agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Bikaintasun ziurtagiriaren jabe egin da Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioaren Unitatea

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioaren Unitateak Bikaintasun ziurtagiria jaso zuen joan zen urte amaieran hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten pazienteentzako arreta integraleko unitate gisa. Egiaztagiri horrek erreferentziazko ospitalearen izaera aitortu dio, eta aintzatespen berezia ematen dio die unitateko arretari eta ikerketari.

Gaur egun, lau medikuk eta erizain batek osatzen dute unitatea. 2014an unitatea sortu zutenetik, 1.100 paziente baino gehiago izatera iritsi dira. Hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten pazienteek gaixotasun kronikoak dituzte, eta, beraz, Muñagorri medikuaren arabera, horien bizi-kalitatea hobetzeko egiten dute lan. “Duela hainbat urte, Crohnen gaixotasuna edo kolitis ultzeraduna zutenen bizi-kalitatea nahiko eskasa zen, baina gaur egun, tratamendu egokiarekin bizimodu normala egiteko gai dira”, esan du Muñagorri medikuak. Ikerketak ahalbidetu du hobekuntza oro, bai eta medikuen lanak ere. Azken ia sei urteetako lanaren emaitza da lortu berri duten Bikaintasun ziurtagiria.

Lantaldearen batasuna giltzarri

Zenbait hilabetetako prozesuaren ostean lortu du Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioaren Unitateak Bikaintasun ziurtagiria. Orotara, 53 betebeharri erantzun behar izan diete, eta % 87ko kalifikazioarekin lortu dute aipatu ziurtagiria. “Ziurtagiria oso ongi etorri zaigu zer hobetu ikusteko, baina, jakina, medikuon esku ez dago hobekuntza prozesu guztia. Gure esku ez zeuden zenbait elementu lortu ditugu prozesu horren guztiaren bitartez”, azpimarratu du Muñagorri medikuak. Ikerketa, tratamendua, lan egiteko espazioa eta lanabesak izan dira aztergai nagusiak, besteak beste.

Hiru alditan gerturatu zen Crohnen Gaixotasunaren eta Kolitis Ultzeradunaren Espainiako Lantaldea betebehar bakoitza banan-banan ikuskatzera. Paziente batzuen espedienteak ere aztertu zituzten ea unitateak nola lan egiten duen ikusteko; egoera askotako 40 pazienteren espedienteak izan zituzten aztergai puntuz puntu. Espezialitate anitzetako medikuek elkarrekin hartutako erabakiak eta ondorengo pazienteen arreta ere aztergai nagusiak izan ziren. “Gure lan egiteko moduan diziplina bat baino gehiago erabiltzen ditugu; zirujauekin, erizainekin eta beste espezialista batzuekin zuzenean lan egiten dugu paziente bakoitzari tratamendurik egokiena emateko”, esan du Horacio Alonso medikuak.

Unitateko erizainaren lanaren garrantzia ere azpimarratu dute bi medikuek, urte luzeetako tratamendua behar duten paziente horiek momentu oro zainduta egoteko. Kontsulta bereziak ere izaten dituzte, erizainak eta gaixoek gaixotasunari buruzko xehetasunak eta berrikuntzak azaltzeko. Kontsultarako ezinbesteko lana egiteaz gain, medikuarekin zitarik ez duten momentuetan gaixotasunak okerrera egiten badu, telefono bidezko arreta zerbitzua ematen du erizainak. “Kontsulta batetik besterako bitarte horretan agerraldi bat egin dezake gaixotasunak, edo infekzioak garatzea ere posible da. Horri guztiari erantzuna emateaz ere erizaina arduratzen da lehendabizi”, dio Muñagorrik.

Hesteetako gaixotasun inflamatorioaren zirrikituak

Gaixotasunaren jatorria ezezaguna bada ere, herrialde garatuetan atzeman zen duela hainbat urte. Urteekin zabaldu egin da hesteetako gaixotasun inflamatorioaren eremua, eta etnia anitzetako pazienteak dauzkate Donostia Ospitalean.
Gero eta gehiagok gute Crohnen gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna, eta ondorioztatu dute ingurugiroari lotutako faktoreren bat dagoela gaitz horiei zuzenean lotuta. Osagai genetikoei ere lotuta dauden gaitzak dira, baina gehienetan ez dira bakarrik agertzen. Horregatik da horren garrantzitsua unitateen arteko elkarlana, bestelako gaitzak ere izaten dituztelako pazienteek: psoriasia, artikulazioetako gaixotasunak, begietako gaixotasunak…

Gaixotasun kronikoak izanik, oraindik ez dago Chronen gaixotasuna edo kolitis ultzeraduna sendatzerik. Hala ere, tratamendu berria lortzeko ikerketa arloan lan zabala egiten ari dira. Horien helburua ez da gaixotasuna sendatzea, baizik eta sintomak ahalik eta denbora luzeenean lokarraraztea.

Medikuek pazientea nola dagoen aztertuta erabakitzen dute zein tratamendu jarraituko duen bakoitzak, baina ezinezkoa da uneoro agerraldiak erabat kontrolpean izatea. “Kontsultetan batzuetan erraz ikusten dugu agerraldirik berehala izango den sintoma berriak badituzte; tripako mina eta beherakoa izaten dira ohikoenak. Hori ikusita erabakitzen dugu tratamenduak indartzea edo gutxitzea. Batzuetan, ez dute agerraldirik izaten hilabete luzeetan, eta tratamendua gutxitzea aztertzen dugu, eta beste batzuetan, berriz, alderantziz”, azpimarratu du Alonso medikuak. Medikuen lana kontsultetan gaixoak ikusi eta jarraipena egitea bada ere, sarri ondo egoten dira pazienteak kontsultaren unean.

Gaur egun, tratamendu askotarikoak daude; gero eta gehiago, gainera. Tratamendu batzuk hartzeko, ospitalean pasatu behar izaten dira ordu batzuk zainetik ematen baitzaio pazienteari bere sendagaia. Beste tratamendu batzuk ahotik hartu beharrekoak izaten dira, edo zuzenean azaletik. Kontrol handia egin behar izaten zaie, tratamendu askoren ondorioz immunologia-sistema ahuldu egiten baita, eta horrek areagotzen du, besteak beste, infekzioak sortzeko arriskua. Kasu batzuetan koloneko minbizia izateko arriskua izaten da, eta, hori guztia kontrolpean izateko, ezinbestekoa da kontsulta jarraiak izatea. Prebentzioa da prozesu horien giltzarri nagusia. “Pazienteek maiztasun jakin batekin izaten dituzte kontsultak, gaixotasunaren egoera eta tratamenduaren arabera. Telefono bidezko kontsulten aukera ere zabalik izaten dugu”, esan du Alonso medikuak.
Kontsultetara analisiak eta proba asko eginda joaten dira, momentuan sintomarik ez izan arren, inflamazioaren zantzuak aurkitzen baitituzte batzuetan.

Azken urteetako aurrerapenak

Baikorrak izateko arrazoiak daudela dio Muñagorri medikuak. Urteak daramatza gaixotasun horiekin lanean, eta ziurtatu du tratamendu pare bat zeudela lehen, eta urte gutxiren buruan zabaldu egin dela tratamendu aukera. Ikerlanek fruituak eman dituzte, baina ezin jakin oraindik inoiz betiko sendatzeko antidotoa aurkituko ote den.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other