agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Genitalen mutilazioa ekidinez

Osakidetzak emakumeen genitalen 129 mutilazio-kasu erregistratu ditu azken bi urteotan, guztiak migrazioaren aurretik egindakoak. Emakundek, Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu dute «eraginkorrak» direla mutilazioari aurrea hartzeko neurriak. Durangoko Udalak eta Durango-Landakoko Osasun Zentroak lau urte daramatzate elkarrekin lanean interbentzioak egiten: neskatoak «babestea» dute xede.

Ez dago datu zehatzik esateko munduan zenbat emakumek sufritzen duten genitalen mutilazioa. Halere, UNICEFen arabera, gaur egun bizirik dauden 200 milioi emakumek baino gehiagok jasan dute praktika hori, eta beste asko hil egin dira. EAE Euskal Autonomia Erkidegoan ere egon badaude genitalen mutilazioa sufritu duten emakumeak. 2018 eta 2019 urteetan, 129 kasu hauteman eta erregistratu ditu Osakidetzak: 67 kasu 2018an eta 62, berriz, 2019an. Kasu horietako hogeita bat 14 urtetik beherako neskei hauteman dizkiete. Mutilazio guztiak migrazioaren aurretik egindakoak izan direla azaldu du Osakidetzak. Urteak dira medikuei formakuntza ematen zaiela emakumeen genitalen mutilazioaren inguruan, eta saio horietan ikasitakoa praktikan jartzeko beta ere izan dute zenbait profesionalek. Esaterako, elkarrekin dihardute Durangoko Udalak etaDurango-Landakoko Osasun Zentroko Pediatria sailak, herriko neskatoak babestu eta euren familiak kontzientziatzeko helburuarekin.

«JARDUNALDI HORIETAN AURKEZTU ZITUZTEN GENITALEN MUTILAZIOA SUFRITZEN DUTEN EMAKUME MIGRATZAILEEN KOPURUAK, EAEKO HERRIENAK, ETA DURANGO HIRUGARREN POSTUAN ZEGOEN ZERRENDA HORRETAN» Nekane Morato

Osakidetzak emakumeen genitalen mutilazioaren inguruan emandako datu horien artean, ordea, argi izpi bat dago; izan ere, azken bi urte hauetan ez dute jakinarazi edo erregistratu mutilazio kasurik opor-garaian eginik edo bisitan jatorrizko herrialdera joatean. Gauzak horrela, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ondorio nabarmen bat atera dute: «eraginkorrak» dira EAEn emakumeen genitalen mutilazioari lan-esparruan aurrea hartzeko neurriak.

Osasun-zentroek esku-hartze zehatzak dituzte arriskuan egon daitezkeen neskak beren jatorrizko herrialdeetara joaten direnerako. Hain zuzen, oporretara joan baino lehen, neskaren familiari dokumentu bat sinatzeko eskatzen diote: ‘Prebentziozko Konpromisoa’. Dokumentu horrek zehazten duenez, familiak neskatoaren segurtasuna bermatu behar du, eta jatorrizko herrialdetik EAEra mutilatu gabe itzuliko dela. Bestalde, Osakidetzak eta Emakundek nabarmendu dutenaren arabera, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban arriskuan egon daitezkeen emakumeen kopurua «nahiko mugatua» da, eta «nahiko lokalizatuta» dago.

Herritarrengandik gertu

Familia bakoitzaren errealitatea berezia da, eta garrantzitsua izan ohi da kasuak bertatik bertara eta behar bezala ezagutzea neskatoei eta familiei laguntza eskaintzeko. Hartu-eman hori ondo baino hobeto ezagutzen du Nekane Morato medikuak. Pediatra da Durango-Landakoko Osasun Zentroan (Bizkaia), eta Osakidetzak emakumeen genitalen mutilazioaren inguruan egindako jardunaldi batzuetan parte hartu eta gero hasi zen arriskuan zeuden neskekin eta familiekin lan egiten. «2016ko otsailaren 17an hasi nintzen lanean, Bilbon, genitalen mutilazioaren inguruan antolatutako jardunaldi batera joan ostean. Jardunaldi horietan aurkeztu zituzten mutilazioa sufritzen duten emakume migratzaileen kopuruak, EAEko herrienak, eta Durango hirugarren postuan zegoen zerrenda horretan».

