agenda ยป azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Bainu-sasoia zabalik, osasun-neurriak prest

Bainurako guneetarako zenbait osasun-neurri ezarri ditu Osasun Sailak Osakidetzarekin batera. Koronabirusik ez kutsatzeko neurriak ezarri dituzte, gizartearen ardura eskatzearekin batera. Bestalde, eguzkitik eta berotik babesteko aholkuak plazaratu dituzte. Osasun-neurri eta aholku guztiak helbide honetan kontsulta daitezke:
https://www.osakidetza.euskadi.eus/zaindu-osasuna/-/udaz-gozatu-zure-osasuna-zaindu/.

Udaren eta beroaren etorrerarekin batera, bainurako sasoia iritsi da, eta, nahiz eta koronabirusa uraren kontaktuan kutsatzeko aukera txikia den, transmititu daiteke eztulak eta doministikuek sorrarazten duten jariakinen bidez eta pertsonen arteko kontaktuaren bidez. Hori dela eta, osasun-neurriak ezarri dituzte urtegi, erreka, hondartza, igerileku eta bainurako bestelako guneetan. Besteak beste, honelako gomendioak dira: jende pilaketak saihestea, elkarrengandik bi metrora egotea, eskuak sarri garbitzea eta eztula egiteko musuzapiak erabiltzea.

Sintomak edukiz gero, medikuari deitzeko eta bainurako espazioetara ez joateko aholkatzen dute, eta, sintomekin hasiz gero, bainurako-guneetan egon ostean, osasun-zentrora jotzeko. Bestalde, bainuetarako guneetan izaten diren arduradunek eta kudeatzaileek osasun-neurriak bermatu beharko dituzte, eta antolaketan ere aldaketak sartu: sarbidea eta irteera desberdinak izatea, jende-pilaketak kontrolatzea eta bisitetan 2-3 ordu arteko egonaldiak egitea. Bainurako guneak foku izan daitezkeen heinean, desinfektatzeko neurriak ezarri dituzte komunetan, aldageletan, dutxetan eta bestelako espazioetan; besteak beste, guneak sarri desinfektatuko dituzte, eta eskuak garbitzeko xaboia, papera eta paperontziak jarriko dituzte.

Eguzkitik babesteko oharrak
Udako egun bero eta eguzkitsuetan osasun-neurriak hartzeko gomendioak ere argitaratu ditu Osakidetzak. Besteak beste, ur ugari edatea eta arropaz eta kremaz babestea. Larruazalak erradiazio-kopuru jakin bat jasaten du, hori dela eta, zaindu ezean larruazaleko gaixotasunak azal daitezke bizitzan zehar. Larruazaleko gaixotasunak saihesteko, ezinbestekoa da eguzkiak zuzenean ez jotzea ordurik beroenetan, itzaletan jartzea, arropaz babestea, UVA edo UVB iragazkia duten betaurrekoak erabiltzea eta bakoitzaren larruazal motari dagokion eguzkitako krema ematea.

Beroaren prebentziorako ere aholku orokor batzuk eman dituzte: ur ugari edatea, barazki eta frutak jatea, etxean freskotasuna gordetzea, kalean txapelarekin, betaurrekoekin eta arroparekin babestea, bero handia egiten duen orduetan kirol edo jarduera fisiko gogorrik ez egitea eta arreta jartzea haur, gaixo eta adinekoengan. Intsolazioei dagokienez, gerta liteke gorputzak tenperatura doitzeko dituen mekanismoek huts egitea, eta, tenperatura handiegiarekin, gorputzak ur eta elektrolito gehiago galtzea eta horren eraginez muskuluetako zainelduak, deshidratazioa eta intsolazioa sorraraztea; hala, bero-kolpeek organoak honda ditzakete, eta hiltzea ere gerta daiteke. Intsolazio bat dagoelarik, laguna leku freskoan jarri behar da, burua eta besapeak konpresa busti eta hotzekin estali, eta ura eman gatzarekin eta bikarbonatoarekin nahasturik. Konorterik gabe balego eta botaka egingo balu, burua alde baterantz okertu eta airebideak libre eduki. Larrialdietan 112 telefonora deitzea ere aholkatzen dute.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other