agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

Adikzioen plana: gizarte osasuntsuagoa eta sentsibilizatuagoa lortzeko

Eusko Jaurlaritzak Adikzioen VIII. Plana onartu du, 2023-2027 aldian indarrean egongo dena. 70 eragile inguruk parte hartu dute prozesuan. Psikofarmakoen kontsumoak gora egin du, emakumeen eta nerabeen artean bereziki. Substantziez gain, teknologiarekiko eta apustuekiko menpekotasunak ere aztertu dituzte. Halere, udazkenean jakinaraziko dira adikzioen inguruan egin den inkestaren emaitzak, datu zehatzagoak izateko.

Adikzioena gai konplexua eta arazotsua da, zalantzarik gabe. Euskal Autonomia Erkidegoan 80ko hamarkada datorkigu burura, adikzioek utzitako arrasto sakonagatik. Haatik, ez da iraganeko amesgaizto hutsala, gizartean dirauen gaitza da. Izan ere, milioika dira gaur egun adikzioa bidelagun dutenak, eta, ondorioz, haien hurbileko sare zein harremanak usteltzen dituzte.

Eusko Jaurlaritzak berrogei urte daramatza adikzioen alorrean lanean, eta irailaren hasieran onartu berri du adikzioen arazoari aurre egiteko egindako plan berria: VIII. Adikzioen Plana. Indarrean dago, eta, orain arteko planek bezala, bost urterako ildoak zehazten ditu; hau da, 2023tik 2027ra iraungo du. Aurreko planen jarraipena da eta, helburu argia du: lurralde osasuntsuagoa eta sentsibilizatuagoa lortuz, adikzioa eragiten duten jokabideei eta substantzien kontsumoari aurre egitea. Horretarako, hogei jarduera-ildo, lehentasunezko 58 ekintza eta hamar helburu nagusi zehaztu ditu. Berritasun gisa, gainera, garrantzi handia eman die adin-tarteei plan honetan, adinaren arabera adikzioak desberdinak baitira, eta kasu bakoitzean lan egiteko modua ere aldatu egiten baita. Azken planetan bezala, genero-ikuspegia ere txertatu dute.

PLANAK HOGEI JARDUERA-ILDO, LEHENTASUNEZKO 58 EKINTZA ETA HAMAR HELBURU NAGUSI ZEHAZTU DITU

Ez da erantzun sinple eta azkarrik, oso kontu korapilatsua baita. Horregatik, eragile askok hartu dute parte planaren diseinuan, hala nola Jaurlaritzak berak, udalek eta bestelako elkarteek zein erakundeek. Era berean, ikuspuntuak ere askotarikoak dira. 70 eragilek urtebete eman dute plana ontzen, eta zenbait sailen laguntza izan dute horretarako: Osasuna, arlo soziosanitarioa, Gizarte Politikak, Gazteria, Justizia, Hezkuntza eta baita hirugarren sektorea ere. Beraz, sare-lana dago EAEn adikzioen arloan, eragile guztien elkarlanaren fruitua baita adikzioen plana. Hortaz, Osasun Sailari dagokio, Osakidetzari zehazki, adikzioren bat duten pertsonei asistentzia sanitarioa bermatzea. Izan ere, beste autonomia-erkidego batzuetan ez bezala, EAEn osasun-sistematik eratu da adikzioak dituzten pertsonentzako arreta. Egun, gaixotasun-gisa definitzen da adikzioa EAEn, eta horregatik dira artatuak bide orokorretatik, beste elkarte batzuetatik jasotzen duten laguntzaz gain. Beste leku batzuetan berriz, sare bereziak dituzte adikzioak dituzten norbanakoak artatzeko. Asistentziaz gain, Euskadin hainbat eragile jarduten dira adikzioen prebentzioaren arloan: Eusko Jaurlaritza, udalak, aldundiak eta hirugarren sektoreko elkarteak

Psikofarmakoen kontsumoak, gora
Joerak aldatuz doaz. Lehen, substantziek sortutako adikzioak bakarrik aztertzen ziren, eta batzuen kontsumoa baino ez zen jotzen adikziotzat; zehazki, legez kanpokoena. Gaur egun, ordea, substantziarik gabeko adikzioak ere identifikatzen zein aztertzen dira, hala nola Interneten gehiegizko erabilera eta joko patologikoa. Halaber, substantzia legalen kontsumoari ere erreparatzen hasi dira; besteak beste, tabakoaren, alkoholaren eta psikofarmakoen kontsumoari. Ondorioz, esan daiteke orain ikuspegi globalago eta integralago batekin aztertzen dela adikzioen gaia.