Herrian bertan zegoen arazoaz jabetuta, Pediatria saileko lankideak sentsibilizatu zituen Moratok, eta Durangoko Udalarekin jarri zen harremanetan. Saiakerak bere fruituak eman zituen, eta horrela abiatu zuten emakumeen genitalen mutilazioaren interbentzioa Durangon bertan. Nabarmendu du neskatoak «babestea» dela langileen helburu nagusia, eta medikuen eta udalaren koordinazio-lana «ezinbestekoa» dela horretarako. Esku-hartze horrek bi maila dituela azaldu du Moratok: batetik, prebentzio-kontsulta indibiduala egiten diete osasun-zentroan bertan arriskuan egon daitezkeen neskei; horien artean, mutilazioak praktikatzen dituzten herrialdeetako neskei  nahiz familian mutilazioa sufritu duen emakumeren bat duten jaio berriei; bestetik, udaletxean prebentzio komunitarioa egiten dute, ‘Emakumeen genitalen mutilazioa ekiditeko osasun-agenteak’ izeneko programaren barruan, udaleko immigrazio teknikari Verónica Redondok eta Auzolan Asistentzia Psikosozialak gidaturik.

«OSAKIDETZAK ARGITARATUTAKO GIDARI JARRAITUZ, FAMILIAK GENITALEN MUTILAZIOAREN INGURUAN SENTSIBILIZATU, HEZI ETA INFORMATU EGITEN DITUGU» Nekane Morato

Moratok 5 urte baino gutxiagoko hogei neskato artatu ditu kontsultan, hamabost emakume mutilatuen alabak guztiak. 25-40 urteko emakumeak dira ama horiek, eta Afrikako herrialde batetik baino gehiagotik etorriak: zortzi Nigeriatik, lau Malitik, bat Ginea Bissautik, bat Senegaldik eta beste bat Gineatik. Hamabost emakume horietatik hamarrek udaleko programan parte hartu dutela adierazi du, Nigeriatik eta Malitik etorritakoek, hain zuzen. Kontsultan, neskatoen gurasoekin ere lan egiten duela azaldu du pediatrak: «Osakidetzak argitaratutako gidari jarraituz, emakumeen genitalen mutilazioaren inguruan sentsibilizatu, hezi eta informatu egiten ditugu familiak. Gainera, mutilazioak ekar ditzakeen ondorio legalen inguruko informazioa helarazten diegu gurasoei, eta prebentziozko konpromisoa sinatzen dugu gurasoekin batera. Horrez gain, arriskuan dauden alabak dituzten hamabost emakumeren berri eman diot udalari».

Nola jardun jakiteko

Osasun eta Hezkuntza Sailaren eta Emakunderen elkarlanari esker, hobekuntzak izan dira, hein handi batean, emakumeen genitalen mutilazioari aurrea hartzeko orduan. 2016an, diagnostiko bat egin zuten aurrena, egoera nolakoa zen jakiteko, eta, horren ondoren, osasun-arloan jarraitu beharreko protokoloa definitu zuten bi argitalpenetan: Emakumeen genitalen mutilazioa. Euskadiko osasun sisteman gomendatutako jardunen gidaliburua eta Esku hartzeko oinarrizko printzipioak.

Gidaliburu horietan azaltzen da nola jokatu behar duten osasun-arloko langileek, neska gazte horien hezkuntza-komunitateak, gizarte-zerbitzuek eta etorkinen elkarteek horrelako kasurik antzemanez gero. Horrez gain, prestakuntza-saioak jaso dituzte langileek, Moratoren kasuan bezalaxe.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other