agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

Instalazioak ebakuntza-geletan

Pazientearen zein profesionalen segurtasuna eta interbentzio kirurgikoen jarraitutasuna bermatzea dira ebakuntza-geletako instalazioen eginbehar nagusiak. Azpiegituren zuzendariordetzako ingeniariak arduratzen dira instalazio horien diseinua gainbegiratzeaz, eta behar bezala gauzatzeaz. Unai Zulueta industria-ingeniariak instalazio horien gakoak eman ditu.

Normalean instalazioak ikusezinak dira jendearentzat, gehienak ezkutuan daudelako, baina erabat beharrezkoak dira ospitaleek eta osasun-zentroek behar bezala funtziona dezaten. Halaxe azaldu du Unai Zuluetak, hitz gutxitan, zertan datzan Azpiegituren zuzendariordetzako langileen lana: eraikin berriak egiten dituzte, baita eraberritze integralak ere, ekipamendua eta instalazioak zaharberritzen baitituzte. Horretarako, zuzendariordetzan arkitektoak, ingeniari industrialak eta ingeniari biomedikoak aritzen dira, baita administrazioko langileak ere. Guztiek batera lan egiten dute proiektu horietan. Garapenaren, ongizatearen eta hobekuntzaren bidean aurrera eramaten ari diren instalazioen artean, Zuluetak honako eraberritze hauek nabarmendu ditu: «Donostiako Unibertsitate Ospitaleko klimatizazio-instalazioa eraberritzea Gipuzkoa eraikineko ebakuntza–geletan, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko erdi-tentsioko sistema elektrikoa berrantolatzea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean ekipo elektrogeno berria instalatzea, eta zenbait osasun-zentrotan ekoizpen termikoa berritzea eta argiak ordezkatzea». Donostiako Ospitalearen kasuan, orain arte klimatizagailu bakarra zegoen eraikin horretan dauden zazpi ebakuntza-geletarako. Zuluetak azaldu duenez ordea, izatez gomendagarria da ebakuntza-gela bakoitzak klimatizagailu propioa izatea; modu horretan, bat hondatuko balitz, gainerako ebakuntza-gelak arazorik gabe erabiltzeko aukera izan lukete profesionalek. Alabaina, eraikinean leku gutxi dagoenez, ezinezkoa zen zazpi instalatzea; horregatik, lau klimatizagailu instalatu dituzte, bat bi ebakuntza-gelako, eta beste bat prest dago zortzigarren ebakuntza-gela bat egiten denerako. Betiere kontuan hartu eta lehenetsi da, ebakuntza-gelek zerbitzua ematen jarraitu behar zutela instalazioa zirauen bitartean. Hori dela eta, jarduera kirurgikoak ez du etenik izan egokitzapen prozesuan zehar, hau da, medikuek normaltasunez jardun ahal izan dute.

Koadro elektrikoak eta etenik gabeko elikadura elektrikoko sistemak.

Baina zergatik da garrantzitsua klimatizazio-sistema egokia izatea ebakuntza-geletan? Zuluetak lau helburu nagusi zerrendatu ditu: ebakuntza-geletako airea ahalik eta puruena edukitzeko, gainpresioa bermatzeko, gas anestesiko eta desinfektatzaileak gutxitzeko, eta ebakuntza-gelan erabateko konforta izateko. Honela azaldu du helburu bakoitza: «Alde batetik, airea erabat iragazten du klimatizazio-sistemak. Horretarako, hiru iragazketa–maila instalatzen dira. Azkena bereziki eraginkorra da, ebakuntza-gelan bertan baitago, eta, airea ia partikularik gabe iragazten du ebakuntza-mahaira zein ebakuntzarako tresnen mahaira. Bestalde, pazientea babesteko, ezinbestekoa da ebakuntza gela kanpoko zikinkeriatik zein arazoak sor ditzakeen abarretatik isolatuta egotea. Hori lortzeko, gainpresioa sortu behar da; hau da, ebakuntza-gelatik atera daitekeen airea baino gehiago sartu behar da gelan. Hori guztia kontrol-sistema automatiko batek gainbegiratzen du, presioa erregulatuz. Gainera, ebakuntza-geletan dauden gas anestesikoen eta desinfektatzaileen ondorioz sua pizteko edota leherketarik izateko arriskua gutxitzen du sistemak, lokaleko airea berritzen baitu. Azkenik, konforta izateko baldintzak zaintzen ditu».

