agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Mende baten arnasa itsasoari begira

100 urte bete zituen 2019an Gorlizko (Bizkaia) ospitaleak. XX. mende hasieran, haurretan zabaltzen ari zen tuberkulosi gaitzari aurre egiteko ireki zuten itsas sendategia 50 gaixorekin, eta ordutik milaka haur zein heldu igaro dira bertatik. Toki erabakigarrian dago, eta Frantzia iparraldetik ekarri zuten sendategi eredua, baina, denborarekin, funtzioak aldatuz joan dira; gaur egun, errehabilitazio zentroa da, gehienbat. Espainiako gerra ere gainditu zuen, eta 1985. urtean hartu zuen Osakidetzak ospitalearen ardura. Gaur egun 400 langile inguru ari dira.

XX. mendeko lehen hamarkadetan gosete handia zegoen, eta familia askok arazo ekonomikoak zituzten bizimodu osasuntsu bat egiteko. Baldintza latz haien ondorioz, gaixotasun infekziosoak ugaritzen joan ziren. Horien artean zegoen tuberkulosia ere. Halaber, Europan zabaldutako korronte baten arabera, higienea zen tuberkulosiari eta bestelako gaitzei aurre egiteko alternatibarik osasungarriena. Horretarako, sendategi helioterapikoak, hots, airea, eguzkia eta elikadura ardatz dituzten sendategiak sortu zituzten. Euskal Herrian Enrique Areilza doktorea izan zen tuberkulosiari aurre egiteko bultzatzaile nagusia, eta, gaixotasun hori zuten haurrak artatzeko helburuarekin, 1919. urtean Gorlizko itsas sendategia ireki zuen.

Gaur egungo Gorlizko ospitaleko zuzendari eta kudeatzaile den Carmen Rodriguezek azaldu duenez, garai hartako eliteak bildu, eta Europan zehar, Herbehereetako kostaraino, sendategi helioterapikoek nola funtzionatzen zuten ikustera joan zen Areilza doktorea. “Hainbat ideiarekin bueltatu ziren, baina zehazki Frantziako Berck Plageko sendategia izan zen Gorlizkoa eraikitzeko jarraitutako eredua”. Hain zuzen, bi eraikinek antzekotasun nabarmenak dituzte. Arkitekturaren ikuspegitik, eraikin berezia da, eta osorik hormigoi armatuarekin eginda dago. Hasieran, bost pabiloiz eratua zegoen. Gaur egun, kanpotik, duela 100 urteko eraikin bera bada ere, barrutik, XXI. mendeko beharrizanetara moldatuz joan dira. “Hasieran ez zegoen logelarik, pabiloiak ziren eta oheak manparen bidez bereizten ziren”, azaldu du Rodriguezek.

 

Itsasoari begira, apropos

Kokalekuari dagokionez, Bizkaiko kostan ezaugarri asko batzen zituen Gorlizko hondartzak; batetik, orientazioagatik eta, bestetik, inguruko baldintza geografikoengatik. Antza, euskal kostaldeko hondartzarik eguzkitsuena da; hots, argi ordu naturalak besteek baino luzaroago hartzen ditu hondartza horrek. Horregatik, propio aukeratua dago kokalekua. Airea eta eguzkia gomendatzen dituzte medikuek, gehienbat, tuberkulosiaren erremedio gisa, eta biak zituen Gorlizko sendategiak. Gaur egun ere, lagungarriak dira bi faktore horiek pazienteei gaixotasuna sendatzen laguntzeko. “Kanpora irteteko aukera edukitzea eta kutsadura eta zaratarik ez izatea guztiz onuragarria da pazienteentzat”, dio Rodriguezek. “Batik bat animoan eta umorean eragina dutela ikusten dugu”.

Diru ekarpenen bidez lortu zuten eraikina egitea, jendeak egindako testamentu eta donazioen bidez, eta lehen udan 50 neska-mutiko sartu ziren sendategian. Jatorri berdintsuko eta antzeko gaitzak zituzten haur horiek, eta egunerokoan ez zuten ahalmenik jatordu bat egiteko; halaber, higiene falta zuten. Hasierako urteetan, oso baldintza konplexuak izan zituzten haur haiek; are gehiago, haur askok ez zuten bisitarik jasotzen, familiek bertaratzeko arazoak zituztelako.

