agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Kukuaren azken udaberria

Osakidetzako habia uzteko garaia iritsi zaio Euskararen Kukuari. Bost urtez aritu da langileei haien euskara-maila aberasteko lagungarriak izan daitezkeen azalpenak eta informazioa bidaltzen. 5.000 erabiltzaileri baino gehiagori egin die bisita Kukuak, eta, agur esateko garaia ailegatu zaion honetan, langileek ale guztiak intranetean dituzte eskuragarri.

Afrikatik Europara eta Europatik Afrikara migratzen duen hegaztia da kukua. Udaberri partean ailegatzen da Euskal Herriko lurretara, eguraldia epeltzen hasten den garaian, eta goxotasun hori lagun duelarik hasi ohi da kantari. Euskaldunek atsotitz eta sinesmen zahar asko dituzte kukuarekin lotuta. Ezagunena, hauxe: udaberrian, kukuaren kantua lehen aldiz entzutean poltsikoan dirua izanez gero, urte guztirako dirua sobera.

Osakidetzako lurretara ere ailegatu zen kukua, orain dela bost urte. Udaberria zen, martxoaren 25a, eta, dirua eman ez bazuen ere, aberastasuna bai zabaldu zuen lur horietan: Osakidetzako langileen euskara aberastuz aritu da denbora honetan guztian. Eguneroko Kukua izena jarri zioten, eta ekainean utzi berri du Osakidetzan egindako habia.

Euskara Planaren testuinguruan jaio zen Eguneroko Kukua ekimena, eta euskararen ezagutza hobetu, aberastu eta eguneroko harremana euskal munduarekin izan nahi zuten Osakidetzako langileentzat sortu zen. Xede argia zuen: langileei euskara hobetzeko eta aberasteko baliabideak ematea, eta euskal kulturara hurbiltzea. Horretarako, astean hirutan, harpidedunek euskal gramatikari eta euskararen erabilera zuzen eta jatorrari buruzko formazio-dosiak jasotzeko aukera izan dute. Dosiak izan dira, bost minutuan irakurtzeko moduko informazioa eta argibideak; tresna azkarra, beraz: euskara maila modu arinean eta errazean hobetzeko eta aberasteko modukoa. Posta elektronikoz jaso dituzte dosi horiek erabiltzaileek. Hasiera batean, egitasmoaren hastapenean, 3.800 lagun egin ziren harpidedun; azken denboraldian, berriz, gora egin du kopuru horrek, eta 5.032 erabiltzaile izatera ailegatu dira.

Euskaldun guztientzat
Mari Jose Carrasco administrariak hasiera-hasieratik jaso du Kukuaren bisita. Azaldu du interesgarria iruditu zitzaiolako erabaki zuela harpidedun egitea, Eusko Jaurlaritzaren antzeko beste ikastaro bat jasotzen zuenez —Bost minutuko ikastaroa— Osakidetzaren honi aukera eman behar ziola: «Uste dut merezi duela Osakidetzak horrelako ekimenak egitea».

Osakidetzaren Euskara Zerbitzu Korporatiboa eta Gasteizko Udaberria euskaltegia elkarlanean aritu dira urte hauetan guztietan Eguneroko Kukuaren aletxoa erabiltzaile guztiengana iristeko, asterik aste. Esan bezala, Kuku bakoitzean hizkuntzaren inguruko ohiko hutsegiteren bat edo zalantzaren bat planteatu dute, morfologiarekin, sintaxiarekin nahiz lexikoarekin lotua, eta erabilera zuzena edo jatorra, azalpen labur bat eta adibide batzuk txertatu dituzte. Halere, helburu nagusia ez da izan langileen gramatika lantzea, baizik eta haien euskara-maila aberastea. Carrascok nabaritu du hori: «Une bat baino ez duzu behar irakurtzeko, eta hizkuntza aberasten laguntzen dizu». Horrez gain, ostiraletako bisitan, Euskararen Kukuak euskal kulturaz gozatzeko proposamenak egin dizkie harpidedunei, asteburuan Euskal Herriko txoko guztietan antolatutako kultur ekitaldi nahiz jardunaldien berri emanez.

550 KUKU BIDALI DIRA URTETAN. 5032 HARTZAILE 2020an

Teretxu Ocio Udaberria Euskaltegiko irakaslea izan da urte hauetan Euskararen Kukua zaintzeaz eta elikatzeaz arduratu dena. Testuak prestatu eta idazten zituen, eta urteak eman ditu Osakidetzako langileei euskara irakasten eta euskara hobetzen laguntzen. 2018an Osatuberri aldizkariari azaldu zionez, kontuan hartu du irakurleak tipologia askotako euskaldunak izatea, eta hori eduki du abiapuntutzat testuak prestatzerakoan. Horregatik adierazi zuen elkarrizketa horretan Kukuak edozein euskaldunentzat balio duela eta oinarrizko euskara-maila izanez gero euskaldun guztientzat izan daitekeela lagungarri. Carrascoren kasuan, esaterako, azaldu du beti egin zaiola lagungarri: «Beti izan da lagungarria. Dakizkizun gauzak freskatzeko eta ahaztuta zenituenak berreskuratzeko balio du». Eguneroko Kukuak iturri askotatik edan duela esan zuen Ociok: «Gaur egun, informazio asko aurki daiteke sarean: Euskaltzaindiaren arauak, euskarazko hedabideak, Berriaren estilo liburua eta abar. Euskara azterketak gertu daudenean, azterketetako aholkuak sartzen ditut». Horrez gain, erabiltzaileen iradokizunei ere erantzuten saiatzen dela adierazi zuen.

Euskararen Kukuak Osakidetzako habia utzi du, baina orain arte banatutako aletxoak ez ditu berekin eraman. Izan ere, harpideduna izan gabe ere, Osakidetzako beste edozein langilek eskuragarri du Euskararen Kukua intranet korporatiboan, honako helbide honetan: Profesionalak >Euskara >Eguneroko Kukuak.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other