Hamaika erizainez osatutako talde batek birgaixotzeen prebentzioari buruzko proposamena argitaratu du NIC sailkapenean, nazioartean sona handia duen argitalpen batean. Horretaz gain, ekarpenak egin dizkiete aurretik NIC-en zeuden bi interbentziori: krisietako esku-hartzeen ingurukoari eta osasunaren heziketarenari. Azaldu dutenez, ebidentzia zientifikoa praktika klinikora eramatea da haien helburu nagusia.
Zer da NIC, eta nolako garrantzia du nazioartean?
NIC-ek Nursing Interventions Classification esan nahi du; erizaintzako esku-hartzeak sailkatzeko sistema estandarizatu bat da, ebidentzia zientifikoan oinarritutako erizaintzako arretarako esparru argi eta egituratua eskaintzen duena. Interbentzioa paziente bakoitzaren premia indibidualaren arabera hautatzen da, eta horien egoeraren ebaluazio osoa, erizaintzako diagnostikoa eta zaintza-helburuak dituzte oinarri. Interbentzio bakoitzak erizaintzako profesionalen zenbait jarduera biltzen ditu, pazienteen osasuna eta ongizatea bermatzeko.
Nolatan elkartu zineten 11 erizain elkarrekin lan egiteko?
Alde batetik, konturatu ginen NIC-ek ez zuela jasotzen birgaixotzeen prebentzioari buruzko tratamendurik, eta, gure ustez, arlo hori funtsezkoa da bai erizaintzarako oro har, eta bai osasun mentalerako. Beste alde batetik, lehendik zeuden bi esku-hartzeak hobetzerik zeudela igarri genuen; izan ere, krisietako esku-hartzearen definizioa esaterako, ez zetorren bat egungo kasuekin. Alabaina, biek zituzten osasun-arloko emaitzak hobetzeko gabeziak.
«EBIDENTZIA ZIENTIFIKOAN OINARRITUTAKO ZAINKETAK EGITEAREN ALDE GAUDE»
Taldea honako hauek osatu genuen: Conchi Moreno doktorea, taldeko koordinatzailea; Ana Rodriguez, Begoña Morales, Izaskun Eraña, Sonia Herrera, Aurora Oña, Leire Fentanes, Puy Lopez, Amaia Arzubia, Mila Amundarain eta Maite del Campo; osasun mentalean adituak diren erizain-taldea gara, eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIan eta Osasun Eskolan lan egiten dugu. Asistentzian ibilbide luzea dugu, baita kudeaketan, irakaskuntzan eta ikerketan ere, eta nabarmentzekoa da taldeko bi kide Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko parte direla.
Birgaixotzeen prebentzioari buruzko esku-hartzea gehitu duzue NIC-en. Nolako prebentzio mota da?
Erizainek berek nabaritzen zuten prebentzio hori lantzeko beharra. Betidaniko funtsezko interbentzioa da erizaintzan, baina ez zen agertzen NIC sailkapenaren taxonomian. Adikzioa eta horrelako jokamoldeak nahasmendu kronikoak eta errepikakorrak dira, eta luzera begirako tratamendu farmakologikoen zein psikosozialen konbinazioa da horiei aurre egiteko funtsezko ikuspegia. Gaixotasunek ondorio larriak dituzte pertsonarengan, familia-, lan- eta gizarte-ingurunean, eta birgaixotzeen prebentzioak pazientearen osasuna hobetzen laguntzen du.
Nolakoa izan da prozesua? Nola antolatu zarete?
Prozesua bizia izan da, motibatzailea eta hezitzailea. Komenigarritzat jo genuen hiru azpitalde sortzea, arreta esku-hartze bakoitzean hobeto zentratzeko, nahiz eta guztiok parte hartu genuen lantzen ari zen horretan eta azken erabakietan. Aurrez aurreko bilerak egin genituen, birtualak, prozesu osoan koordinazio eta komunikazio arina eta etengabea izanez. Bilaketa bibliografikoa egin dugu honako datu- eta baliabide-base hauetan: EMBASE, PubMed, PsycINFO, CINAHL, The Cochrane Library, Google Scholar, The National Institute for Health and Care Excellence eta RNAOren jardunbide egokien Gida. Bibliografia berrikusi ondoren, hiru proposamenak adostu genituen: etiketa, definizioa eta erizaintzako jarduerak NIC-en printzipioen arabera egituratu.
