agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Euskaraz egin nahi duenari ez zaio zama guztia gainean jarri behar»
Pablo Suberbiola

Ikertzaile-teknikaria Soziolinguistika Klusterrean
Euskararen erabilera lan-munduan nolakoa den eta osasun-alorrean nola aktiba daitekeen aztertu du Pablo Suberbiolak (Lasarte, 1973) —ikertzailea eta teknikaria bera Soziolinguistika Klusterrean— azken EHUko Uda Ikastaroetan, Osasuna eta hizkuntza: erronka eta aukerak saioaren barruan.

Nola aktiba daiteke euskararen erabilera lan-munduan?
Klusterrean hainbat metodologia sortzen ari gara, euskararen ezagutza eta borondatea dagoenean aplika daitezkeenak. Hizkuntza-ohituren aldaketaren inguruko ikerketak eta aplikazio praktikoak proposatzen ditugu, eta zenbait tresna sortu ditugu euskararen erabilera errazago areagotzeko; horien artean garatuena Eusle metodologia da.

Zertan datza Eusle metodologia?
Lantalde natural bateko hizkuntza-ohiturak aldatzea du helburu Euslek. Horretarako, taldeak bere buruari erronka bat jartzen dio. Euslearen figurak beti egingo dio euskaraz besteari, nahiz eta besteak gaztelaniaz erantzun. Taldekideen arteko erabaki edo konpromiso sendo bat egon behar du, eta metodologia hori aplikagarria da, soilik, lankide guztiek euskara ulertzen badute, alegia, euren egunerokoarekin zerikusia duen oinarrizko elkarrizketa bat. Zortzi astez, hau da, bi hilabetez egingo diote elkarri euskaraz, eta, esperientzia amaitzen denean, hiru hilabeteko atseden-tartea emango zaio lantaldeari, eraldaketarik egon den ala ez ikusteko. Gero, zer gertatzen den aztertzen dugu.

Eta zer gertatu ohi da?
2013tik hona Eusle metodologiaren hamahiru esperientziaren emaitzak bildu ditugu, eta lankide horien arteko euskararen erabilerak gora egin du nabarmen. Ondorio nagusia da aldaketetako batzuk finkatu egiten direla, eta beste batzuk, ez. Bi hilabeteko esperientzietan, 15,3 puntu egin du gora erabilerak, eta ondoren hiru hilabeteko atseden-tartean, 4,7 puntu behera. Hori kontuan izanik, bost hilabetean, 10,6 puntu egiten du gora euskarazko erabilerak aztertutako lantaldeetan.

Ohiturak aldatzea, hortaz, posible da.
Noski. Azken finean, aitzakia bat da eraldaketa sortzeko, betiere zentzuzko testuinguru batean. Aurreiritzi bat da hizkuntza-ohiturak aldatu ezin diren hori. Ohitura da funtzionatzen duen zerbait. Urteekin finkatu egiten dela ematen du, eta ez duela atzera-bueltarik; baina bai, ohiturak alda daitezke, eta datuek hala erakusten dute. Baldintza egokiak sortu behar dira horretarako. Erakunde eta egitasmo askotan erabileraren kontua asko aipatzen da, baina uste dugu ez dela hortik jo behar, ez delako efekturik lortzen. Gure iritziz, xedea erabilera areagotzea bada, neurri konkretuak hartu behar dira hura lortzeko, eta ikusi ea neurri horiek egingarriak diren edo ez; bestela, oso azalean gelditzen da. Urratsak egin nahi baditugu hizkuntza-ohiturak aldatzeko, uste dugu egoera berri bat sortu behar dela, nolabait zentzua emango diona guk planteatzen dugunari. Behar dugu testuinguru bat, giro bat, erabaki bat… Ez badu, ez zilegitasunik, ez zentzurik, ez du eraginik izango. Eta hor jarri behar da, hain justu, fokua.

