agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

Gure gorputza

Agurtzane Ormatza Imatz • SEXOLOGIA

Sentipenak eman eta hartzeko baliabiderik handiena da gure gorputza, baina askotan ez diogu behar besteko arreta eta denbora eskaintzen gorputza entzuteari eta lantzeari.

Sexologoek eta bestelako profesionalek edo gizarte-eragileek asko lagundu dugu nahitaez, bidaia honetan. Zenbat aldiz izan ote da gorputza gure idatzien ardatza. Zenbatetan entzun eta irakurri izan dugu genitalak ez direla garrantzitsuena plazeraren bidaian, zenbatetan esan diogu gure seme-alabei, gazteei, gizonei, emakumeei, ikasleei joko erotikoan sarketa baino beste zer edo zer gehiago badagoela. Ziur asko denak aspertu arte. Eta esan, esan behar dugu, nola ez! Baina teorietatik at, zenbateraino ohartzen gara eguneroko bizimoduan gorputzaren garrantziaz? Denok ere gorputza gutxi lantzen dugu. Ez diot higienearen eta osasunaren aldetik, baizik eta laztanen aldetik, hau da, berbekin eta eskuekin egiten ditugun laztanak. Ez ahaztu gorputz horretan bizi dena geu garela, hau da, geu garela gorputza!

Eskoletan adibidez, gorputza ez da ia ukitzen soinketako ariketen bidez ez bada. Eta hainbat zentrotan eta tailerretan sexualitateari buruzko ikastaro gehienak berba bidaide dela egiten dira. Azkenean, gainera, saio laburrak izaten direnez eta helburu batzuk finkatuta daudenez, askotan saioak hanka tartekoak dakartzan gorabeherak ekiditeko eratara murgiltzen dira. Bizitzak eta gizarte honek ekartzen dizkigun paradoxak. Eta hor badaude gazteak, andreak, gizonak eta beste erne, adi, ea zer egingo dugun. Gorputza hortxe dago urduri, tente, lotsatuta, barrurantz begira, jakin-minaz, grinaz… Askatzeko prest.

Teoria bat dakartzuet gogora, aspaldikoa eta gehienontzat oso argi dagoena, gorputza gurera ekartzeko berriro ere.

Andreon eta gizonon gorputzak sentikorrak diren hamaika errezeptore dauzka. Errezeptore horiek kanpotik eta barrutik datorren informazioa batu eta burmuinera bidaltzen dute. Sentipena da organismoak informazioa hartzeko eta testuingurura moldatzeko duen lehenengo modua. Beraz, errezeptore horiek ezinbestekoak dira estimulazioa sentitzeko eta estimulazioaren ondorioz sentsazioa sortzeko. Jokaera oro, sinpleenetik garatuenera, sentipen batekin hasten da. Hortaz, estimulazioa abian jartzen denean, adibidez musu bat, sentipen bihurtuko da gorputz atal batean —errezeptorez josia, ez ahaztu—, adibidez izterrean. Sentipen subjektibo bihurtu, hain zuzen.

SUBJEKTIBOA
Gertakari subjektiboa da sentitzen duguna, ezaugarri fisikoak ez daudelako estimuluetan, andreon eta gizonon biografietan baizik. Hau da, musua gizon edo emakume batek emango du bere biografiarekin, eta jasoko duena beste andre edo gizona izango da, bere biografiarekin hark ere.

Partekatze hori, musua gustatu ala ez, egonezinarekin biziko dute edo gustu handiarekin, urduritasunarekin edo lasaitasunarekin… Azkenean euren biografien arabera komunikatuko dira, ez musuaren nolakotasun fisikoen arabera.

Beraz, nahitaez, gure gorputza izandako esperientzien grabatzailea da, eta aldi berean bizitzaren erakusle. Hortaz, gai gara gure gorputza berreraikitzeko, hezteko, aberasteko, lantzeko… eta gure gorputza da baliabiderik handiena, indartsuena, trebeena. Gorputz horretan gauzatzen naizelako nahitaez.

Badakit erraza dela esatea, are gehiago idatzi batean. Baina etxean hasita, eskoletan jarraituz eta gure bizitzan murgilduz zergatik ez gorputza gehiago entzun eta landu?

Sarketa bada ekidin nahi duguna, haurdunaldiak eta infekzioak transmititzeko modurik egokiena delako, ez dugulako nahi gustukoena ez delako zertan izan… Kondoiez gain, zergatik ez dugu azaltzen zein atsegingarriak diren bestelako gorputzaren ibilbideak? Gorputz biluzien laztana…

Gure umeak gorputzean kitzikapena sentitzen duenean, zergatik ez dugu izendatzen gertatzen zaiona gure berbekin: kili-kili gustagarria, ezta?

Tentsioak askatzeko eta neska-mutilek elkarrekin egoteko beldurra kentzeko, zergatik ez dugu txikitatik ikasten masajeak elkarri ematen?

Autoestimua garatzeko, gorputzarekin ondo sentitzea ezinbestekoa da… Eta plazera, gure gorputzak berez daukana, gu ondo sentiarazteko modua da. Zergatik ez ditugu gure bideak zabaltzen horretan murgiltzeko?

Ai gorputza… Zergatik ez ditugu berbak gorpuzten?

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other