agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

Euskararen mugak irauliz

Soziolinguistika Klusterrak garatutako Aldahitz-egitasmoaren bi metodologia, Eusle eta Ulerrizketa, praktikan jarri dituzte Bidasoko ESIan, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu. Hamabost langilek baino gehiagok hartu dute parte, eta parte-hartzaileak pozik daude emaitzarekin. Nabarmendu dute hizkuntza-ohiturak aldatzea lortzeko urratsak egiten hasi direla, eta orain lehen baino gehiago egiten dutela euskaraz.

Hizkuntza-ohiturak aldatzeko helburuarekin abiatu zuen Soziolinguistika Klusterrak Aldahitz izeneko proiektua. 2012. urtetik hona, hiru metodologia sortu dituzte egitasmo horren harira: Eusle, Ulerrizketa eta Uler-saioak. Lehenengo bi metodologiak lan-arloan jarri dituzte praktikan dagoeneko, enpresetan eta instituzioetan, eta Uler-saioak metodologia, berriz, garapen- eta proba-fasean dago gaur-gaurkoz. Gainera, Osakidetzaren ezaugarriei erreparatuta, Biko Eusle izeneko metodologia ere sortu dute: Eusleren aldaera bat da, hizkuntza ohiturak bikoteka aldatzeko pentsatua. Osasun-alorrean ere, beraz, murgildu da dagoeneko Aldahitz, eta, besteak beste, Bidasoko ESIan euskararen erabilera bultzatzeko lehen urratsak egin dituzte. Hamasei langile inguruk hartu dute parte prozesuan, eta parte-hartzaileak gustura daude emaitzarekin: gehiago hitz egiten dute euskaraz euren artean. Bidasoko ESIaz gain, Barrualde-Galdakaoko ESIa, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea eta Debabarreneko ESIa dira Osakidetzan 2019an Aldahitz-egitasmoa abiatu duten beste erakundeak. Debagoieneko ESIan ere 2018an egin zuten.

Euskaltegian euskara ikasi duten langile askok euskaraz aritzeko aukerarik ez zutela jabetuta, bestelako ariketa batzuk martxan jarri dituztela adierazi du Garbiñe Loiarte Bidasoko ESIko euskara-teknikariak: “Lau urteotan, Mintzataldea antolatu dugu ospitalean, baina lan-hizkuntza ez da aldatu, ohituragatik edo inertziagatik”. Loiartek azaldu du Osakidetzako Euskara-Zerbitzu Korporatibotik laneko hizkuntza-ohiturak aldatzeko proposamena jaso zutela, Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean. Proposamen horri heldu, eta 2018ko urrian martxan jartzea erabaki zuten.

Garbiñe Loiarte: AZKEN URTEETAN, BIDASOKO ESIan  %35etik %50era IGO DA PROFESIONAL ELEBIDUNEN KOPURUA

Aldahitz egitasmoaren barruko bi metodologia aplikatu dituzte Bidasoko ESIan: Eusle eta Ulerrizketa. Aurrenekoari eutsi zioten hasieran. Izan ere, Eusle izan zen Aldahitz-egitasmoaren lehen fruitua, 2012an argitaratua. Hondarribiko osasun-zentroko harrera-unitatea hautatu zuten horretarako, aurrez aurreko zerbitzua eta Call Center zerbitzua eskaintzen duten profesionalak. Metodologia horren xedea da elkarrekin harremana maiz izaten duten kideetan eragitea, betiere bi baldintzarekin: talde osoak euskaraz ulertzeko gaitasuna edukitzea eta ohiturak aldatzeko borondatea izatea. Eusle-rola zuenak euskara hutsean aritu behar zuen taldeko kide guztiekin. Zortzi asteko iraupena izan zuen: lau asteko bi aldi egin zituzten. Loiartek adierazi duenez, “esperientziak oso balorazio ona izan zuen”. Lehen fase horrek izandako erantzun ona ikusirik, bi edo hiru lankideko Eusle-esperientziak abiarazi zituzten. Elkarrekin lan egiten duten hirukoteek hartu zuten parte Bidasoko ESIko Prebentziorako Oinarrizko Unitatean (mediku bat, erizain bat eta teknikaria).

Garbiñe Loiarte

Ulerrizketa abian

Aurreko bi egoeretan parte-hartzaileek ez zuten euskaraz ulertzeko zailtasunik. Baina zer gertatzen da euskaraz ulertzeko tarteko maila dutenekin? Euskaraz mintzatu eta ulertzeko gaitasun mugatua dutenen eta ongi dakitenen artean euskaraz aritzeko eredu bat landu dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk: Ulerrizketa-metodologia. Izan ere, horrelako egoeretan erdaraz aritzeko joera izan ohi dute euskaldunek, eta joera hori iraultzeko helburuarekin abiatu zuten.