EUSKAL HERRIAN ENRIQUE AREILZA DOKTOREA IZAN ZEN TUBERKULOSIARI AURRE EGITEKO BULTZATZAILE NAGUSIA ETA GORLIZKO SENDATEGIAREN SORTZAILEA.

Bilakaera esanguratsua

Bizkaiko Foru Aldundia izan zen sendategiaren arduraduna sorreran, eta lehen urteetan, Karitateko ahizpen erlijio ordenak kudeatu zuen. 1930eko hamarkadatik aurrera, igo egin zen mediku eta paziente kopurua, eta 1960ko hamarkada bukaeran bestelako profesionalak, erizainak eta fisioterapeutak, sartu ziren. Hamarkada horretan, tuberkulosia desagertuta, orno-muineko kalteak eta hazkunde nahasmenduak zituzten haurrak artatzen hasi ziren. Ostean, Kirurgia Ortopediko eta Errehabilitazio Institutua izan zen, eta, 1985ean Osakidetzak sendategiaren ardura hartuta, ospitale bilakatu zen. Orduan, profil profesional batzuk desagertu ziren, eta hainbat berri sartu. Gaur egungo Gorlizko ospitaleko lantaldea profil askotako 340 langile inguruk osatzen dute, eta teknologiarik berriena, terapia ugari eta paziente bakoitzari egokitutako tratamenduak erabiltzen dituzte.

Espainiako gerrak inpaktu handia izan zuen Gorlizko sendategian. Eusko Jaurlaritzak bertan zeuden umeak ebakuatu behar izan zituen Frantziara, Britainia Handira, Belgikara eta Sobietar Batasunera. Zehazki, 300 ume eta 30 heldu baino gehiago itsasontzian atera zituzten Santurtziko portutik. Bi hilabete eskaseko egonaldia egin zuten kanpoan. Denak ez ziren itzuli; ume batzuen gurasoak Frantzian zeuden errefuxiatu, eta horiek han gelditu ziren, baina beste hamar ume hil egin ziren. Halaber, haurrak kanpoan zirenean, gerra garaian, sendategiko oheak soldaduak artatzeko erabili zituzten.

AIREA ETA EGUZKIA IZATEN ZIREN TUBERKULOSIARI AURRE EGITEKO MEDIKUEK GOMENDATZEN ZITUZTEN MEDIKAMENTURIK ERAGINKORRENAK.

Ospitalea, 100 urte hauetan, gizartearen beharrizanetara egokituz joan da. Arazo bat konpontzeko sortu zen, eta gaur egun ere hala jarraitzen du. Alabaina, ez du orientazio pediatrikorik, errehabilitazioa da ardatz nagusia. Garuneko kalteen eta traumatologia arazoen errehabilitazioa egiten dute. Bestalde, gaixotasunaren fase azpiakutuan dauden pazienteak artatzen dituzte; prozesuaren susperraldian eta egonkortasunean laguntza eta atentzio aringarriak ematen dizkiete.

 

Hazten jarraitzeko egokitu

“100 urtean egokituz joan da ospitalea, eta seguruenik, hori izan da haren berezitasuna, momentu bakoitzean zer egin eta zein balio erantsi jakitea”, azpimarratu du Rodriguezek. Gorlizen argi dute non dauden, zer duten eta zer egin dezaketen, eta gizartearen beharrizanekin bat egin nahi dute garai berrietara egokituz. Balioan jarri nahi dute beren lana. Gizartean lagunduz, bilakaera bat izan eta beti zerbait eskaini. Rodriguezek nabarmendu du atzera begirakoak lantaldearen parte izateko sentsazioa indartu duela, eta askok ospitalearen historia bere egin dutela. “Ez genituen ezagutu baina hemen egotea ahalbidetu digute”.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other