agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

“Feminismoak eman didana pazienteei transmititzen diet”

Maitena Monroy, fisioterapeuta
Oso gaztetatik darama Maitena Monroyk (Bilbo, 1972) feminismoan formatzen, eta mundu osoan ibili da autodefentsa feministako tailerrak jorratzen. Saharako errefuxiatu kanpamentuetara, Latinoamerikara eta Europako hainbat herrialdetara eraman dute bere betebeharrek, eta argi dio fisioterapeuta izateak bere jardun feministan asko lagundu diola. Osakidetzako postu finkoa izateak ahalbidetzen dio bere jarduera aurrera eramateko askatasuna.

Zelan hasi zinen autodefentsa feministako saioak ematen?
13 urterekin batu nintzen feminismora, Bizkaiko Emakume Asanbladara, eta hor erabaki genuen lehendabizi emakumeen autodefentsa sustatzea –autodefentsa feminista beranduago etorri zen– estereotipo batzuk suntsitzeko; horietako bat zen emakumeok ezin genuela ezer egin bortizkeria horren aurka. Nekatuta geunden salaketa jarrera soilaz, eta rol bat izan nahi genuen, ez bakarrik sentsibilizazioan. Emakumeei baliabideak eman nahi genizkien jakin zezaten nola egin aurre zenbait egoerari. 80ko hamarkadan hasi ginen tailerrekin, eta konturatu ginen indarkeria fisikoa ez zela emakumeok gehien sufritzen genuena, baizik eta psikologikoa. Ez hori bakarrik, ikusi genuen indarkeria psikologikoaren aurretik gizarteratze prozesuan ahalduntzearen kontrako prozesu bat gertatzen dela. Emakumeok gizarteratu gaituzte genero eredu batean non lehorra zaren mugak jarriz gero eta zeurekoia zuretzako denbora hartzen duzunean. Gainera, emakumeok ikasten dugu ez garela gai zenbait arazo konpontzeko, babesgabetasuna ikasi eta bereganatu dugulako. Orduan, konturatu nintzen emakumeok emakume izateagatik berdintasun falta handia bizi genuela, eta arrazoi horiengatik sartu nintzen mugimendu feministan. Tailer hauek antolakuntza feministen fruitua dira; mundu osoko mugimendu feministei zor dizkiegu. Ulertu genuen indarkeriatik babestu baino lehen ikasi behar genuela patriarkatua guregandik ateratzen.

80KO HAMARKADAN HASI GINEN TAILERREKIN, ETA KONTURATU GINEN INDARKERIA FISIKOA EZ ZELA EMAKUMEOK GEHIEN SUFRITZEN GENUENA, BAIZIK ETA PSIKOLOGIKOA

Tailerren edukiak teorikoagoak dira praktikoak baino?
Kontua da, Amelia Valcarcelek (pentsalari feminista eta filosofoa) dioen moduan, ez dagoela teoriarik praktika barik. Orduan, feminismoak ematen digun teoria hori guztia lantzen dugu tailerretan. Adibidez, patriarkatuaren eraikuntza eta zelan barneratzen dugun zeozer biologikoa balitz bezala, eta ez politikoa. Munduarekiko beste jarrera bat har dezagun, ezinbestekoa da ulertzea zelan prozesu horiek menpeko egiten gaituzten, eta ulertzea arazo estruktural bat izanik beharrezkoak direla ahalduntze ekintza kolektiboak eta ez indibidualak. Indarkeria, diskriminazio edo jazarpen egoera bati mugak jartzen dizkiodanean, ez naiz ni lehorra. Lehorra erasotzen gaituena da. Oso zaila da emakumeok sentitzea eragiteko ahalmena dugula, lehenago ez badugu gizarteratze prozesu hori eraisten.

