«Osakidetzan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibideak» online ikastaroa da, Osakidetzako etengabeko prestakuntza planean eskaintzen dena eta erakundeko edozein langilek Jakinsarea plataformaren bidez egin dezakeena. Bost bat orduko iraupena du, eta euskaraz zein gaztelaniaz egin daiteke, hilabeteko epean, plataforma birtualera edozein ordenagailutatik konektatuta.
Osakidetzako zerbitzu guztietan aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak azaltzen dira ikastaroan: nola agurtu pazienteak; nola erabili hizkuntza ofizialak telefonoz, megafonian, dokumentazioan, errotulazioan, harreman telematikoetan; nola bermatu paziente euskaldunak euskaraz artatzea; nola identifikatu enplegatu eta zerbitzu elebidunak; nola izan asertiboa hizkuntza kontuetan; nola prestatu euskaratu behar den testu bat…
Guztira, zazpi atalek osatzen dute ikastaroa. Atal bakoitzean bideo labur batzuk ikusi behar dira (ikasgaiak, ikasgaien gaineko adibideak eta esketxak) eta, ondoren, edukiei buruzko autoebaluazio test laburra egin behar da. Zazpi atalak bukatuta, ebaluazio testa egin behar da, 20 galderakoa, eta %70 zuzen erantzun behar dira ikastaroa gainditzeko.
Ikastaroa agintaritza eta ardura lanpostuetako profesionalentzat diseinatu bazen ere (funtsezko rola jokatzen baitute euskararen erabilerari buruzko jarraibideak euren zerbitzuetan transmititu eta aplikatzeko), 2018an Osakidetzako langile guztientzat zabaldu zen. 18 edizio egin ziren iaz, 9 euskaraz eta 9 gaztelaniaz, eta 4834 pertsonak hartu zuten parte. Kopuru horri 2017ko 117 parte-hartzaileak gehitzen bazaizkio, dagoeneko ia 5000 enplegatuk egin dute ikastaroa. 2019rako 4 edizio aurreikusi dira, 2 euskaraz eta 2 gaztelaniaz, eta edizio bakoitzean 1670 pertsonak eman ahalko dute izena.