«ESKU-HARTZE HORIEK PRAKTIKA KLINIKOAN BALIOZKOTUTAKO TAXONOMIA ISLATZEN DUTE, ZAINKETEN KALITATEA ETA JARRAIKORTASUNA BERMATUZ»
Beste bi esku-hartze eguneratu dituzue: krisietako esku-hartzeen ingurukoa eta osasunerako hezkuntzari buruzkoa. Kasu horietan, nolako aldaketak proposatu dituzue? Zergatik?
Krisien eta krisietako esku-hartzeen ikuspegi tradizionalak azpimarratzen du pertsonak egonkortasunera itzuli behar direla, aldaketa erraztu beharrean. Mehatxuak nabarmentzen ditu aukerak beharrean, eta defizitak indarguneen ordez. Aurreko NIC-aren definizioaren arabera, krisietako esku-hartzearen helburu orokorra krisi horren aurreko funtzionamendu-maila berreskuratzea zen. Hala ere, norbanakoa krisitik atera daiteke funtzionamendu-maila baxuagoarekin edo altuagoarekin. Honako definizio hau proposatu eta onartu genuen: «Epe laburreko metodoak erabiltzea, pazienteak baliabide pertsonalak, sozialak eta ingurumen-arlokoak mobilizatzeko, krisiari aurre egiteko eta suspertzearen aldeko bideari berriro ekiteko». Gure ustez, definizioak errealista izan behar du, eta gaur egungo eredu teorikoen alderdiak jaso. Horrez gain, ahalduntzea, erresilientzia eta errekuperazioa ardatz izan behar ditu, krisiaren ondoren egoera okerragoa izan arren.
Osasunaren heziketari buruzko esku-hartzeari dagokionez, psikohezkuntzarekin lotutako jarduera espezifikoagoak gehitu ditugu, ezagutzak, trebetasunak eta prestakuntza modu egituratuan emateko, osasun mentala sustatzeko eta norbanakoen, familien, taldeen edo komunitateen gaixotasun mentalak prebenitzeko eta maneiatzeko.
Zailtasunak izan dituzue?
Oso denbora gutxian egin behar izan dugu; izan ere, Iowako Unibertsitateko Nursing Classification and Clinical Effectiveness zentroarekin harremanetan jartzean, jakinarazi ziguten NIC sailkapenaren 8. aldian lanean ari zirela, eta aukera paregabea zen hiru proposamenak sartzeko.
Oro har, nolako onurak dakarzkie ekarpen horiek biztanleei eta profesionalei?
Bi aldeei ekarriko dizkie onurak. Erizaintzako esku-hartzeek hobetu egiten dituzte zainketak; izan ere, ebidentzia zientifikoan oinarrituta daude, praktika klinikoan baliozkotutako taxonomia islatzen dute, Erizaintzako arreta-prozesu osoa erizaintzaren arloko terminologiaren bidez islatzen laguntzen duen erregistroa ahalbidetzen dute, eta horrek zainketen kalitatea eta jarraikortasuna bermatzen ditu.
Zein da zuen hurrengo helburua, eta zer-nolako balorazioa ateratzen duzue prozesu honetatik?
Gure ibilbide profesionalean proiektuak partekatzeko zortea izan dugu. Espainiako bertsioa argitaratzen denean, berrikuntza horiek OsaNAIA Erizaintzako zainketak kudeatzeko tresnetan sartzea proposatuko diogu erakundeari, hiru asistentzia-eremuetako Erizaintzak (Lehen Mailako Arreta, Arreta Espezializatua eta Osasun Mentalekoak) praktika klinikora eraman ditzan. Horrez gain, ohartu gara taldean lan egitearen, ebidentzia zientifikoaren eta gure jardunean sinestearen garrantziaz. Ondorioz, pixkanaka inpaktu soziala sortzea dugu helburu, horrek biztanleriaren osasuna hobetuko duelakoan.