agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

OEEren 29. biltzarra: osasun sistema eraginkorrago bilakatu nahian

OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak 29. biltzarra burutu zuen, martxoaren 22an eta 23an, Gasteizeko Europa jauregian, Osasungintza berria? Bere jardunetik ikasten duen osasun-sistema izenburuaz. Osasun sistema nola bilakatu eraginkorrago izan zen biltzarreko gogoetagai nagusia. Hamaika hitzaldi eta mahai-ingurutan, azalpen eta proposamen interesgarriak entzun ziren, euskaraz, arloko jakintsuenen eskutik.

Osasun informazioaren “ahalmena”

Ostiralean, martxoak 22, osasun datuen garrantzia aztertu zen biltzarraren lehenengo zatian.

Lehenbiziko hitzaldia Maider Mateos Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko kideak eman zuen. Datuak ustiatzeko teknika berrien eta informazio sistema egokiagoen beharra aldarrikatu zuen. Mateosen esanetan, profesionalentzat datuak baliagarriak dira lan moldea hobetzeko eta, pazienteei begira, arreta eta komunikazioa erraztu eta ekintzak hobeto zehazteko. Horrez gain, ikertzaileentzat datuak “ezinbestekoak” dira, bere ustez. Datu horiek hainbat iturritakoak izan daitezke; osasungintzaren inguruan biztanleriaren pertzepzioa neurtzeko Eustatek egindako inkesta baten berri eman zuen adibide gisa. Osakidetzako historia klinikoa ere aipatu zuen, eta, haren iritziz, bertako datuak ez dira errazak ustiatzen.

Felipe Aizpuruk, Osakidetzako Jarduera Asistentzialeko Analisi Aurreratuen zerbitzuko arduradunak, The learning healthcare system (osasun sistema ikaslea) aurkeztu zuen. Esan zuenez, sistema horretan oinarrizkoa da digitalizazioa. Hainbat iturritako datu kopuru ikaragarria kudeatzen da, eta, hutsegiteak eta datu bikoiztuak daudenez, garbiketak eta iragazpenak egin behar dira nahitaez. Teknika batzuetan aurrerapenak izan diren arren, oraindik lan asko dago egiteko, eta aditu talde baten beharrizana sumatzen dela dio. Datu erabilgarri horien bisualizazio ereduak lantzen hasi dira, datuak “ezagutza” bihurtzeko. Gaur egun, Nafarroako, Aragoiko eta Valentziako osasun sailekin batera dihardute sistema hobetu guran.

Eduardo Millan, Felipe Aizpururen unitateko kidea, osasun datuak digitalizatu ostean teknologia berrien bidez analizatzeko aukeraz mintzatu zen. Ebidentzia berriak sortzeko balia daiteke aukera hori. Datuok erabiltzeko metodo estandarrik ez dagoela gogorarazi zuen, baita adituen beharra berriz aldarrikatu ere.

Ines Garmendiak, BIOEFeko kideak, datuak biltzetik datu basera iritsi artean informazioak egiten duen ibilbidea azaldu zuen. Egunero milioika datu biltzen dituzte Osakidetzan, eta horiek ezagutza bihurtzeko moduak ere aipatu zituen. Bestalde, datuak erabiltzeko orduan oztopoak daudela esan zuen, fidagarritasuna esaterako. Beharrezkotzat jo zuen Ikerketa arlorako datu base bat sortzea.

Iñaki Garitano Mondragon Unibertsitateko kideak Big Data teknologiari buruz hitz egin zuen. Horren helburua da datuak analizatu ondoren jakintza eta balioa ateratzea. Askotariko onurak omen dakartza, datuak aztertzeko metodo berriak sortu baitira. Teknologia berrien adituek eta osasungintzakoek elkarrekin jardutea proposatu zuen.

Gehiegizko praktika klinikoak

Ostiral arratsaldeko saioan, gehiegizko praktika sanitario batzuk izan zituzten hizpide.