Metodologia hori bertatik bertara ezagutu dute Bidasoko ESIko hiru langilek: Sara Etxebestek, Sandra Romanek eta Amaia Lesakak. Pertsonaleko saileko langileak dira hirurak, eta hiru hilabete inguru egin dituzte esperimentuan. Etxebestek eta Lesakak ez dute inongo arazorik euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko, eta, metodologiarekin hasi baino lehen, euskaraz egiten zioten elkarri; baina Sandrak, aldiz, zailtasun handiagoak ditu hitz egiterakoan, eta gaztelaniaz egiten zioten bai Etxebestek eta bai Lesakak. Horrela bada, Etxebestek eta Lesakak mintzatzailearen rola hartu zuten, eta Romanek ulertzailearena. Metodologiarekin hasi baino lehen, prestakuntza jaso zutela adierazi du Lesakak: “Nola jokatu behar genuen azaldu ziguten. Adibideak eman zizkiguten, eta Sandrak zerbait ulertzen ez zuenean azalpena beste modu batean nola eman irakatsi ziguten, esaldiak beste modu batean formulatuz”.

Sandra Roman: HIZTEGIA DA NIRETZAT ZAILENA. LANEAN AZALDU BEHAR DITUGUN KONTU ASKO OSO FORMALAK DIRA, ETA HORREKIN LOTUTAKO HIZTEGIA EZ DUT MENDERATZEN

Hilabete hauetan batik bat lanetik kanpoko kontuez mintzatu direla azaldu dute: “Goizean, lanera sartzen ginenean, egunerokotasunaren inguruko kontuez aritzen ginen, eguraldiaz eta halakoez”, esan du Etxebestek. Lesakak azaldu du “zailagoa” egiten zaiela lanarekin lotutako gaiez aritzea: “Laneko kontuez aritzea zailagoa da. Azkartasuna behar dugu lanean, eta gutxiago egiten dugu euskaraz. Horregatik, gure kontuei buruz hitz egiten saiatzen ginen, Sandrak gehiago egin ahal zezan euskaraz”. Romanek aitortu du terminologiarekin dituela zailtasunik handienak, eta, horregatik, kosta egiten zaiola lanarekin lotutako gaien inguruan euskaraz hitz egitea: “Hiztegia da niretzat zailena. Lanean azaldu behar ditugun kontu asko oso formalak dira, eta horrekin lotutako hiztegia ez dut menderatzen. Termino asko ikasi ditut azkenaldian, baina zaila egiten zait hainbat gauza azaltzea. Esaterako, ordezkapenez arduratzen naiz ni, eta zailtasunak ditut datak, orduak, lekuak eta abarrak esateko orduan. Askotan, euskaraz azaltzen dizkiet gauzak, eta ondoren, badaezpada, gaztelaniaz errepikatzen diet dena”.

Lanaren fruituak

Azken hilabeteotako ahaleginak fruituak eman dituela nabarmendu du Loiartek: “Azken urteetan, Bidasoko ESIan % 35etik % 50era igo da profesional elebidunen kopurua. Batetik, profesional elebakarrak jubilatu ahala, profesional elebidunak hasi direlako lanean. Eta, bestetik, profesional askok euskara ikasi eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatu dituztelako, baina hori ez da nahikoa laneko hizkuntza-ohiturak aldatzeko”. Lesaka, Etxebeste eta Roman ere pozik daude egindako bidearekin, eta aldaketa nabaritu dutela esan dute hirurek: “Ohiturak aldatu ditugu. Amaiarekin euskaraz hitz egiteko ohitura nuen, baina Sandrarekin inoiz ere ez; zuzenean gaztelaniaz egiten genion, nahiz eta jakin euskara ikasten ari zela. Aldaketa izugarria izan da”, azpimarratu du Etxebestek. Romanek ere lortu du bere eguneroko jardunean ohitura batzuk aldatzea: “Asko nabaritu dut. Adibidez, telefonoa hartzen dudanean, euskaraz egiten dut. Beste aldean dagoenak oso azkar hitz egiten baldin badu, esaten diot ikasten ari naizela, eta mantsoago egiteko eskatzen diot. Lehen ez nintzen ausartzen horrelakorik egiten, baina orain gero eta gehiago ausartzen naiz”.

Esperientzia oso baliagarria izan dela uste duten arren, Lesakak gehitu du nahi baino aukera gutxiago dutela elkarri euskaraz egiteko: “Gure kasuan, lan karga handia dugu, eta nabaritzen dugu gutxiago egiten dugula. Askotan ez dugu denborarik askorik hitz egiteko”. Halaber, ahal duten guztietan euskaraz egiten saiatzen direla nabarmendu dute, eta bat etorri dira esatean esperientzia oso baliagarria izan zaiela.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other