Nolakoa da Osakidetzako euskararen erabilera?
Oraindik ez dugu daturik. Osakidetzarekin bi metodologia lantzen hasi gara; Eusle, batetik, eta Ulerrizketa, bestetik. Alegiako Osasun Zentroa izan zen denetan lehena Eusle metodologia aplikatzen, euskarazko teknikaria den Alazne Iturriotzek hartu zuelako iniziatiba behin Aldahitz metodologia ezagututa. Diodan moduan, ordea, ez dugu daturik oraindik.

«URRATSAK EGIN NAHI BADITUGU HIZKUNTZA-OHITURAK ALDATZEKO, USTE DUGU EGOERA BERRI BAT SORTU BEHAR DELA, NOLABAIT ZENTZUA EMANGO DIONA GUK PLANTEATZEN DUGUNARI»

Eta zertan datza Ulerrizketa metodologia?
Metodologia pilotua da, eta lan-sail bat hartzen du kontuan, non langile batzuek euskaraz egiten duten eta horietako zenbaitek tarteko ulermena duten, hau da, euskaraz ulertzen dute baldin mantso eta egitura sinpleekin egiten bazaie modu berezian, eta horiek aukera edo baimena izango dute gaztelaniaz egiteko. Metodologia horrek, ordea, une oro ulertzen digutela ziurtatzea eskatzen du; bestela, beste modu batera esango zaie esan beharrekoa, baina euskaraz. Hizkera egokituak entrenamendua eskatzen du bi rolen partetik, eta, jakina, jarrera aktiboa izatea. Adostasun bat da, azkenean. Besteak ulertzeko moduko euskara egitea eskatzen du. Enpatia-ariketa bat da.

Beharrezkoa da, hortaz, funtzionatuko duen testuingurua sortzea. Bestela, ez du eraginik izango.
Bai; aldiro input ulergarria emango balitzaio tarteko ulermena duenari, hobekuntza handia lortuko litzateke euskararen erabileran. Euskaraz tarteko ulermena duten lankideei normalean erdaraz egiten zaie, inork ez die euskaraz egiten, ez zaie euskarazko inputik ematen. Ez bada testuinguru egoki bat sortzen, nola hobetuko dute horrela? Halakoetarako da metodologia hori. Gure helburua da metodologien ezagutzak partekatzea. Iruditzen zaigunean metodologia bat jada finkatuta dagoela, sarean jartzen dugu edonork har eta aplika dezan bere lantaldean.

Aipatutako bi metodologiek, funtsean, Euskaraldiaren figura berberak dituzte, Ahobizi eta Belarriprest. Helburua ere bera da, hizkuntza-ohiturak aldatzea.
Bai; guk, ordea, lantokietako talde txikietarako diseinatzen ditugu metodologiak testuinguru egoki eta egiazko batetik abiatuta. Ahobizi eta belarriprest figurek ere oinarri bera dute: egoera bat sortuko da, zeinak zentzua duen eta euskaldun bezala jokatzeko baimena emango digun. Hori, ordea, espazio irekian egingo da, eta ez itxian. Eta interesgarria izango da sortuko dituen eztabaidak ikustea. Euskaraldiaren eragina ez dakit nolakoa izango den, baina emango du gogoetarako bide. Lehen aldiz sozialki mahai gainean jarriko du euskara gehiago egitea ez dela soilik euskaraz egin nahi dutenen kontua, baizik baita ere ulertzen dutenena, eta haiei euskaraz egitea ongi hartzen dutenena. Harreman bat da, bi aldekoa. Ez da alde baten kontua soilik, askotan sinestarazi nahi izan zaigun moduan. Euskaraz egin nahi duenari ez zaio zama guztia gainean jarri behar. Jende asko dago prest euskaraz egiteko, baina zer preziotan? Baldintzen arabera, noski. Zama bik hartu behar dute, eta ez batek. Horrek hizkuntza-askatasuna ere jarriko du gogoetaren erdian, askatasuna hasten baita bi hizkuntza ulertzetik. Eztabaida interesgarria irekiko du, eta norbere postura defendatzea eskatuko du. Gizartean debate hori zabaltzen bada, justuagoa izango da.

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other