agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Teknologia berriekin lan gehiago egin dezakegu denbora berean»
Beñat Labeguerie Arenaza

Donostialdea ESIko pneumologoa
Medikuntzako pneumologia-espezialitatea duela lauzpabost urte amaitu ondoan, Beñat Labegueriek (1984, Donostia) argi zuen loaren alorrean espezializatu nahi zuela. 2017ko martxotik, Donostialdea ESIan egiten du lan. Duela gutxi, Bidasoa ESIaren Berrikuntza eta Ikerkuntzari buruzko II. Jardunaldian Praktika on bat teleloan izeneko hitzaldia eman zuen, praktikan jarritako esperimentu baten emaitzak aurkezteko.

Praktika on bat teleloan izenburuak zeri egiten dio erreferentzia?
Teknologia berriek abantaila asko ekarri dizkigute medikuntza-alorrean, baina, horiek integratuko baditugu, ikerketak egin behar dira, ikusteko zein diren teknologia erabilgarriak. Eta, hain justu, hori egin genuen Bidasoan: gure eguneroko lana arintzeko prozesu bat jarri genuen abian, eta emaitzak aurkeztea izan zen hitzaldia.

Zer jarri zenuten abian?
Pneumologook urtean behin ikusten ditugu apneak dituzten pazienteak, baina, apurka-apurka pazienteen kopurua handitzen doanez, gero eta konplikatuagoa izaten ari da pazientea modu eraginkorrean artatzea; izan ere, 22 pneumologo gaude Gipuzkoan, orotara, eta apneak dituzten hamar bat mila paziente ditugu. Pazienteari urtero uzten diogu apneak kentzeko makina automatikoa, haren apneak zenbatekoak diren ikusteko, eta horren arabera doitzen diogu berak etxean duen CPAP makina. Pare bat gau edukitzen du makina automatikoa, eta, ondoren, ekarri egiten digu. SD txartel bat dute makina horiek, eta bertako informazioa deskargatu eta interpretatu behar izaten dugu. Horrek, azkenean, denbora asko eskatzen digu. Hala, Bidasoan esperimentu bat egin genuen 800 pazienterekin, zeinean pazientearen makinak berak bidaltzen baitzigun informazioa haren etxetik Internet bidez, eta gu lanera heltzerako paziente guztien informazioa geneukan pantailan. Horrek ahalbidetzen zigun denbora laburragoan paziente-kopuru handiagoa ikuskatzea. Hitzaldian esperimentu horretako emaitzak aurkeztu genituen.

Eta zer ondorio atera zenituzten?
Denbora berean lana nabarmen aurreratzea posible dela, bereziki. Egiten genuena baino lauzpabost aldiz gehiago egin dezakegu orain modu horretara, eta eraginkorragoak izaten laguntzen digu. Hori ikusita, Donostian aplikatzea pentsatu genuen, eta abian da dagoeneko. Profesional-kopuru berarekin etekin gehiago ateratzen dugu. Donostian, baina, beste era batekoa da funtzionamendua: CPAP izeneko makina pazienteari jarri aurretik, makina adimenduna jartzen zaio gure ordenadoreetara konektatuta, hilabete batez. Lehenengo 30 egunetan, egunero-egunero, pazientearen apneari buruzko informaziora sartzen gara, eta, edozein arazo badu, aldaketa Internet bidez egiten dugu klik bakarrean; adibidez, presioa aldatzen diogu. Arnasgailua ondo jartzen ote duen ere ikus dezakegu informazioan. Helburua da 30. egunean pazientea erabat ondo egotea makina arruntarekin datozen hilabeteetarako. Baldintza batekin uzten zaio, ordea, makina pazienteari, eta da gutxienez lau ordu baino gehiagoz eduki behar duela makina martxan. Informazio hori makinaren kontagailuak erregistratzen du. Sei hilabetean behin, arnas terapeuta batek bisitatzen du pazientea, nola dagoen ikusteko. Pazienteak ez badu baldintza betetzen, kendu egiten zaio makina.

Apneak dituzten pertsonen kopurua handitzen doala diozu.
Bai, etengabe, eta gazteak kontsultan ikustea gero eta ohikoagoa izaten ari da. Loaren unitatea ez zen existitzen Osakidetzan duela hamabost bat urte, eta sortu egin zuten, 500 pertsonak apneak zituztenez makina behar zutelako. Jendea ere sentsibilizatzen joan da. Argi dago jada ez gaudela prest zurrunga egiten duen norbait ondoan edukitzeko, eta loari buruzko ezagupenak zabaltzen joan dira: apneak edukitzeak bihotzekoak eman ditzakeela, iktus bat izateko probabilitatea handiagoa dela, eta abar. Eta, hala, jendea galdetzen hasten da, eta ahoz aho zabaltzen. Gipuzkoan 10.000 pertsona daude makina dutenak. Eta askoz gehiagok eduki beharko lukete. Arazoa da, ordea, mediku gutxi gaudela horri aurre egiteko; makina jartzea erraza da, baina gero kontrolatu egin behar da egoera.

Soluzioa, hortaz, teknologia berrietan dagoela uste al duzu?
Argi dago loaren unitateko paziente-kopurua handitzen doala etengabe. Edo hemendik urte batzuetara 22 pneumologo beharrean 44 pneumologo gara, edo beste modu bat egon beharko du pazientea kontrolatzeko, urtean behin aurrez aurreko kontsulta izatera itxaron gabe. Arazo bat dago, eta da mediku nahikorik ez dagoela espezialitate honetan.

Esan duzu duela hamabost bat urte sortu zutela loaren unitatea.
Hori da. Ospitalearen arabera, espezialitate batek edo beste batek eramaten du loaren kontua. EAEn, pneumologoek; Nafarroan, neurofisiologoek; eta beste batzuetan, neurologoek. Loaren unitateko lana, niretzat, esker onekoa da; izan ere, apneak kentzean, hobekuntza segituan nabaritzen da, eta pazienteek asko eskertzen digute, bizitza aldatzen baitzaie.

Nola detektatzen dira apneak?
Apneak edukitzeko, lehenik eta behin pertsonak zurrunga egin behar du. Arnasa hartzeari uzten badio denbora labur batez, apneak ditu. Iratzarri egiten du pazientea, eta egunez nekatuta sentitzen da. Gizonetan gertatzea ohikoagoa den arren, emakumeak menopausiara heltzen den unetik pisu gehiago hartzen du, eta apnea eta zurrungen kopurua berdindu egiten da gizonen eta emakumeen artean. Apnea-kopurua pertsonaren pisuaren araberakoa da, gehienetan. Eta makina kiloetara doitzen da. Nola jokatu behar da apnea dugunean? Ez da ezer egin behar. Sentsazio estugarria da, baina hortik ateratzeko giltza norberak du. Lehenik eta behin, pertsonak lasaitu egin behar du, eta, apnea kentzeko, pisua galtzea edo albo batera lo egitea gomendatzen da.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other