agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Elkar defendatuz, pandemia ahuldu

Galdakao-Usansoloko Ospitaleko ikertaldea

Koronabirusaren izurriteari aurre egiten laguntzeko asmoz, Galdakao-Usansoloko Ospitaleko ikertalde batek entsegu bat abian jarri du. Bertan, koronabirusa duten pazienteei jada gaixotasun bera gainditu dutenen plasma injektatzen diete. Entsegu honen helburu nagusia da pazienteak azkarrago errekuperatu eta konplikazio nabarmenik ez izatea. Entsegu bat izanik, oraindik ez dago emaitzarik.

Norbait gaixotasun infekzioso batekin kutsatzen denean, organismoak erreakzionatu egiten du birusaren antigorputzak ekoitziz. Zehazki, birusa azaldu eta bi aste inguru igarotzen dira antigorputzak azaldu arte. Gaur-gaurkoz, koronabirusa gainditzeko antigorputzak sortzea da irtenbide bakarra. Barrualde-Galdakaoko ESIko Hematologia eta Hemoterapia Zerbitzuak, beste zenbait zerbitzurekin elkarlanean, SARS Cov 2 Galdakao 01 izeneko azterlana argitaratu du. COVID-19aren izurriteari aurre egiteko beste ekarpen bat da. «Paziente batzuek ohikoa baino denbora gehiago behar izaten dute defentsak ekoizteko, eta beste zenbaitek ezin izaten dituzte ekoitzi ere. Horregatik, birusa ahalik eta azkarren deuseztatzeko, gaixotasuna gainditu duten pazienteen antigorputzak ematen dizkiegu, plasma bidez», azaldu du Tomas Carrascosak, Galdakao-Usansoloko Ospitaleko Hematologia eta Hemoterapiako zerbitzuburuak.

Ez da betirako
Azterlana oraindik ere hasierako fasean dagoela azpimarratu nahi izan du Carrascosak, eta «tratamendua ahalik eta paziente gehienekin erabiltzea» beren asmoa dela. Oraindik ez dute argi gaixotasunaren zein fasetan erabiliko duten tratamendua, baina eraginkorrena omen da ahalik eta faserik goiztiarrenean egitea. «Txinatarrek unitate intentsiboetan dauden pazienteekin erabili dute; italiarrek, aldiz, paziente guztiekin», gehitu du. Garrantzitsua omen da gehiegizko hantura  erantzuna saihestea. «Paziente batzuen kasuan erreakzioa hantura bihurtzen da, eta, horrelako kasuetan, birusa bigarren mailara igarotzen da; larritasuna handitu egiten da, alegia».

«GALDAKAO-USANSOLOKO OSPITALEA EUROPA MAILAN LEHENETARIKOA IZAN DA KORONABIRUSA DUEN PAZIENTE BATI GAIXOTASUNA GAINDITU DUTEN BESTE PAZIENTEEN PLASMA SARTZEN»

Azterlan baten ibilbidean, erdibideko pausoa da Carrascosaren lantaldeak egindako entsegua. Dioenez, edozein gaixotasun birikotan, antibiriko bat, edo birusa suntsituko lukeen farmako bat izatea egokiena litzateke. Txertoa bigarren aukera litzateke. «Txertoarekin, zera simulatzen da: pazientea birusaren proteina batzuekin edo RNArekin kontaktuan egon dela, eta, hala, organismoa benetako infekziotik defendatzeko prestatzen da antigorputzak sortuz», zehaztu du Hematologia eta Hemoterapiako zerbitzuburuak. «Pazienteari organismoak birusarekin kontaktua egin aurretik edo txerto bidez jaso aurretik defentsak errazten zaizkio».

SARS Cov 2 Galdakao 01 azterlanaren helburua, halaber, beste tratamendurik agertu ezean, plasma bidezko transfusioa gaixotasunari aurrea hartzeko eraginkorra dela eta bere onurak dituela erakustea da. Horren antzeko beste entsegu batzuk ere egiten ari dira nazioartean; alabaina, Galdakao-Usansoloko Ospitalea izan da Europan lehenengoetakoa koronabirusa duen eriondoko bati plasma ematen. «Emaitza biribilak izateko, paziente-kopuru minimo bat izan behar da, eta estatistika-azterketak egin behar dira», azaldu du Carrascosak, eta gaia seriotasunez hartu beharra dagoela esan du.

Emaitzen esperoan
Galdakaon, oraindik ezin izan dute ondoriorik atera. «Paziente asko ospitaleratuta zeudenean, guk ez geneukan plasma immunerik, ez baitzen denbora nahikoa igaro gaixoek antigorputzak garatzeko; orain, aldiz, badugu baina pazienteak gutxitu egin dira, eta geldi gaude apiriletik». Hala ere, emaile-talde bat dute, eta haiei plasma atera eta izozten ari dira, berragertze bat egonez gero, prestatuta egoteko eta ikerketarekin jarraitzeko modua izateko». Argitalpen zientifiko bat publikatzeko asmoa ere agertu du.

Carrascosak azpimarratu du Hematologia eta Hemoterapiako taldeaz gain ezinbestekoa izan dela Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren laguntza prozesu guztian. Baita ospitaleko alor askotako kideen kolaborazioa ere, hala nola Arnasketa Zerbitzua, Barne-medikuntza, unitate intentsiboak, Estatistika Unitatea eta laborategia.

Tomas Carrascosa zerbitzuburuak zuzendu du azterlana.

Aurrekari zientifikorik gabe
Tratamendu gabeko gaixotasunetan erabili izan da plasma transfusioa aurrez. Hain zuzen, 1918. urteko pandemian lehen aldiz. Orduko hartan, baina, inolako entsegurik gabe: odola bere osotasunean eman eta datuak estrapolatu gabe. Ostean, A gripearekin ere egin zen probaren bat, baina ez zen arauzko ikerketarik egin aldi hartan ere. «Arauzko ikerketa batean, paziente batzuei plasma jartzen zaie, eta beste batzuei ez, aldeak ikusteko», azaldu du Carrascosak. Ebolarekin ere egin zen eta paziente bat plasmari esker sendatzea lortu zuten.

«TRATAMENDU GABEKO GAIXOTASUNETAN ERABILI IZAN DA PLASMA-TRANSFUSIOA AURREZ»

Gaur egungo entsegu hau, berriz, Galdakao-Usansoloko Ospitaleko Hematologia eta Hemoterapia Zerbitzuko kide den Enrique De la Puerta doktoreak sortu zuen, eta Carrascosak entsegu bat egitea ez dela erraza azaldu nahi izan du: «Lan gogorra da. Antolatu, material teknikoak eskuratu, langileen kolaborazioa bilatu, bioetika batzordeetan galdetu… Gauza asko egin behar dira, eta beti ere segurtasun handiarekin, egingo dena okerragoa izan ez dadin».

Berragertze bat egonez gero, prest daude Galdakaon. Badute horretarako plasma eta, ahal dutenean, ikerketa zientifiko bidez, emaitzak eskuratzea da haien helburu nagusia. «Uste dugu entsegu honek bere eraginkortasuna eta balioa izan dezakeela pandemian; tratamendua gaixotasunaren zein fasetan erabiliko genukeen zehaztea falta zaigu».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other