agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Genero-indarkeria ez da osasunetik bakarrik landu daitekeen gaia»

Maite Paino • Lehen Mailako Arretako zerbitzuburua

Genero-indarkeria eta sexu-erasoak gertatzen direnean nola jardun jakiteko gida bat aurkeztu du Osakidetzak, osasun-arloko profesionalentzat. Bertatik bertara ezagutu du prozesua Maite Painok (Bilbo, 1960), Lehen Mailako Arretako zerbitzuburuak, gidaren koordinatzailea izan baita. Azaldu du profesional askoren lanaren fruitua izan dela gida hau eta Osakidetzak berritu egin duela horrelako kasuetarako zuen protokoloa.

Nola izan da prozesua?
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoa denez mota honetako gidak koordinatu eta sustatzen dituena, hasiera batean tandem moduko bat osatu genuen Osakidetzako langileek eta Osasun Publikokoek. Nik genero-indarkeriaren programa gidatzen dut, beste askorekin batera, eta oraingoan niri egokitu zait gida koordinatzea. Jende askok hartu du parte; ia 2018. urte osoan aritu ginen lanean gida 2019an argitaratzeko. Hasierako protokolo bat genuen jada, 2009koa, eta gida honekin eguneratu egin dugu protokolo hori. Urte horretatik hona seme-alaben estatusa aldatu da, besteak beste; hau da, gaur egun, genero-indarkeriaren biktimatzat hartzen dira seme-alabak. Horrek beste ikuspuntu bat eskatzen du, baita lan egiteko modu berriak ere. Horrez gain, kalteberatasun handiena duten emakume-taldeak aztertu ditugu: helduak, migratzaileak, gaixotasun mentalak dituztenak… Horrekin, lehenbailehen identifikatu nahi ditugu kasu horiek. Gida osatu genuenean, aditu batzuek irakurri zuten, eta berrikuspen hori egin eta gero, feedbacka eman ziguten; gero, azken berrikuspen bat egin eta amaitutzat eman genuen gida.

«BAKARKAKO ARRETAK ESKATZEN DUEN GOGOETA NABARMENDU NAHI GENUEN»

Gidak pedagogikoa izan nahi du. Hori dela eta, gida originalaz gain, beste gida txikiago bat argitaratu genuen, laburragoa, profesionalak eskura izan dezakeen gida bat. Jende askok hartu du parte haren aurkezpenetan eta hedapenean, eta gidaren gehigarri izan litezkeen gai asko azaleratu dira; egia da gidak inoiz ez direla guztiz osatuak, eta gure kasuan, esaterako, zintzilik geratu zaizkigu seme-alaben gaia eta larrialdiena.

Seme-alaben gaia aipatu duzu. Gai korapilatsua izango da, ezta?
Bai, eta lanean ari gara, baina kontua da oraindik ez dugula publikatu jorratzen ari garena. Gai korapilatsua da: emakumeak larrialdietara ailegatzen dira, salaketak daude tarteko, seme-alabekin agertzen dira… Horrek alde judiziala mugitzea ere eskatzen du. Bestalde, lehen mailako arretaren kasuan, profesionalek pazienteak ezagutzen dituzten arren, sarritan indarkeria ikusezina izaten da, eta zehatzak ez diren patologiak aurkezten dituzte. Indarkeria psikologikoa ere badago, eta zailagoa izaten da edozein asistentzia-mailatan identifikatzen. Profesionalak pentsatu ahal du emakume hori genero-indarkeriaren biktima bat dela, baina ez da erraza, ezaugarri asko hartu behar direlako kontuan. Larrialdietan momentuan bertan gertatutakoarekin egiten dugunez lan, egoera oso desberdinekin aurkitzen gara. Egoera horiek guztiak bildu nahi izan ditugu gidan.

Gainera, emakume guztiek ez dute lesioen partea eman nahi izaten.
Protokolo bat argitaratzen denean, langile askok protokolo horri jarraitzen diote, noski. Gida osatzean genuen asmoa zen profesionalek eta gida irakurtzen duen orok gogoeta egitea zenbait kasutan lesio parte batek sor dezakeenaren inguruan. Bakarkako arretak eskatzen duen gogoeta nabarmendu nahi genuen, eta gida lagungarri izatea edozein erabaki hartzeko garaian, eta ez dena zehatz-mehatz egitea, gidak esaten duenari jarraituz. Guk planteatzen dugun estrategia da emakumeari behin eta berriz galderak egitea, emakumea ongi senti dadin, eroso, eta jazotakoa konta dezan, laguntza eskatzeko.

«BAKARKAKO ARRETAK ESKATZEN DUEN GOGOETA NABARMENDU NAHI GENUEN»

Gomendioak emateaz gain, zer ez egin ere esaten du gidak.
Egin behar ez liratekeen gauzak ere bildu nahi izan ditugu. Akaso, ez dira praktika ebaluatuak izango, baina tira. Guk kontuz ibiltzeko esan nahi izan diegu profesionalei: «Kontuz, honek ez du laguntzen eta». Gainera, gidan genero-indarkeriaren inguruko teoriak ere jaso nahi izan ditugu; uste dut hura zer den jakiteak eta ulertzeak asko laguntzen duela: nondik datorren, emakumeek izaten duten zikloa, zaila izaten dela egoera horri aurre egitea… Horrez gain, gidak alderdi soziosanitarioa ere jorratzen du. Genero-indarkeria ez da osasunetik bakarrik landu daitekeen gaia; hori argi dago; gizarte osoaren lanaz gain, hor dira batzuetan segurtasuna, eremu judiziala, gizarte-zerbitzuak… Langile horien guztien koordinazioa eta elkarlana ezinbestekoak dira horrelako gorabeherei aurre egiteko.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other