agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

Erizaintza gizartearen begiradapean

2020a erizainen eta emaginen nazioarteko urtea da eta Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolako 12×12 lan-taldeak 12 ekintza programatu ditu. Nursing Now Euskadi taldearen, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren babesarekin, ekimen honen helburua da erizaintzaren lidergoa sendotzea eta gizartean haren ikusgaitasuna sustatzea. Zentzu horretan, Asier Etxenike Ugarte soziologoak Erizaintza Gizartean izeneko hitzaldia eskaini zuen Gasteizen, otsailaren 12an.

Etxenikek hizpide hartu zuen erizainak gizartean duen irudia. Lan-eremu “feminizatua” da, 10 erizainetik 9 emakumezkoak baitira. Halaber, jendartean zaintza lana soilik da ezaguna, eta hori gutxietsita dagoela adierazi zuen hizlariak, ikasi beharrik gabe “naturaltzat” jotzen baita. Soziologoak ohartarazi zuen jendarteak duen iruditegi sozial horrek ondorio praktikoak dituela. Erizainek beren buruaz duten irudiaz ere mintzatu zen, eta esan zuen beraien ustez badutela lan-eremu propio bat, baita ikerketa-eremu propioa ere. Orobat iruditzen zaie gero eta pisu gehiago dutela ikerketa eta berrikuntzaren eremuan. Baina, Etxenikek azaldu bezala, gizartean badago ideia “oker” bat: erizainek medikuen menpe jarduten dutela, irizpide propiorik gabe eta lan osagarriak egiten dituztela; izendapena bera ere askotan “okerra” dela azaldu zuen.

Ondoren, Estatuko SATSE Erizainen Sindikatuak egindako inkestetako hainbat datu ekarri zituen mahai gainera. Inkestatutako erizainen % 74,22k uste dute gaitasun pertsonalak direla gehien baloratzen direnak, gaitasun tekniko eta ezagutza teoriko-praktikoen gainetik. Bestalde, % 96k adierazi dute komunikabide eta bestelakoetan transmititzen den erizainaren irudia ez datorrela bat osasungintzan betetzen duten funtzioarekin.% 88k adierazi dute oraindik badirela estereotipo sexistak eta atzerakoiak eta, % 90en iritziz, halakoak hedatzeak oztopatu egiten du lan-jardunaren garapena. % 87k uste dute ez dagoela behar besteko aitortza eta ikusgarritasun sozialik.

% 88K ADIERAZI DUTE ORAINDIK BADIRELA ESTEREOTIPO SEXISTAK ETA ATZERAKOIAK ETA, % 90EN IRITZIZ, HALAKOAK HEDATZEAK OZTOPATU EGITEN DU LAN-JARDUNAREN GARAPENA.

ISZ Ikerketa Soziologikoen Zentroak 2013an emandako datuen arabera, herritarrek bigarren lekuan kokatzen dute erizaintza lanbideen garrantziaz egindako balorazioan, medikuntzaren ondotik. Halaber, seme-alabei gomendioak egitean erizaintzaren postua nabarmen egiten du behera. Hizlariak azaldu zuenez, hainbat faktorek eragiten dute balorazio horietan: hautemandako soldatak eta lan-baldintzek, kasurako. % 64k uste dute erizaintza “sozialki erabilgarria” dela. Medikuntzaren kasuan, berriz, gaineratzen dute “ondo ordaindua” dagoela eta “prestigio soziala” duela. Erizaintza karrera aukera “positibo” bezala ageri da ikerketetan, baina “ez da iristen medikuntzak duen prestigiora”. Hizlariak aipatu bezala, erizainengan badago konfiantza, baina herritarrek medikuaren oniritzia lehenesten dute.

Generoari dagokionez, Etxenikek azaldu zuen oraindik zabaldua dagoela emakumezkoa erizain hobea dela uste dutenen pertzepzioa, pixkanaka ahultzen doan arren. Amaitzeko, sareko webguneak eta sarrerak arakatu ondoren ateratako hainbat ondorio azaldu zituen. Googlen, esaterako, erizaina (“enfermero”/”enfermera”) hitza jarrita “estereotipo sexualizatuak” ageri dira. Hori beste lanbide feminizatuekin ere gertatzen dela adierazi zuen. Mozorro industrietako irudia “esanguratsua” dela iritzi zion soziologoak. Ondorio gisa, gaineratu zuen jendeak ez duela horrelako iruditegirik sortzen “berez”; ordea, industria bat tartean dagoenean “izugarri” elikatzen dira estereotipo horiek. Irudi eta iritzi horiek nazioartean ere “oso antzekoak” direla esan zuen.

 

“Erizaintzan gizonek hartzen dituzten postuak ez dira proportzionalak euren errealitatearekiko”

Asier Etxenike, Soziologoa eta Aztiker Ikerguneko Ikerketa eta berrikuntza arduraduna

Asier Etxenike Ugarte (Orereta, Gipuzkoa, 1979) Aztiker soziologia ikerguneko ikerlariak, bere 10 urteko ibilbidean, lehenbizikoz egin du osasunaren alorreko hausnarketa soziologiko bat: erizaintzaren inguruan, hain zuzen. Ikerketa hori “aurkikuntza bat” izan dela dio, “herritar arrunt” baten ikuspuntutik abiatu zuena. Bere hitzetan, herritarrek oraindik ez dute behar beste ezagutzarik erizainen lan esparruen eta konpetentzien inguruan. Hala ere, erizainek euren irudia eta egoera hobetzea lortuko dutelakoan dago.

Zein ondorio praktiko dakartza gizarteak erizaintzaren inguruko iruditegi okerra izateak?
Iruditegi horrek aukera batzuk ematen ditu eta beste batzuk ukatu. Esaten denean erizaintza emakumeen lanbide bat dela, gizonei aukera kentzen zaie automatikoki. Edota, erizaina medikuaren menpe ikusteak esan nahi du gaur egun, oraindik ere, medikua aukeratzen dugula, baina erizaina ez. Halaber, iruditegi horrek ahalbidetzen ditu erietxe batzuetan gertatzen diren eraso sexistak.

Geroz eta gizonezko gehiago dira erizainak, badirudi gauzak aldatzen hasi direla. Zer ikusi duzu horri buruz?
Nik ez ditut ezagutzen bilakaerak, baina esango nuke gauzak aldatzen ari direla pixkanaka eta asko dagoela egiteko. Batzuek badute irakurketa hori: gizon gehiago egon badaude, baina erizaintzan gizonek hartzen dituzten postuak ez dira proportzionalak euren errealitatearekiko. Prozesuan asko falta da oraindik berdintasunean aritzeko edo aukera-berdintasuna lortzeko.

Zer egin dezake gizarteak edo zer egin dezakete erizainek iruditegi oker hori desegiteko?
Bi alderditatik indartu daiteke iruditegia. Batetik, erizainek lan egin dezakete beraien autoestimua indartzeko, kanpora begira azalduz zer egiten duten eta nola… Bestetik, feminismoa zaintza balioan jartzen ari da azken urteetan. Uste dut bide horretatik etorriko zaizkiela aitortza eta iruditegi berri bat horrelako lanbideei, eta nolabait balioan jarriko dutela erizaintza, merezi duen tokian. Baina hori ez da iritsiko erizainentzat bakarrik, baizik eta zaintzarekin lotutako lanbide guztientzat; denek hartuko dute balioa, berez badutelako. Eremu horretan irabazten duten guztiak euren egoera hobetzeko balioko du, ziur.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other