agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

Jitoan dabiltzan migratzaileak salbatzen

Izaskun Arriaran • Debagoieneko Ospitaleko erizaina
Erizaintza ikasten hasi bezain pronto, oso argi zuen Izaskun Arriaranek (Aramaio, 1977) behartsuenei lagunduko ziela. Debagoieneko Ospitalean egiten du lan, Barne Medikuntzako Unitatean, baina ospitaletik kanpo ere lan ugari egindakoa da: besteak beste, Hego Amerikan eta Saharan aritu da borondatezko lanetan. Azkeneko bidaia Mediterraneoan egin du: Aita Mari erreskate ontzian, hain zuzen.

Aita Mari erreskate ontziak azarotik hona egindako bi misio bertatik bertara ezagutu ditu Arriaranek, eta hirugarren bat etxetik koordinatu behar izan du. Mediterraneora ailegatzen diren migratzaileen egoera salatu du. 

2017. urtean joan zen aurrenekoz Izaskun Arriaran boluntario Kios irlako errefuxiatuen kanpamentura (Grezian). Hamabostaldi hartan ikusitakoak zeharo aldatu zuen, eta proiektuko koordinatzailea da gaur egun. “Han nola dauden pixka bat ezagutuz gero, ezinezkoa da ahaztea”. Iazko azaroan, Aita Mari erreskate ontziarekin Mediterraneora joatekoa zen, eta, bidaia atzeratu zela aprobetxatuz, Kiosera joan zen lehenengo. Lau urteotan, gauzak okertu egin direla nabarmendu du, eta lehen 2.000 errefuxiatu bazeuden orain 8.000 omen daude Kiosen.

Lesbostik abiatu ziren (Greziatik) Aita Mari erreskate ontzian. Mediterraneoan egindako lehen erreskatean, 79 lagun salbatu zituzten. Arriaranek adierazi du erreskatatutako horiek oro har ez zeudela oso larri: “Nekatuak zeuden, baina izugarrizko poztasuna hartu zuten aurkitu genituenean. Nahiko gazteak ziren, eta osasuntsu zeuden, baina psikologikoki oso gaizki, Libian jasotako etengabeko tratu txarrengatik”. Pozzallon porturatu zen Aita Mari, Italian, eta gau bat han bertan igaro behar izan zuten, ez zietelako irteten utzi. Erreskatea bukatu, eta Greziara itzuli ziren. 

«MEDITERRANEOAN LAU ONTZI OSO LARRI ZEUDELA ABISATU ZIGUTEN, ETA EZ MALTAK EZ ITALIAK EZ ZUTELA ERRESKATERIK EGITEKO ASMORIK»

Otsailean egin zuten bigarren misioa. Orduko horretan, Arriaran ez zen bertan izan, baina adierazi du “oso desberdina” izan zela aurrekoarekin alderatuta: “Ume asko zihoazen erreskatatutako ontzian. 51 lagunek 18 urte baino gutxiago zuten, eta, horregatik, giroa eta antolakuntza guztiz desberdina izan ziren”. Hirugarren eta azken erreskatea, berriz, denetan gogorrena izan zela nabarmendu du Arriaranek: batetik, ontzian zeudenen larritasunagatik eta, bestetik, Aita Mari ontzian ez zihoalako boluntariorik.

Arriaran erreskatatutako migratzaile batzuen datuak biltzen.

Laguntza, guztiaren gainetik
Hirugarren misioari ekiteko, Italiara joan ziren Aita Mari erreskate ontziko boluntarioak martxoan; zehazki, Sirakusara. Astebetez aritu ziren prestaketan, eta, Arriaranen arabera, zailtasunak bata bestearen atzetik agertu zitzaizkien: “COVID-19 izurritea zela eta, ezin ginen itsasora atera erreskateak egitera. Astebetez egon ginen itsasontzian konfinatuta”. Hori ikusita, etxera itzuli ziren boluntarioak, baita Arriaran ere. Hilabete eta erdi inguru igaro zuen Aita Marik Sirakusako portuan, eta, erreskaterik egin ezingo zutela ikusita, itsasontzia Euskal Herrira ekartzea erabaki zuten. 

Itzulera horren bigarren egunean ailegatu zen ezustekoa: “Mediterraneoan lau ontzi oso larri zeudela abisatu ziguten, eta ez Maltak ez Italiak ez zutela erreskaterik egiteko asmorik”. Momentu horretan, Aita Marin ez zegoen ez boluntariorik ezta sanitariorik ere, eta erabaki bat hartzea oso zaila izan zela azaldu du Arriaranek: “Bilera bat egin genuen, eta argi izan genuen geure helburua: ezin genuen beste aldera begiratu, erreskatea egin beharra zegoen”. Migratzaileen ontzira ailegatu zirenean, sei pertsona inguru aurkitu zituzten konortea galduta, eta, Aita Marin medikurik ez zegoenez, Maltako Gobernuari eskatu zioten laguntza. Horrek, ordea, ez zien irtenbide eraginkorrik eman: “Ontzian ura sartzen hasi zen, eta, orduan, Maltak esan zigun egoera oso larria zenez, ontzian zeudenak itsasontzira igotzeko. Jendea igo, eta halere ez genuen erantzunik jasotzen. Ez ziguten esan zein portutara joan, ezta zein norabide hartu ere”. Bost egun igaro zituen Aita Marik itsasoan nora joan ez zekiela, “tentsio handiarekin”. Arriaranek ahal bezala lagundu zien itsasontziko langileei etxetik, aholkuak emanez. Azkenean, Italiak Siziliarantz joateko esan zien, eta Palermon amaitu zuten. 

«OSO IKUSKAPEN ZORROTZA EGIN DIOTE ONTZIARI, ETA DUEN KATEGORIATIK GORAKO NEURRIAK ESKATU DIZKIGUTE»

Aita Mari, geldirik
Palermora ailegatu zirenean, Aita Marik Italiako Gobernuaren ferry batean utzi zituen 34 migratzaileak. Bi aste geroago, Italiako kostazainek ikuskapen bat egin zioten itsasontziari, eta geldiarazteko agindu zuten, “irregulartasunak” zituela argudiatuta. “Oso ikuskapen zorrotza egin diote ontziari, eta duen kategoriatik gorako neurriak eskatu dizkigute”. Ondorioz, Palermoko portuan dago Aita Mari, ez aurrera ez atzera, eta, Arriaranek adierazi duenez, ez dakite noiz ekarri ahalko duten Euskal Herrira: “Gure helburu bakarra da itsasontzia etxera ekartzea, eta eskatzen dizkiguten aldaketa horiek guztiak etxean egitea. Ez du zentzurik horrelako ikuskapen bat egitea erreskate ontzi bati”. 

Guztiaren gainetik, hiru erreskateak ongi atera zirelako pozik daudela nabarmendu du Arriaranek. “Mediterraneoan zer gertatzen den ikusarazteko aukera izan dugu”. Errealitate gordin hori aldatzeko, Arriaranek dio Europak eta Espainiako Gobernuak ere eman behar dutela lehen pausoa: “Espainiak harrerak onartzen ez dituen bitartean, Maltak eta Italiak ez diete utziko erreskate lanik egiten gure kasuan bezala Espainiako bandera duten ontziei. Aukera ona iruditzen zaigu hiru herrialdeen arteko komunikazioa behartzeko eta Maltak eta Italiak Espainia migratzaileak hartzera derrigortzeko”. 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other