Jendeak pentsa dezake autodefentsa feminista saioetan arte martzialak irakasten direla.
Ba ez [barrezka]. Gainera, patriarkatuari interesatzen zaio indarkeria orokorrean indarkeria fisikoarekin lotzea. Emakumeen aurkako bortizkeria patriarkatuaren oinarrietako bat da. Izan ere, irakurleek galde diezaiekete euren buruei haien auzoan bortxaketa bat gertatuz gero, noren gainean ezarriko litzatekeen kontrola. Nori jarriko liokete ordutegi zurrunagoa? Nori esango liokete ez etortzeko bakarrik etxera? Batzuetan erakundeetatik ere zabaldu da emakumeok utzi behar diogula zenbait lekutara joateari seguru egon gaitezen. Gizonei helarazi behar zaie mezu bat: sexualitatea adostua izan behar dela eta bortizkeria dagoenean hori ez dela maitasuna. Esan behar diegu matxismotik irten daitekeela, baina horretarako nahia baldin badute.

FISIOTERAPIAK ASKO LAGUNDU DIT AUTODEFENTSA TAILERRAK EMATEKO, ETA ALDERANTZIZ ERE BAI

Horrez gain, noski konpondu behar direla indarkeria fisikoaren egoerak, eta horretarako baliabideak ematen ditugu, baina indarkeria fisikoa baino lehen beste indarkeria mota batzuk gertatu dira, eta askotan ez ditugu ezta identifikatu ere egin. Feminismoan askok egiten dugu berba terrore sexualaz. Hau da, askotan esaten digute “kontuz, zoro asko daude solte, ez zaitez joan bakarrik etxera”. Beti egozten diete bortizkeria zoroei, eta beren burua zaintzeko ardura emakumeei, geure burua zaintzeak sufrimendua ekidingo balu bezala. Gizon matxisten gehiengoak modu kontrolatuan eragiten du indarkeria. Badakite noren aurka egin –emakumeen aurka– eta badakite zelan egin. Izan ere, orain taldeko bortxaketak ikusten ari gara, eta ez da lehen ez zirelako gertatzen, baizik eta emakumeok galdu dugulako biktima izatearen lotsa. Erreparazioa eskatzen dugun subjektuak izaten hasi gara.

Lagundu al dizu autodefentsa tailerrak emateko fisioterapeuta izateak?
Bai, zalantza barik. Antonio Damasio neurozientzialariak dio gorputzaren bitartez adierazten dugula dena, orduan honen gaineko ezagutza izateak laguntzen du. Gainera, asko lantzen dugu “genero ezinegona”, hau da, zelan ikus daitezkeen generoaren gaitzak emakumeen osasunean. Horrek laguntzen digu ulertzen gizarte eta kultura konstruktu horiek emakumeen osasunean duten eragina. Emakume askok ez diote euren buruari amorrua izaten uzten, eta badakigu amorrua gordetzeak tristezia eragiten duela. Tristeziak pasibotasunera bultzatzen gaitu, eta ez aktibotasunera. Amorrua, berriz, puntuala da, eta motor bat da gertatzen zaizkigun gauzez konturatzeko, normalean bidegabekeria eta diskriminazio momentuetan agertzen baita. Agian horrek azal dezake zergatik emakumeek gizonek baino %70 aldiz gehiago sufritzen duten depresioa –depresio exogenoaren kasuetan, adibidez– edo agian horregatik dira fibromialgiaren gaixoen %90 emakumeak. Azken finean –ikuspuntu holistiko batetik– ezagueren gehiketa bat dira, gure pazienteek hemen Osakidetzan dauzkaten trauma eta pedagogia prozesuetan laguntzeko. Tresna eta baliabideen batura da. Askotan esaten diet haien buruarentzako hamar minutu gordetzeko egunero, eta esaten didate ez dauzkatela. Ba hor dago arazoa! Fisioterapiak asko lagundu dit autodefentsa tailerrak emateko, eta alderantziz ere bai, eta feminismoak eman didana pazienteei transmititzen diet.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other