agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Zerbait ematera joan eta askorekin itzuli

Marian Aranaz, erizaina
Ia hogei urte daramatza DOA gobernuz kanpoko euskal erakundeak Guatemalara bidaiatzen. Bertan, baliabiderik ez duten pertsonak artatzen dituzte; batez ere, emakumeak. Marian Aranaz erizain bizkaitarrak hamabi urte daramatza boluntario lanetan, eta, dioenez, ematen duena baino askoz gehiagorekin itzultzen da etxera, bi asteko egonaldiaren ostean. Bertako pazienteei ebakuntzak egiteko aprobetxatzen dituzte bidaiak. Urte hauetan guztietan etxean bezala sentitu direla aitortu du Aranazek.

Donostian sortu zen DOA (Denok Osasunaren Alde), 2002. urtean. Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde horren lana batik bat da Hego Amerikako herrialde zenbaitetan osasun-asistentzia ematea. Hain zuzen, urte hauetan guztietan Guatemalara joan izan da bertako herritarren osasun-beharrizanak nolabait estaltzera. Hasierako boluntarioek arreta kirurgikoa ematen zieten baliabiderik gabeko pertsonei eta arreta integrala emakume indigenei, baita formakuntza ere hango osasun-langileei. Urteak pasatu ahala, beharrizanak lehengo berak dira, eta, 2005ez geroztik, Guatemalaz gain Boliviara ere joaten dira DOAko kideak.

Marian Aranaz Galdakaoko ospitaleko ebakuntzetan jarduten da erizain, eta 2007. urtean hasi zen DOA elkartearekin Guatemalara joaten. Aurten izan du hamabigarren aldia, eta hasierako ilusio berarekin dagoela aitortu du. Urtero bi asterako joaten dira, urri amaiera edo azaro hasiera aldera. Guatemalan egiten dituzten bi asteetatik, hamahiru egun, ebakuntzak egiten ematen dituzte, egunean hamar orduz. Aranazek dioenez, urte hauetan guztietan harreman estuak egin dituzte hango herritarrekin.

PREBENTZIOZKO OSASUN-HEZKUNTZA OSO GARRANTZITSUA DA GUATEMALA BEZALAKO TOKIETAN

Hasierako urteetan Guatemalako Antigua hirira joaten zen Aranaz DOAko kideekin. Han apaiz batek sorturiko ospitale batean jarduten zuten baliabiderik ez zuten pertsonei ebakuntzak egiten. Antiguara bost urtez joan zen, eta 2012an, Guatemalatik 200 kilometro ingurura dagoen Retalhuleu landa eremura joaten hasi ziren Aranaz eta taldekideak. Hain zuzen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bina zirujau, ginekologo eta anestesista eta lau erizain joaten dira bidaia bakoitzean. Guztira, hamar lagun.

Guatemalako hego-mendebaldean dago Retalhuleuko eskualdea. Turismorik gabeko landa eremua da, indigenaz betea. Herrixketan bizi dira, eta txabolismo asko dago. Batik bat azukrea ekoizten dute, eta gehienak landatik bizi dira. “Jornalari baten eguneko soldata 2 eurokoa da”, ohartarazi du Aranazek. Iritsi ziren lehen urtean, ospitalea teilape soil bat zen, kafe soro baten erdian. “Urteek aurrera egin ahala, izugarrizko aldaketa izan da, ospitale ederra da orain”. Urte hauetan, ezagunak egin direla dio Aranazek. “Askok jada badakite noiz iritsiko garen, eta zain egoten dira”. Behin tokiko telebista kate batean ere azaldu ziren. Aurrez hango mediku batek ikusten ditu pazienteak, eta hautaketa egin ostean haiek operatzen dituzte. Hamahiru egunez 150 paziente operatzera iristen dira. Materiala Euskal Herritik eramaten dute, eta oso eskertuak daude besteak beste Galdakaoko ospitaleko farmakologia-zerbitzuarekin. “Urte osoan hemen ebakuntza bakoitzean sobratzen dena eta legez berriz erabili ez daitekeena gordetzen dut hara eramateko”, dio Aranazek.

