Maiatzaren 31n, Tabakorik Gabeko Mundu Egunarekin bat etorrita, EAEko tabakismoaren gaineko datuak jakinarazi zituzten Nekane Murga Osasun sailburuak eta Juanjo Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak. Datuak Euskadiko adikzioei buruzko 2017ko inkestan jasotakoak dira, eta, haien arabera, tabakoaren ohiko kontsumoa %30etik %22ra jaitsi da azken hamarkadan, 25 urtean erregistratutako prebalentziarik baxuena lortzeraino. Gainera, erretzaile ez diren biztanleen ehunekoa hazten doa etengabe, 1992ko lehenengo erregistrotik 2017ra arte %61etik %75era igo baita pixkanaka. Tabakoa uzteko Osakidetzaren programetan parte hartu duten herritarrak, berriz, 22.500 izan dira 2011tik.
Emandako datuak itxaropentsuak dira. Hala ere, oraindik lan handia dago egiteko, batik bat 45-74 urte arteko gizonekin eta 15-44 urte arteko emakumeekin.
Tabakoa utzi nahi duen norbaitek informazioa edo aholkularitza nahi izanez gero, Osakidetzak doako telefono bat dauka: 944007573. Iaz 164 pertsonari eman zieten telefono-arreta.