Legezko substantzien artean, alkohola eta tabakoa dira EAEn gehien kontsumitzen direnak, bai gizonezkoen kasuan, baita emakumezkoen ere. Oro har, alkoholaren kontsumoa oso handia da, Europa Mendebaldeko herrialde askotan gertatzen den bezalaxe. Adituak bereziki kezkatuta daude sozialki duen onarpenarekin, eta azaldu dute egunerokoan edonon aurki daitezkeela alkoholaren kontsumoa bultzatzeko iragarkiak, adibidez. Gainera, azpimarratu dute askotan gazteengan jartzen dela fokua alkoholaren gaiaz aritzean, baina helduek ere erantzukizun handia dutela deritzote; azken finean, haien jokabidearen isla da gazteena. Tabakoaren kontsumoa, aldiz, beheraka ari da pixkanaka. Azken urteotan hartu diren neurriek lagundu dute kontsumo hori txikitzen, baina oraindik ere sentsibilizazio kanpaina asko egin behar direla uste dute.

BIDEOJOKOAK ETA INTERNET GERO ETA GEHIAGO ERABILTZEN DIRA, ETA, ZENBAITETAN, GEHIEGIZKO ERABILERAK ATZEMATEN DIRA, NERABEEN ARTEAN BATEZ ERE

Alabaina, bada goranzko joera argia erakusten duen beste errealitate bat: psikofarmakoen kontsumoak, bereziki egin du gora, eta, emakumezkoa eta gaztea da kontsumitzaile ohikoaren profila. Askotan medikuek honelako farmakoak errezetatu behar dituzte, tratamendurako beharrezkoak direlako. Zenbaitetan ere badira errezetarik gabeko kontsumoak. Hain zuzen, kontsumo horiek eta preskripzio horiek aztertzea beharrezkotzat jotzen dute adituek. Mendebaldeko herrialde guztiak dira dosi handitzearen adibide. Ildo beretik, bideojokoak eta Internet gero eta gehiago erabiltzen dira, eta, zenbaitetan, gehiegizko erabilerak atzematen dira, nerabeen artean batez ere. Legez kanpokoak diren substantzien kasuan, berriz, kalamuaren kontsumoak gora egiten jarraitzen du, eta, gainera, oso normalizatuta dago gazteen artean. Hori dela eta, gazteei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina bati ekin dio Jaurlaritzak, kalamuaren kontsumoak dituen arriskuez ohartarazteko. Kalamuaz gainera, kokaina eta anfetamina dira gehienbat kontsumitzen diren legez kanpoko substantziak

Kontsumoa eta jokabideak
Bost urterako ondutako planaren helburu nagusia da EAE osasungarriagoa bilakatzea, eta gizartea sentsibilizatzea adikzioen inguruan, bi faktore nagusi aintzat hartuta: substantzien kontsumoa, eta adikzioen inguruko jokabidea. Planak dirauen bitartean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza arduratuko da planaren jarraipen operatiboa egiteaz, baita azken ebaluazioa garatzeaz ere. Halaber, beste erakunde eta entitate batzuekin lankidetzan arituko da jarraipena egiteko, eta behar den informazio kuantitatiboa zein kualitatiboa biltzeko.

Plana indarrean dagoen bitartean lortu nahi dituzten zenbait helburu ere zehaztu dituzte lanean: besteak beste, adikzioa eragiten duten kontsumoen eta jarreren hasiera eragoztea edo, gutxienez, atzeratzea; eragiten dituzten desberdintasunak murriztea; eta adikzioei lotutako estigmak gutxitzea. Horretarako, beste hainbat helburu “instrumental” txertatu dituzte planean, bakoitzaren araberako jarduera ildoak garatzeko asmoa dago. Helburu instrumental horien artean daude, esaterako, portaera osasungarriak sustatzen dituzten inguruneak sortzea, gizarteratzeko laguntza zerbitzuak hobetzea edo adikzioen arloko ezagutzak garatzea zein hedatzea.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other