Naiara Parrazak Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko Ikerkuntza Unitateko kideak gaindiagnosirako joera kritikatu zuen. Minbizia pairatzen duten pertsonen gehiegizko diagnostikoak aipatu zituen adibide gisa. Gogoeta eskatu eta joera hori geratzeko estrategiak aurkeztu zituen.

Ibai Tamayo Nafarroako Gobernuaren Navarrabiomed ikerkuntza biomedikoaren zentroko ikertzailea praktiken aldakortasunaz aritu zen. Azaldu zuenez, Alison Glover mediku ingelesak 1930eko hamarkadan erakutsi zuen amigdalektomia edo tonsilektomia tasak asko aldatzen zirela konderriaren arabera, eta konderri batzuetan askoz ere ebakuntza gehiago egiten zirela besteetan baino; hala ere, interbentzio gutxiago zeuden lekuetan konplikazioak ez ei ziren gutxitu. Horrela, hizlariaren hitzetan, “akordio klinikoak daudenean, aldakortasuna murriztu egiten da”. Erabaki adostuen garrantzia nabarmendu zuen.

Nekane Jaio Barrualde-Galdakaoko ESIko farmazialariak medikamentuen erabilerari buruz hitz egin zuen. Bere ustez, farmakoak errezetatzeko gehiegizko joera farmazia-industriaren marketin estrategiek eragindakoa da. Joera hori gelditzeko zenbait mediku gogoeta zabaltzen ari diren arren, inertzia oso handia da, eta sarritan garestiak eta eraginkorrak ez diren medikamentuak errezetatzen dira. Hizlariak kezka agertu zuen, eta “zuhurtzia” eskatu. Gehiago ikertu eta ebidentziak sortzearen beharra azpimarratu zuen.

Profesionalen eta pazienteen elkarrekintza

Larunbat goizean osasun arreta profesionalen, legegileen eta pazienteen ikuspegitik nola ikusten den aztertu zen, eta Adituen arteko harremanak izeneko mahai-inguruan hainbat gomendio eman ziren gizartearen osasuna bermatzeko helburuz.

Jon Zuazagoitia Eusko Jaurlarizako Osasun Publikoaren zuzendariordeak osasunean arlo sozialak duen garrantzia azpimarratu zuen. OMEk 1948an egindako definizioaren arabera, osasuna “erabateko ongizate fisiko, psikiko eta soziala da”; hortaz, sozial hitzarekin esparru berri bat hartu zuten aintzat. Halaber, gure gizarteko eta munduko “ekitaterik eza” salatu zuen Zuazagoitiak. Obesitatea eta buruko gaitzen datuak aurkeztuz, arlo sozialak osasunean duen eragina azaldu zuen: zenbat eta baldintza sozial eskasagoak, orduan eta obesitate eta buruko gaixotasun kasu gehiago daude.

Arantza Basagoiti Arabako Erizaintza Eskolako irakasle laguntzaileak profesional eta pazienteen arteko harremanez hitz egin zuen. Basagoitiren esanetan, profesionalek boterea aitortua dute hainbat arrazoirengatik, batez ere ezagutza, pribilegioak, gaitasuna, bertuteak eta beste dituztelako. Paziente egiten gaituena harremana dela adierazi zuen. “Medikuen praktikek, ezagutzek… prestigioa dute, baina pazientea pazientea da”, zehaztu zuen. Hizlariak berak kontsulta batean bizi izandako gertaera bat kontatu zuen, eta nagusikeria alde batera uzteko eskatu zuen.

Izaskun Antunez Arabako ESIko erizainak Gasteizko Zabalgana auzoko proiektuaz eta modu partekatuan hartutako erabakiez egin zuen berba. Zabalganako osasun zentroan abian jarri duten proiektuarekin autozainketa eta berdinen arteko heziketa lantzen dute. Nork bere gaixotasuna ezagutzea eta osasunaren inguruko ardurak eta erabakiak hartzea dute helburu. Haurrei zuzenduriko zenbait proiektu ere badituzte: Ume sorosleak programa, Osasunaren antzerkia izeneko jarduera, auzoko ikasleen bisitaldiak zentrora eta osasunaren gaineko idatzizko mezuak. Erabaki partekatuei dagokienez, harreman interaktiboa eta ezagutza behar-beharrezkoak direla adierazi zuen Antunezek. Pazienteak ere erabakiak har ditzan, harremana enpatian, errespetuan, komunikazio positiboan eta negoziazioan oinarritu behar dela nabarmendu zuen.

