agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Lankidetzaren bidez, pazientearen bizi kalitatea hobetzen

Barakaldoko San Eloy Ospitaleko Barne Medikuntzako Zerbitzuak SEMI zigilua eskuratu du pazienteei eskainitako “arreta bikainagatik”. SEMI Barne Medikuntzako Espainiako Elkartearen bigarren edizioa izan da aurtengoa, eta Espainiako beste 9 erietxek ere jaso dute zigilu hori, ospitaleko zerbitzuak eskaintzen duen asistentziaren kalitatearen erakusgarri. Osakidetzako zentroen artean, San Eloy izan da SEMI zigilua eskuratzen lehena.

Gizartea etengabe ari da aldatzen eta medikuntzak ere aurrerapausoak eman behar ditu aldaketa horietara moldatzeko. Errealitate horretaz jabetuta, San Eloy Ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) Barne Medikuntzako medikuak lanean aritu dira azken urteotan pazienteei gero eta arreta hobea emateko, eta egindako lanak merezitako aitortza jaso du: SEMI Barne Medikuntzako Espainiako Elkarteak bikaintasunaren zigilua eman dio zerbitzuari, pazienteei “arreta bikaina” eskaintzeagatik.

SEMI Bikainaren bigarren edizioa izan da aurtengoa, eta lantaldeak urtarrilaren 23an jaso zuen ziurtagiria. Ekitaldi berean, SEMI elkarteak Espainiako beste 9 zentrori ere eman zien zigilua, besteak beste, Valdecillako Markesaren Unibertsitate Ospitaleari eta Asturiasko Unibertsitate Ospitale Zentralari. Sariketa honen bitartez lortu nahi dena da osasun sisteman pazienteei ematen zaien arreta hobetzea eta, modu horretan, heriotza-tasa eta saihestu daitezkeen berrospitaleratzeak murriztea.

San Eloy Ospitaleko medikuek lan handia egin dute egun eskaintzen duten arreta eskaini ahal izateko, baina, Rafael Silvariño Barne Medikuntzako zerbitzuburuaren arabera, “etengabe” egin behar dira aldaketak pazienteei behar duten arreta eskaintzeko: “Etenik gabeko prozesua da, pazienteak aldatu egiten direlako. Gaur egun badituzte orain dela zenbait urte existitzen ez ziren arazoak; oro har, bizi-itxaropena luzeagoa da, eta gaixotasun kroniko gehiago izaten dituzte. Ondorioz, konponbide berritzaileak behar izan ditugu, eta denok egokitu behar izan gara kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko”. Pazienteei arreta eskaintzeaz gain, beste hainbat zeregin ditu Barne Medikuntzako Zerbitzuak: besteak beste, paziente akutuen arretaz arduratzen da, ospitalizatuta daudenen infekzioak behatu eta kontrolatzen ditu eta kanpoko kontsultak kudeatzen ditu.

Osakidetzak 2012. urtean abiatu zuen Jarraipen Asistentzialeko Unitatea (UCA Unidad de Continuidad Asistencial, gaztelaniaz). Miren Urzelai Barne Medikuntzako Zerbitzuko medikuak adierazi duenez, proiektu horren xede nagusia da pazienteek bizi kalitate “ona” izatea, beraien etxean egotea, eta ahalik eta gutxien ospitaleratzea. Urzelairen iritziz, ospitaleratzeek pazienteen egoera “okertu” egiten dute askotan, eta badira etxean bertan jaso ditzaketen zerbitzuak, erietxera joan beharrik gabe. Hori lortzeko, unitate horrek bermatzen duena da pazienteek erreferentziazko mediku bat izango dutela. 2017ko ekainean, Urzelaik Jarraipen Asistentzialeko Unitateari buruzko hitzaldi bat eman zuen euskaraz, eta Barakaldo-Sestaoko ESIko Intranetean dago ikusgai. (Profesionalak / Euskera / Hitzaldiak / 2017 Miren Urzelai Rojo 2017-VI-21)

