agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Emakume kirolarien artean segurtasun-falta nabari da, rol eta estereotipoek kalte handia egin baitigute»
Iraia Garcia Etxebarria

Galdakaoko anbulatorioko administrari laguntzailea
Hainbat kiroletan aritu ostean, 11 urterekin atletismoan aritzeko hautua egin zuen Iraia Garciak (Galdakao, 1982). Korrikalaria izateaz gain, kirola emakumeen artean sustatzeko ekimenetan parte hartzen du. Horren adibide dira Bizkaiko zenbait herritan ariketa fisikoa egiteko sortu dituen emakumezkoen taldeak, sekulako arrakasta izan dutenak.

2015ean kirol-talde bat sortu zenuen Zornotzan. Zertan datza?
Emakume asko lotsatu egiten dira ariketa fisikoa egitera berak bakarrik joatean, eta horri aurre egiteko modu ona iruditu zitzaidan emakumeak kirola egiteko batzea. Hala, bakoitza bere aldetik aritu beharrean, denok batera kirola egiteko aukera ematen zaie emakumeei. Lehenengo taldea neure herrian sortu nuen, Zornotzan. Neure kabuz egin nuen dena, inolako laguntzarik gabe, eta sekulako arrakasta izan zuen. Ez nuen halakorik espero.

Zer egiten duzue saio horietan?
Guztira ordubete inguruko saioak izaten dira. 40 minutuz ariketa fisikoa egiten aritzen gara, eta, amaitzeko, luzaketak egiten ditugu. Elkartzen garenen artean, ibiltzeko taldea eta korrika egitekoa daude. Batzuetan, indarra lantzen dugu; beste batzuetan malgutasuna edo erresistentzia… Oso garrantzitsua da gorputzari entzun eta une bakoitzean komenigarria dena egitea.

Zein da horren helburua?
Helburuetako bat kirola sustatzea da. Argi dago oso osasuntsua dela ariketa fisikoa egitea, eta hori bultzatu nahi nuen. Kirola eginda, hainbat gaixotasun saihesten ditugu. Bihotza, esaterako, muskulu bat da, eta horrelako ekintzekin landu egiten dugu. Bestalde, osasun mentalarekin lotutako arazoak gero eta ohikoagoak dira, eta ariketa horiekin saihestu egin ditzakegu.

Ba al du beste onurarik?
Gorputz eta buruko terapia bat da. Harreman berriak izateko aukera ematen digu, jende asko ezagutzen baita. Arazoak atzean uzteko beta ere izaten da. Izan ere, kirola egiten ari garen bitartean, ahaztu egiten ditugu kezkatzen gaituzten kontuak, eta, etxera itzulitakoan, beste modu batera ikusten ditugu arazoak. Taldeko batzuek esan izan didate bere arazoak kirolari esker konpondu dituztela. Beste batzuek bere burua maitatzen ikasi dutela kontatu didate, eta hori sekulakoa da.

«NIRE TALDEAN DAGOEN JENDEAK ESAN IZAN DIT BERE ARAZOAK KIROLARI ESKER KONPONDU DITUELA»

Zergatik dira beharrezkoak horrelako egitasmoak?
Ni emakumea naiz, eta badakit zer-nolako tabuak, beldurrak eta lotsak izaten ditugun. Horrek ez du eragin fisikoa bakarrik, psikologikoa ere badu. Askotan geure burua gutxiesten dugu eta pertsona izan beharrean inurri bihurtzen gara. Nire ustez, beharrezkoa da udalerri bakoitzean horrelako talde bat egotea, emaitzak sekulakoak baitira.

Zenbat udalerritan dago martxan proiektu hau?
Une honetan, Zornotzan, Igorren, Iurretan, Lemoan eta Galdakaon ari gara lanean. Guztira, 70-100 bat lagun gara ariketa fisikoa taldean egitea hautatu dugunak. Beste herri batzuetatik ere deitu didate, baina ez daukat denborarik leku gehiagotan aritzeko. Hala ere, gainerako udalerriak horrelako taldeak egitera animatzen ditut.

Zer-nolako zailtasunak izaten dituzte emakumeek kirolean?
Askotan geuk jartzen dizkiogu mugak geure buruari; geu izaten gara geure etsaiak. Emakumeak oro har oso arduratsuak gara, eta ikasketen arloan eginahalak eta bi egin behar ditugula uste dugu. Hori dela eta, unibertsitatean hastean, emakume askok kirola uzten dute. Hala ere, kontuan izan behar dugu garrantzitsuena ondo antolatzea dela. Ondo antolatuz gero, posible da ikasketak aurrera atera, eta kirola egiten jarraitzea. Kontu horren ondorioz, emakume gutxi dago kirolean, eta zaila izaten da taldeak sortzea. Atletismoan hori ez da hain garrantzitsua. Izan ere, talde-lana dagoen arren, indibidualki ere entrenatzeko aukera dago.

Mugak aipatu dituzu… Zein dira, zehazki, emakumeek beren buruari jartzen dizkioten mugak?
Tabu asko ditugu, eta are gehiago nerabezaroan. Askotan, saiatu gabe ere zera esaten dugu: «Nik hori ezin dut egin». Saiatu egin behar dugu, ahaleginik egin gabe ez baititugu inoiz gure helburuak lortuko. Lotsak ere asko mugatzen gaitu. Nire taldean, esaterako, emakume berriak sartzen direnean, nahiago izaten dute ariketak binaka egin. Segurtasun-falta nabari da, rol eta estereotipoek kalte handia egin baitigute. Geure helburuak lortu ahal ditugula sinestu behar dugu.

Desberdintasun handia al dago emakume eta gizonen artean maila gorenean?
Esango nuke atletismoa dela oreka gehien dagoen kiroletako bat. Futbolean edo txirrindularitzan, aldiz, ez da hala. Emakumeen Bira pasatu da Iurretatik, eta ez da inon azaldu. Espainiako Vuelta, aldiz, jende askok ikusiko du. Telebista piztu besterik ez dago garrantzia zeri ematen zaion ikusteko. Erakunde edo hedabideetan, ez dakit non dagoen makurra, baina ikusgarritasuna eman behar zaio emakumeen kirolari.

Zein dira erronkak emakume, osasun eta kirol arloan?
Txikitatik sustatu behar da kirola. Gero eta kirol gutxiago egiten dugu, eta egiten duguna A, B edo C izaten da: futbola, saskibaloia edo esku-pilota. Horietan ona ez bazara, zaila dago kontua. Agian udalerri handiagoetan aukera gehiago izango dituzte, baina, oro har, horrela izaten da. Haur askok behartuta egiten dute kirola, eta, hala bada, ahal dutenean deskonektatu, eta utzi egingo dute ariketa fisikoa.

Adin batetik aurrera, jendea kirola egitera itzultzen al da?
Joan-etorri asko izaten dira, eta 40 bat urterekin jendea kirolera itzultzen dela esango nuke. Hainbat arrazoirengatik izaten da: kasu batzuetan, umeen eredu izan nahi dutelako eta, beste batzuetan, inguruan ezustekoren bat izandakoan kirola egitearen garrantziaz konturatu, eta itzuli egiten dira.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other