agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

Euskara eta osasuna uztartzen dituzten proiektuak

2019an euskararen sustapenean nabarmendutako egitasmoen aitortza-ekitaldia egin zen abenduaren 12an Gasteizen, Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusian. Bosgarren edizioa izan zen, eta, zazpi ekimenen berri emateaz gain, Osakidetzan hizkuntza lidergoa lantzeko saioen emaitzak eta 2020ko Euskaraldia aurkeztu ziren.

Ehun pertsona inguru bildu ziren Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiko ekitaldi aretoan. Ikusmina zegoen 2019an Osakidetzako erakundeetan euskararen erabilera bultzatzeko garatu diren zenbait jardunbide egokiren berri izateko izateko eta Kike Amonarrizek eta Estibaliz Alkortak hizkuntza lidergoaz eta datorren urteko Euskaraldiaz egin behar zituzten aurkezpenak entzuteko.

Euskarazko material didaktikoa pazienteak ahalduntzeko

Eukene Ansuategi Donostialdeko ESIko liburutegiko arduradunak azaldu zuen jardunaldiko lehen proiektua. Pazienteak ahalduntzeko helburuz abiarazi zuten, osasun tratamenduei buruz gogoeta egin dezaten, zenbait ikerketatan ikusi baita gaiaren ezagutzak erabaki hobeak hartzeko gaitasuna ematen diela pazienteei. Horretarako, hainbat material didaktiko euskaratu dute, baita helduei zuzendutako podcastak ere.

Osasun emaitzak hobetzeko galdetegiak

Barrualde-Galdakaoko ESIko Miren Oribe psikologoak eta Leire Erkoreka psikiatrak PROM galdetegiak euskarara egokitzeko eta balioztatzeko proiektua aurkeztu zuten. Pazientearen esperientzian oinarritutako emaitzak neurtzen dituen tresna psikometrikoak dira PROM galdetegiak. Beraien jardunean hizkuntzaren interpretazioak garrantzi handia duenez, guztiz beharrezko ikusten zuten PROM galdetegi nagusiak euskaraz erabili ahal izatea, paziente euskaldunen emaitzak zuzenago neurtze aldera. Haien esanetan, oso emaitza onak ematen ari da egitasmoa.

«EZINBESTEKOA DA OHITURAZ ETA INERTZIAZ PASIBOAK DIREN EUSKAL HIZTUNAK AKTIBATZEA ETA ERABILERA ESPARRUAK SORTU ETA INDARTZEA»
K. Amonarriz .

Euskararen inguruko harrera egoiliarrei

Jabi Gomez eta Iratxe Sustatxa Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko euskara teknikariek egoiliarren -bereziki euskal herritar ez diren egoiliarren- harreraz kezkatuta abiatu zuten euren proiektua. Egoiliarrak espezialitatea egiten duten profesionalak dira, medikuntza, erizaintza edo farmazia arlokoak. Haietako asko kanpotik etortzen dira eta lau-bost urte ematen dituzte gure erakundeetan lanean. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan urtero egoiliarren % 45 inguruk ez dakite euskaraz, eta horiei euskararen inguruko harrera integrala ematea pentsatu zuten. Horretarako atondu zuten egitasmoa, hiru ataletan banatuta: euskara zerbitzuaren harrera; sentsibilizazio tailerrak, irakaskuntza programaren barruan txertatuta daudenak, eta egoiliarrentzako euskalduntze eskaintza egokitua. Proiektu berritzailea izan da, beste zerbitzu erakunde batzuetara esporta litekeena. Teknikarien azalpenak ez eze, proiektuan parte hartzen ari diren egoiliar batzuen iritziak entzun ahal izan ziren bideo labur batean.