Talde-lanaren fruitua

Halere, elkarlana ezinbesteko osagaia da hori guztia lortzeko, Silvariñok azaldu duenaren arabera: “Taldean egiten dugu lan, eta, noski, beti dago hobetzeko aukera”. Gaineratu du zenbait langilek aldatu egin behar izan dituztela lan egiteko ohiturak, eta “barneratze” prozesu bat egin behar izan dutela. Izan ere, honelako proiektu batek profesional askorekin lan egitea eskatzen du. Nabarmendu du, hain justu, hau guztia posible izan dela ospitaleko medikuen eta herritarren artean dagoen “gertutasunagatik”: “Uste dut oso positiboa dela pazienteek gurekin erraz kontaktatu ahal izatea, horrela, medikuok sentitzen dugu gai garela arazoak konpontzeko”.

Elkarlanak emaitza onak izateko, baina, taldekideen arteko harremana emankorra izan behar da. Barne Medikuntzako Zerbitzuko lantaldearen partaideetako beste bat da Juan Luis Haro, eta argi du langileen arteko hartu-emana erabakigarria izan dela: “Oso harreman ona dugu gure artean, eta gozamena da hemen lan egitea. Hori ere islatzen da honelako proiektuetan, eta horrexek ahalbidetzen du talde-lana”.

Talde-lan horretan, gainera, Barne Medikuntzako Zerbitzuan lanean aritzen diren medikuez gain, Harok nabarmendu nahi izan du lehen mailako arretan diharduten profesionalen lana. Azaldu du ospitaleko eta lehen mailako arretako medikuen arteko elkarlana ezinbestekoa dela egungo gizartean suertatzen diren beharrei erantzuteko: “Egiten duten lanak balio handia du gure egunerokotasunean. Beharrezkoa da jende askorekin harremana izatea, eta lehen mailako arretako langileen kasuan, ezinbestekoa da”. Silvariño ere bat dator ideia horrekin: “Lehen mailako arreta osasun laguntzaren oinarrizko euskarria da, eta ez balu indarrik izango, ezinezkoa izango litzateke, ezingo genukeelako jende guztia artatu”.

Ezkerretik hasita: Juan Luis Haro González eta Miren Urzelai Rojo Barne Medikuntzako Zerbitzuko medikuak eta Rafael Silvariño Fernández zerbitzuburua.

Txikitik aurreratzen eta eragiten

Batik bat, Barakaldoko eta Sestaoko (Bizkaia) herritarrak artatzen dituen ospitalea da San Eloy. Eskualdeko ospitalea izanik, ez da oso handia, baina Harok adierazi duenez, horrek ez du esan nahi “ez denik gai” gauza handiak egiteko: “Askotan, eginbehar espezifikoak izaten ditugu, noski. Baina uste dut gurea bezalako erietxeek egiten duten lana nabarmendu egin behar dugula, beti ezkutuan gelditzen direlako ospitale handien itzalean”.

San Eloy ospitalea aurrenekoz aurkeztu da SEMI Elkartearen deialdi honetara, eta Osakidetzaren zentroen artean lehenengoa izan da SEMI zigilua lortzen. Elkarteak berak argitaratutako txostenak dio pazienteei horrelako arreta eskaintzea ezinbestekoa dela, baina Espainiako ospitaleen erdiek baino gutxiagok ematen dutela zerbitzu hori.

Aurtengo edizioan zigilua eskuratu duten arren, Silvariño Barne Medikuntzako zerbitzuburuak uste du lanean jarraitu behar dutela: “Egunez egun hobetu behar dugu. Esan beharra daukat erabaki nuela deialdira aurkeztea eta hau dena sustatzea banekielako babes handia nuela gainerako medikuen aldetik”. Zigilua emateaz gain, Barne Medikuntza Zerbitzuko medikuek adierazi dute SEMIk zenbait gomendio eman dizkiela arreta zerbitzua hobetzeko, eta Silvariñok esan du helburua dela hobekuntza horiek martxan jartzea: “Beti izan dugu gauzak ongi egiteko gogoa, egunez egun hobeto lan egitekoa. Horrelako albisteak estimulu bat dira lanean jarraitzeko eta hobetzen ahalegintzeko”.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other