agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

“Kamerarekin nabilenean neure begiekin ikusten dudana erakusten saiatzen naiz”

Luis Salgado (Salorino, Caceres, 1968) Zuzendaritza Nagusiko Hautaketa eta Horniketa Zerbitzuko langilea

Zuzendaritza Nagusiko Hautaketa eta Horniketa Zerbitzuko langilea da Luis Salgado (Salorino, Caceres, 1968). Administrari laguntzaile jarduten du, baina haren pasioa argazkilaritza da. Dioenez, txikitatik izan du “komunikatzeko beharra”, eta 2011. urtean Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan argazkilaritza ikasten hasi zen. Formazioa hiru urtez jaso ondoren, lau erakusketa eta beste hainbat proiektu eta lan egin ditu. Bere lanak interneten daude ikusgai: https://www.flickr.com/photos/luis-pumuki/

 

Zer ikasi zenuen argazkilaritzaz Arte eta Lanbide Eskolan?
Eskolan beste era batera begiratzen irakatsi zidaten: argia ulertzen (argazkilaritzan dena baita argia), kritikoago eta autokritikoago izaten, konturatzen argazkilaritza ez dela estetika hutsa, sakontasun gehiago izan behar duela… Oso erraza da argazki polit bat egitea, esaterako mugikorrarekin: iragazkiak jarri, eskegi eta jende guztiari gustatuko zaio. Baina argazkilaritzak istorio bat kontatu behar du, nola begiratzen duzun erakutsi. Niretzat argazki on bat da begiratzeko geldiarazten nauen hori (ez da dena zertan ederra izan), barrua mugiarazten dizun hori, norabait eramaten zaituena. Argazki batek estetikaz gain beste zerbait esaten badizu, irribarre bat sorrarazten edo oroitzapen bat ekartzen, zerbait lortzen da.

Nolako ibilbidea egin duzu argazkilaritzan?
Etorkinei gaztelania eskolak ematen aritu nintzen, boluntario gisa, eta herrialde askotako jendea ezagutu nuen. Horiengandik asko ikasi nuen, eta kulturak ezagutu nituen. 2011n argazkilaritza ikasten hasi nintzenean, zentroko zuzendariari esan nion lan bat egin nahi nuela ikasle etorkin horiei buruz. Foru Aldundiak emandako dirulaguntza batekin, integrazio lan bat egiten hasi nintzen, Miradas de Integración izenekoa. Hainbat lekutan jarri zuten erakusgai. Lan ausarta izan zen, oraindik ez bainuen esperientziarik, baina asko bete ninduen, eta segurtasuna eman zidan. Ez nuen espero halako harrerarik, jendearen erreakzioa izugarria izan baitzen. 2013an, Dichógrafos populares lana egin nuen. Esaera zaharrak argazkigintzara eramatea bururatu zitzaidan, modu bihurrian eta lotsagabean. Beharbada nire argazkigintzarekin zerikusi gutxien duena da, ni intimistagoa bainaiz; ez dut estetika hutsa bilatzen. Arrazoi ekonomikoengatik inoiz erakusgai jarri ez dudan lan bat ere egin nuen 2014an, Fenotipos delakoa, eta hortik blog bat sortu nuen: https://fenotipos.wordpress.com/. Ehun urte inguruko jendeari atera nizkion argazkiak. Badirudi gaur egun denok izan behar dugula ederrak, zimurrik gabeak, altuak eta argalak. Beti pentsatu dut ez dagoela denboraren iragatea bezain gauza ederrik.

Zure azken lanak zeresana izan du.
Azken lan hori nire amari buruzkoa da: Mamia. 2017an konferentzia txiki bat eman nuen, eta bukatutakoan eskolako irakasleek Amarika Aretoan erakusketa bat egitea proposatu zidaten, beste ikasle batzuekin batera. Gaia erabakitzea zaila izan zen. Bertan uztartzen ditut nire bi pasioak: argazkilaritza eta poesia. “Mamia” hitzaren adierez gain (ogiarena, esnekiarena…) baditu intimotasuna, kuttuntasuna, maitasuna edo emankortasunarekin loturiko konnotazioak. Oso lan intimoa eta pertsonala da. Larruazala oso garrantzitsua da, baina biluzte intimoak ere garrantzi handia du. Amarika Aretoan jarri zuten, eta orain beste leku batzuetara eramateko aukera eman didate. Caceresera eramatea erabaki dut, nire amaren sorterrira. Omenaldi hori bizirik dela eta bere lurraldean jasotzea nahi dut. Hamar bat argazki dira, QR kodeekin; hala, argazki bakoitzak bera deskribatzen duen poema bat izango du, nik errezitatua. Orain, beste proiektu batean ari naiz: Raza. Erretratuak dira. Beste proiektu batekin ere hasia naiz, Itxaso Pierola Osakidetzako lankidearekin batera, lagun handia bera eta artista handia ere bai. Uste dut lan deigarria izango dela eta zeresana izango duela.

Nola uztartzen dituzu lana eta argazkilaritza?
Argazkilaritza pasio bat da, ordu asko eskaintzen dizkiodan pasio bat. Ofizio bihurtuko banu, beharbada ez nuke horrenbesteko grinarik izango. Baina, pasio bat denez, niretzat erraza da biak uztartzea. Zerbaitek grina sortzen dizunean, beti bilatzen diozu tartea. Bidaiatzen dudanean beti daramat kamera bat gainean. Kamerari itsatsita bizi naizela esaten didate. Kamerarik gabe edozeinek bezala begiratzen dut. Kamerarekin nabilenean, berriz, neure begiekin ikusten dudana erakusten saiatzen naiz.

Nola ikusten duzu argazkilaritzaren etorkizuna?
Zalantzatsua. Beldurra ematen dit argazkilaritza puristentzako zerbait bilakatzeak. Beldurra ematen dit argazkilaritza bihurtzea lau harroputzentzako zerbait. Bestetik, beldurra ematen dit gaur egun Interneten dagoena bezalako zerbait bihurtzea, baina uste dut egia beti azaleratzen dela. Norbait erakusketa batera doanean ez du zerbait polita bilatzen, gehiago baizik. Hala ere, uste dut argazkilaritza berez den bezala ez dela inoiz desagertuko; eboluzioa izango du eta jakin beharko dugu hutsala eta lortzen erraza den horretatik bereizten.

 

Zerbait gehitu nahi zenuke?
Gasteizko Udalaren Amarika Aretoa 20 urtez egon da prest argazki erakusketetarako, eta erreferentea izan da erkidego mailan ez ezik estatu mailan ere. Leku askotatik etorritako autoreek euren erakusketak jarri dituzte. Orain erabaki dute Amarika Aretoan beste zerbait egitea. Izugarrizko pena ematen dit horrek, arteak inoiz ez duelako errentagarria izan behar, “arteak” egon behar du. Artea kultura da, eta kultura beharrezkoa da, irakasten duelako, transmititzen duelako, gure zati bat delako… Horregatik, edozein adierazpide artistikori eman behar zaion garrantzia ematea aldarrikatzen dut. Ez da zigortu behar ez eta azken gauza balitz bezala hartu behar. Badira kontu garrantzitsuagoak ere; osasuna edo hezkuntza, esaterako, baina artea ere bada hezkuntza, eta osasuna ere bai! Izugarri penatzen nau Amarika Aretoa desagertzeak edo orain arte izan dena izateari uzteak.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other