Guillermo Roa Zubia kimikari eta Euskadi Irratiko Norteko ferrokarrila zientzia-saioaren aurkezleak eman zuen amaierako hitzaldia.

 

“Profesionalei datu garbiak, zuzenak eta akatsik gabekoak eskaini nahi dizkiegu, erabiltzeko orduan arazorik ez izateko”

Felipe Aizpuru • Jarduera Asistentzialeko Analisi Aurreratuen unitateko arduraduna, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan

EHUko Medikuntza Fakultateko irakaslea izateaz gain, Felipe Aizpuru Barandiaranek (Gasteiz, 1957) Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian egiten du lan; Jarduera Asistentzialeko Analisi Aurreratuen zerbitzuko arduraduna da. Osakidetzak egunero biltzen dituen milioika datu sailkatzen eta kudeatzen dituzte bere departamentuan. Datu pila hori profesionalen lanerako ez ezik ikerkuntzarako ere, “ezagutza bihurtzeko”, erabilgarri egitea da haien egitekorik behinena. Datuen kudeaketa prozesua findu eta hobetu ahala, osasun sisteman praktika hobeak gertatuko direla uste du.

Datuei probetxua ateratzeko, zer egin daiteke?
Formatu erabilgarrian jarri behar dira. Gure unitatean horretan aritzen gara. Iturri askotatik iristen dira datuak, batzuetan gaizki edo bikoizturik. Guk datu garbiak, zuzenak eta hutsegiterik gabekoak eskaini nahi dizkiegu klinikoei, ikerlariei, kudeatzaileei eta haien beharra daukaten profesional guztiei, erabiltzeko orduan arazorik ez izateko.

Datu horiekin jarduteko, ba al da mugarik?
Bai, garrantzitsuena datuak babesteko legea da. Dena era anonimoan iritsi behar zaigunez, ausazko kode batekin bidaltzen dizkigute datuak. Erabiltzailearen identitatea ezin da berreskuratu; zenbakiak baino ez dauzkagu. Hori da mugarik handiena. Baina badira muga gehiago ere, errezeta elektronikoarena esate baterako. Ezin dugu 2013. urtearen aurreko farmakoen informazioa erabili, sistema asko aldatu delako. Gainera, farmakoen erabilera eta dosiak ere aldatu egiten dira. Hori analizatzeko, oso metodo konplexua behar da, eta guk ez dugu gauza guztietarako gaitasunik. Hala ere, pozik gaude, eta uste dugu egiten dugun lanak denborarekin emaitza onak ekarriko dituela.

Praktika desegokiak saihesten lagunduko du, adibidez?
Bai, hori da gure helburu nagusietako bat. Medikuek, egoera kliniko berdinetan erabaki ezberdinak hartzen dituzte batzuetan. Ezjakintasunak edo ziurgabetasunak eragin dezakete hori. Gure datuei esker ikertu egiten da praktika horiek zein eskualdetan gertatzen diren, zein mediku motarekin, baita nolako paziente ereduak dauden ere. Datuen kudeaketak onak informazioa “ezagutza” bihurtzeko balio dezake, eta hori da garrantzitsuena. Medikamentuen erabilera ezegokiari dagokionez, adibidez, badakigu medikamentu eraginkorrak badaudela baina ez direla kasu guztietan erabiltzen. Eta kontrakoa ere gertatzen da. Guk, dena den, informazioa pasatu behar dugu ahal denik eta baldintzarik onenetan; ondorengo interbentzioa ez dagokigu guri.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other