Igorlearen eta hartzailearen artean sarritan informazio-galerak gertatzen direlako sortu zen «hizkera argiaren» ekimena, osasun-arloko komunikazioa ulergarriagoa egiteko. 2016an hasi ziren lehen urratsak Kataluniako proiektu bati jarraikiz, eta, ordutik, asko aurreratu dute, prozesu asistentziala ahalik eta eraginkorrena izan dadin.
Dokumentuak moldatzen egiten dute lan Josune Martinezek, Marijo Llarenak eta Jose Diazek. Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko dokumentuak hartu, eta hizkera argira «itzultzen» dituzte. Hizkera laua eta herrikoia ere esan ohi diote, baina gauza bera dira azken finean: teknizismoz betetako informazio bat ulergarri egitea erabiltzaileentzat. Euskaraz zein erdaraz teknika berak erabiltzen dituzte dokumentuak moldatzeko. «Helburua ez da idazle perfektua izatea eta edukia oso zurruna eta zientifikoa izatea, baizik eta informazio hori heltzea», laburbildu du Diazek.
Sareak 2016an egindako jardunaldietako tailer batean kokatu dute ekimenaren erroa. Orduantxe hasi ziren hizkera argia lantzeko saiakerak Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean; hasiera batean, beharrizan jakin batzuk eta muga kognitiboak dauzkaten horiei irakurtzea errazteko. Izan ere, eguneko ospitaleek beste tresna bat izatea zen helburua.
«HELBURUA EZ DA IDAZLE PERFEKTUA IZATEA ETA EDUKIA OSO ZURRUNA ETA ZIENTIFIKOA IZATEA, BAIZIK ETA INFORMAZIO HORI HELTZEA»
2017an ekin zioten hizkera argia lantzeari, antzeko ikastaro batean. Hau da, «dokumentu ulergarrien sorkuntza» lantzen hasi ziren, eta hor jabetu ziren haren garrantziaz. Martinezek uste du lagungarria dela edozein herritarrentzat, ez bakarrik pazienteentzat eta familiakoentzat. Llarena ere bat dator, eta, haren aburuz, beharrezkoa zen erabiltzaileak aktiboago egotea euren asistentzia-prozesuetan: «Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen erronka nagusietako bat da pertsonek parte hartzea asistentzia-prozesu guztietan. Eta horretarako, informazio ulergarria eman behar zaie».
Garrantzi handia ematen diote hirurek ulergarritasunari, eta baimen informatuak jarri dituzte adibide gisa. Izan ere, Martinezentzat funtsezkoa da pazienteek benetan ulertzea zein tratamendu-mota emango dieten, zelan emango dieten eta zelako albo-ondorioak izan ditzakeen, eta lehengo metodoaren arazoa azpimarratu du: «Oso hitz teknikoak erabiltzen dira, eta askotan kontsultak eta ospitaleak eragiten duten urduritasunagatik sinatzen ditugu, benetan ulertu barik», adierazi du.
Erraztasunak  langileentzat  ere  bai
Hirurek  ematen  diete  lehentasuna  pazienteei  eta  familiakoei,  baina  hizkera  argia  onuragarria  omen  da  Sarearen  barne-funtzionamendurako  ere.  «Edozein  motatako  komunikaziora  aplika  daiteke,  askotan  esan  dugu»,  adierazi  du  Llarenak.  Erakundeko  langileek  jasotzen  dituzten  mezu  elektronikoen  kopurua  ekarri  du  gogora,  eta  halakoetan  hizkera  argiaren  irizpideak  erabiltzen  saiatzen  direla  adierazi  du,  informazioa  modu  eraginkorrago  batean  helarazteko.
Martinezen ustez, hizkera argia erabilita eta ulergarritasunaren alde eginda, eraginkorragoa da Sareko langileen lana. «Erabiltzaileak erraz ulertzen du irakurri beharreko dokumentua, eta ez du izaten lehen bezainbeste zalantza», esan du. «Langileek ere denbora aurrezten dute; hala esan digute eurek ere». Martinezen arabera, aurreko metodoarekin langileek denbora asko ematen zuten teknizismoz betetako dokumentuak erabiltzaileei azaltzen.
Oraingoz, teknikariek sanitarioekin batera egiten dute lan dokumentuak moldatzen. «Ezinbestekoa da tandem bat joatea hizkera argiaren taldea eta asistentziako langileak, azken finean, horiek daukate-eta ezagutza teknikoa», esan du Martinezek. Izan ere, teknikariek diotenez, lehendabizi, ulertu egin behar dute testua, eta, horretarako, egilearengana berarengana jotzen dute.
«INFORMAZIOA HERRITARREN ESKUBIDE DEMOKRATIKO BAT DA»
Taldean egiten dute lan. Batek moldatu, besteak zuzendu. Batzuetan, berba bat sartu edo ez eztabaidatzen ibiltzen dira egilearekin, eta, diotenez, dokumentua zaildu arren, zenbait kasutan, derrigorrez agertu behar dira teknizismo batzuk. Kasu horietan, teknikariek azaldu egiten dituzte teknizismook testuan.
Hartzailea  komunikazioaren  ardatza
Dokumentuaren  hartzailea  kontuan  hartzea  ezinbestekoa  dela  pentsatzen  dute  hirurek.  «Nik  uste  dut  garrantzitsuena  irakurriko  duen  pertsonaren  azalean  jartzea  dela»,  laburtu  du  Diazek.  Dokumentuaren  «asmoa»  eta  «helburua»  jakitea  da  funtsezkoa,  eta,  hortik  abiatuta,  hartzailearengan  pentsatzea.  Maila  kulturalak  eta  muga  kognitiboek  eragin  zuzena  dute  horretan.  Hala  ere,  hizkera  argi  guztiek  ezaugarri  komunak  dituztela  dio  Diazek:  «Esaldi  laburrak,  zuzenak  eta  sinpleak  erabiltzen  ditugu,  eta,  berba  teknikoak  daudenean,  azaldu  egiten  ditugu  apur  bat».
Aurrerago formazioa Bizkaiko Osasun Mentaleko Sare osora zabaldu ahalko dela uste dute. Martinezek adierazi du «gutxika-gutxika» zabaldu nahi dutela metodoa sarean, profesionalak gero eta autonomoagoak izan daitezen. «Ez dakigu zenbat denbora beharko dugun denek euren kontura egin dezaten lan, baina, behintzat, euren buruak formatzen ari direla bidal diezazkigukete proposamenak, eta guk zuzendu», proposatu du Martinezek. «Lana erraz dezake horrek».
Hirurek uste dute funtsezkoa dela hizkera argia garatzea osasunaren arloan. «Informazioa herritarren eskubide demokratiko bat da», aldarrikatu du Diazek. «Guk osasunaren arloan egiten dugu lan, eta uste dugu bereziki garrantzitsua dela gertatzen zaigunaz ondo jabetzea».

 
 