Herritarrengandik hurbilago ikastolen jaian

Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendariorde Lierni Lekuonak urrian Gipuzkoako ikastolek Zarautzen ospatutako Kilometroak jaiko esperientzia ekarri zuen jardunaldira. Jai hartan Donostialdeko ESIko bere eguneroko jarduera erakutsi zien herritarrei gertutik, hizkuntza erregistroan euskara aukeratzera animatuz eta Osakidetzarekiko harremanak euskaraz ere izan daitezkeela frogatuz.

Mintzakidetza ospitaleko larrialdietan

Iratxe Bilbao Uribe ESIko euskara teknikariak erakundean martxan jarritako mintzapraktika egitasmoa aurkeztu zuen bideo baten bitartez. Uribeko ESIak euskara ikasteko, euskara maila hobetzeko eta euskaraz erraz berba egiteko aukera eman nahi die profesionalei, eskualdean euskara lehenetsi duten herritarrak euren hizkuntzan artatzea berma dadin. Horretarako, Euskara Planean lehentasuna duen unitate batean, Urdulizko Ospitaleko larrialdietan, euskaraz mintzatzeko saioak antolatzen dituzte, euskara irakasle batek gidatuta.

Hizkuntza-ohiturak aldatzea helburu

Hitza hartu izena du Arabako ESIan abiatutako proiektuak, Jabi Mentxaka euskara teknikariak azaldu zuenak. Proiektuaren helburua denbora tarte batean hizkuntza-ohiturak aldatzea da, zerbitzua ematean zein barruko eginkizunetan, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera indartzeko. Parte hartzaileen konpromisoa da proiektuaren oinarria.

Euskaraz aritzeko oztopoak gainditu guran

Juan Manuel Sanzo Barakaldo-Sestaoko ESIko Kudeaketa Sanitarioko arduradunak azken bi urteetan garatutako proiektua erakutsi zuen bideo baten bidez. Haien zentroetan euskaraz aritzeko oztopoak gainditu nahian, hainbat ekimen bultzatu dituzte: euskara tailerrak, arloz arloko trebakuntza saioak… Langile euskaldunen artean edota euskaltegiarekin sortutako harreman onak nabarmendu zituzten.

Hiztun pasiboak aktibatu beharra

Osakidetzako erakundeen proiektuez gain, beste bi hitzaldi interesgarri aditu ziren jardunaldian. Alde batetik, Kike Amonarriz soziolinguista eta Topaguneko lehendakariak ezagutzera eman zituen Osakidetzan hizkuntza lidergoa lantzeko azken urtean burutu diren saioen emaitzak. 27 saio egin ditu guztira, Osakidetzako zerbitzu erakunde guztietan, zuzendaritza taldeetako kideei eta tarteko agintariei zuzenduta. Guztira, 500dik gora lagunek hartu dute parte egitasmoan. Amonarrizek lider gehienen inplikazioa aipatu zuen, asko erdaldunak izan arren. Aurrera begira, ezinbestekotzat jotzen du ohituraz eta inertziaz pasiboak diren euskal hiztunak aktibatzea eta erabilera esparruak sortzea eta indartzea. Beste aldetik, Estibaliz Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskara Sustatzeko zuzendariak, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioaren berri eman zuen. Hasteko, lehen edizioaren ondorio nagusiak gogoratu zituen, parte hartzaileen arteko erabilera %5 igo dela nabarmenduz. Bigarren edizioari dagokionez, erakundeek izango duten protagronismoa azpimarratu zuen, banaka ez ezik lantaldeetan ere –ariguneetan– parte hartu ahalko delako. Alde horretatik, Osakidetzari dei egin zion ekimenean parte hartu eta lankide artean euskaraz jarduteko sor daitezkeen dinamikak aprobetxatzeko.

Amaitzeko, bertaratuek bozketa egin zuten proiektu irabazleak hautatzeko. Bozkatuena egoiliarren harrera proiektua izan zen, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIkoa, eta bigarren saria Arabako ESIko Hitza hartu egitasmoak eskuratu zuen. Nekane Murga Osasun sailburuaren hitzekin amaitu zen ekitaldia.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other