Batik bat emakumeak artatzea izaten da Aranaz eta kideen lana Retalhuleun. “Ez diegu gizonei atea ixten, baina gure lehentasuna emakumeak dira, haiek baitira herrialdearen motorra”. Zirujia orokorra eta ginekologia dira DOAko kideen espezialitatea, eta operatzen dituztenen %80 emakumeak izaten dira. Umetokiko minbizia asko ugaritu da azken urteetan, prebentziozko medikuntzarik egiten ez delako. Horregatik, asistentziaz gain, kontsultak ere egiten dituzte. “Joan den urtean iritsi ginenean, ehun emakume baino gehiago genituen zain kontsulta pasatzeko, eta unea baliatu genuen urtero errebisio bat egin behar zutela gogorarazteko”. Prebentziozko osasun-hezkuntza oso garrantzitsua da Guatemalan eta halako tokietan. Haurrak oso gazterik izaten dituzte, muskulatura garatu gabe dutenean, eta inkontinentzia arazoak ohikoak dira. “Askori umetokia erortzen zaie, ikusi izan ditugu umetokia belaunen parean eskegita zuten emakumeak eta ebakuntzak izugarriak izaten dira”. Horrez gain, obuluetako patologiak ere asko artatzen dituzte. “Ondo kudeatuz gero, ez dira interbentzio hain oldarkorrak, baina han edozein arazorekin pazientea hil egin daiteke”, azpimarratu du Aranazek.

– DOA, ARABA, BIZKAIA ETA GIPUZKOAN DAUDEN BOLUNTARIOEN ERAKUNDEAK BATZEKO HELBURUAREKIN SORTU ZEN.

Ospitale publikoak egon badaude Guatemalan, baina egoera lazgarria da; medioak falta dira, ez dago medikamenturik. Aranazek azpimarratu du bera joan ezean paziente asko eta asko ebakuntza gabe geldituko liratekeela osasun pribatura iristea ia ezinezkoa delako. “Hala konturatzen gara ze garrantzitsua den gu joatea”, dio Aranazek. DOA helburu jakin batekin sortu zen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako boluntarioen erakundeen ahaleginak batzeko, alegia. Progresiboki, iniziatiba berriak gehituz joan dira, besteak beste, proiektu asistentzialak. Horietako batzuk dira odontologiari lotutako proiektua eta hango profesionalen hezkuntza eta formakuntza.

Aranazek aitortu du, Guatemalara joan den urte hauetan guztietan ez duela inolako aldaketarik ikusi: “Ez da ezer aldatu”. Are gehiago, bertako agintariek hara joan ahal izateko gero eta traba gehiago jartzen omen dizkiete. Herrialde aberatsa da Guatemala, eta baliabide garrantzitsuak ditu baina latifundioen eskuetan dago. “Herrialde horien arazorik handiena da ez dela interesatzen aldatzea; klase txiroetako jendea beharrezkoa dute, baina inork ez du ezer egiten haiei laguntzeko; ikusezinak dira”. Aranazen arabera, konponbidea zera da: boluntarioak hemendik joan beharrean hangoak jardutea, eta horretarako formakuntza behar da; hots, jende gaztea kontzientziatzea. “Gu joan, operatu eta itzultzeak ez du inolako etorkizunik”. Hala ere, oraindik ere, DOA erakundea babestea ezinbesteko dela dio Aranazek: “Inoiz baino gehiago, garrantzitsua da jendeak erakundeko ekimenetan parte hartzea eta ekarpen ekonomikoa egitea, txikia bada ere”. Beste hainbat urtez, Guatemalara laguntzera joateko nahia agertu du erizain bizkaitarrak.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other