Ebakuntzen jarraitutasuna
Azpiegituren ikuspegitik, Zuluetarentzat ebakuntza-geletan erabat bermatu beharrekoak dira jarduera kirurgikoaren jarraitutasuna eta pazientearen segurtasuna. Jarduera kirurgikoaren jarraitutasuna lortuko bada, hornidura elektrikoa bermatu behar da ospitaleetan, eta sistema elektrikoak guztiz fidagarria izan behar du. Gaur egun, hornidura elektrikoa oso egonkorra izan arren, ekipo elektrogenoak erabiltzen dituzte larrialdietan elektrizitatea sortzeko. Dena den, ebakuntza-geletan kasua bestelakoa dela azaldu du Zuluetak: «Leku kritikoak direnez, beste sistema bat behar dute, eta, horretarako, UPS-sistema etenik gabeko elikadura deritzona erabiltzen da; gaur egun ebakuntza-geletako ia ekipamendu guztia UPS bidez elikatzen da. Barne-bateria batzuk ditu, ekipo guztiak elikatzen diren bitartean kargatu egiten direnak, eta, hornidura eteten denean, baterietako karga hori atera egiten da ekipamendu guztia elikatzeko».

KLIMATIZAZIO-SISTEMEN XEDEA DA AIREA AHALIK ETA PURUENA EDUKITZEA, GAINPRESIOA BERMATZEA, GAS ANESTESIKO ETA DESINFEKTATZAILEAK GUTXITZEA ETA KONFORTARI EUSTEA.

Fidagarritasun elektrikoari dagokionez, isolamendurako transformadore elektrikoak erabiltzen dira ebakuntza-geletan, zergatik eta sistema horiekin hornidura elektrikoa egonkorragoa delako. Ebakuntza-gela batean hutsegite elektriko bat gertatzen bada, gerta liteke hutsegite hori oso garrantzitsua ez izatea —besterik gabe, entxufe bat hondatu izana, adibidez—, baina, bat-batean hornidura elektriko guztia bertan behera geratzen bada, arazo larria sor daiteke. Hori dela eta, isolamendua zaintzeko sistemek zera egiten dute, huts elektrikoa gertatzean zirujauari abisatu, eta hutsa zehatz mehatz esan non dagoen; hala, zirujauak berak erabakitzen du operatzen jarraitu ala ez.

Unai Zulueta industria-ingeniaria.

Pazientearen segurtasuna
Pazientearen segurtasuna bermatze aldera, ebakuntza-geletan kontuan hartu beharreko hiru alderdi azpimarratu ditu Zuluetak: pazientearen segurtasun elektrikoa, sute eta leherketen arriskuaren aurkako neurriak eta arrisku mikrobiologikoak txikitzeko beharra. Aurrenekoari dagokionez, barne-ehunen erresistentzia oso txikia da, azalaren erresistentzia elektrikoarekin alderatuta. Ebakuntza-geletan izaten den arazorik ohikoena da elementu metalikoak gorputzaren barruko aldera konektatuta egon daitezkeela, eta, kasu horietan, Zuluetak azaldu du gorputzak erresistentzia txikiagoa duela. «Horregatik, normalean nabarituko ez genituzkeen korronteak oso arriskutsuak izan daitezke operazio-mahai batean dagoen pazientearentzat», nabarmendu du. Horrelako arrisku egoerarik gerta ez dadin, aurretik azaldu bezala, ekipamendu elektromedikoak elektrikoki babesten dira isolamendu-transformadorearen eta ez ohiko babes diferentzialaren bidez.

Bigarrenik, ebakuntza-geletan gas anestesikoak eta agente desinfektatzaileak erabiltzen direnez, gas horien kontzentrazioa saihestu egin behar da. Horretarako, ezinbestekoa da gela, orduko, gutxienez hamabost aldiz aireztatzea. Gainera, hezetasun erlatiboa % 45-55 artean egon, eta arrisku mikrobiologikoak gutxitu beharra dago. Airea kontrolatzeaz gain, aurretik azaldutako gainpresioaren sistemaren bidez, onddoei eta bakterioei buruzko kontrol mikrobiologikoak ere egiten dira.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other