dira odol-transfusioak?
Batetik, denbora gutxian odol asko galtzean, adibidez traumatismo, istripu nahiz ebakuntza bat edukitzerakoan. Bestetik, gaixotasun kroniko askotan, odol-transfusioak beharrezkoak dituztenean: leuzemia eta sindrome mielodisplazikoa, esaterako. Halaber, globulu gorriekin zerikusia duten gaixotasun askotan ere baliatzen dira: talasemia, zelula faltziformeen anemia…

Azken finean, odola da gure gorputzean oxigenoa zabaltzen duena. Anemia duzunean, gorputzak oxigeno gutxi izaten du. Hipoxia deritzon oxigeno-falta horri aurre egiteko egiten dira odol-transfusioak.

Non egiten dira transfusioak?
Ospitaleetako gune askotan egin daitezke: larrialdietan, ebakuntza-geletan, plantako geletan, eguneko ospitalean… Kasu batzuetan, etxean ere egin daitezke.

Nolakoa da odol-transfusioa egiteko prozedura?
Pazientea heltzean, zaina ziztatu, eta hodia sartzen zaio. Odol-lagina eskuratzen da, eta odol-bankura igortzen dugu, transfusio-unitatera. Hor, bateragarritasun-probak egiten dira. Azken urratsa bateragarria den odola pazienteari jartzea da. Odol-poltsa pazientearen hodira konektatzen da, eta odola isurtzen zaio gorputzari. Denera bi ordu inguru behar da prozesu guztia egiteko. Bateragarritasun-proba egiteko, 30-45 minutu inguru, eta odol-poltsa isuraldatzeko, beste 60-90 minutu inguru.

Gaixotasun kroniko bat duen pazienteari transfusioa jasotzera joaten den aldiro egiten zaio bateragarritasun-proba?
Etortzen diren guztietan egiten da berriz bateragarritasun-proba. Izan ere, odol-taldeaz gain, antigeno askoz gehiago izaten ditugu odolean, eta horiek ere aztertu beharra dago.

Urgentziazko kasuetan ere egiten da bateragarritasun-proba?
Odol-transfusioa beti ospitalean egiten da, ez anbulantzian edo istripuaren tokian. Hor, larriki jokatu beharreko kasuetan, ez da bateragarritasun-proba egiten. Muturreko urgentzia deritzogu kasu horiei. Odol-taldearen bateragarritasunari begiratzen zaio, baina ez gainerako antigenoei..

Ohiko tratamendua da gaur egun odol-transfusioa. Zertan egin dira hobekuntzak?
Prozesua seguruagoa izan dadin sistemak ezarri dira. Transfusio-segurtasuneko sistema garatu dugu. Pazienteari pultsera jartzen zaio identifikaziorako behar diren datu guztiekin. Laguntzaile digital pertsonala (PDA) da, eta, paziente bati ez dagokion odola jartzera baldi bazoaz, berehala ohartarazten du: akatsa, akatsa. Gaixotasun infekziosoak izateko arriskua gutxitzeko ere hobekuntza asko egin dira.

Nola hobetzen dute odol-transfusioek pazientearen osasuna?
Astenia sentitzen dute pazienteek; hau da, izugarrizko nekea. Hau da, pazienteari odola jartzen zaio anemia duenean edo odola azkar galdu duenean (galera horrek anemia eragingo dio). Odol asko galtzen duenean, bihotzak lan asko egin behar du oxigenoa zabaltzeko, eta hipoxia (oxigeno-falta) eragin diezaioke beste organo batzuetan. Transfusioaren bitartez, behar dituen globulu gorriak eskuratzen ditu. Izan ere, oxigenoa globulu gorriek eramaten dute gorputzera. Transfusioaren ondorioz, hemoglobina igotzen da, eta gorputza oxigenatu egiten da. Kronikoan, oxigenazio hori beharrezkoa izaten da.

Jakiten da zenbat odol galtzen duen pazienteak zehazki?
Ebakuntzaren kasuan, gehienetan jakin daiteke bai. Kuantifikatu egiten da, eta drainaduraren bidez zenbatzen da pazientea galtzen ari den odola. Alabaina, paziente kronikoetan ezberdina da, Aldizka jarri behar zaio odola, baina gehienetan ez du galtzen. Dena den, globulu gorrien bizitza mugatua da, eta normalki hezur-muinak globulu berriekin ordezkatzen ditu hildakoak. Gaixotasun kroniko batzuen kasuan, bereziki hezur-muinarekin zerikusia duten gaixotasunetan, hiltzen diren globulu gorriak ez dira ordezkatzen, eta anemia agertzen da. Hor ez da kuantifikatzen galera, ez delako ikusten, eta bere kabuz sortu ezin dituen globuluak jartzen zaizkio pazienteari. Analitikarekin neurtzen da hemoglobina, eta kalkulua egiten da. Odol-poltsa bakoitzak hemoglobina gramo/dl-ko igotzen du.

Zer gertatzen da odol gehiegi jarriz gero?
Biriketako edema sor daiteke. Likido gehiegi du pazienteak gorputzean, eta bihotzak ezin du likido guztia ondo garraiatu; hala, odola beste organo batzuetara igarotzen da; kasu honetan, biriketara. Gainkarga da, eta arnasa hartzeko arazoak izaten ditu pazienteak.

Genetikak eragina du? Gurasoen odolarekin bateragarriak gara?
Ez du zertan. Denok ditugu bi kromosoma nagusi, nahiz eta odol taldea aipatzean bakarra aipatu. Gurasoengandik jasotako kromosomaren arabera, baliteke bateragarriak ez izatea.

Odola nondik jasotzen da?
Odol-emaileengandik. Odola ematea ekintza boluntarioa da, eta gaur-gaurkoz proba asko egiten dira odolaren kalitatea eta baliagarritasuna probatzeko. Momentu batzuetan, odol-stock txikia izaten dugu. Ez zaigu gertatu odolik gabe geratzea, baina, adibidez,
O negatiboen odola (odol-emaile unibertsalena) falta izaten dugu. Gehien behar duguna da. Paziente bati oso azkar jarri behar diogunean, O negatiboa jartzen zaio.

Nolako arriskuak dakartzate odol-transfusioek?
Oso arrisku gutxi daude, onurak arriskuak baino askoz gehiago dira. Adibidez, adineko pertsonetan zaila da batzuetan hodia jartzeko zainak topatzea. Gaixotasun infekziosoak ere kontuan hartu behar dira. Ez dira ahaztu behar, baino segurtasun hobekuntzak direla eta arriskua oso-oso baxua da.

Transfusioa egiteko denbora laburtu daiteke?
Ezin duzu azkarrago egin. Poltsa bakoitzak 450 ml ditu, eta poltsa bat isuraldatzeko 60-90 minutu inguru behar dira. Transfusioen ondorioz sukarra, erreakzio alergikoak eta gainkarga sor daitezke.

Pazienteek zer nabaritzen dute?
Tratamendu hau oso normalizatuta dago, eta oso ondo hartzen dute. Transfusioaren ondoren, aurretik baino hobeto sentitzen dira. Odol-transfusioak behar dituzten pazienteek izugarrizko nekea sentitzen dute; odola jasotzeak hobeto sentiarazten ditu ordea.

Oso momentukoa da efektua?
Bai, bai, berehalakoa da. Azken batean, nekeak ez die egunerokotasunari aurre egiten uzten, eta odola behar dutela antzematen dute.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other