agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Lehentasuna: norbere burua eta ingurukoak zaintzea

Paziente Bizia programak, autozainketan heztea helburu duenak, 10 urte bete ditu. Stanfordeko Unibertsitatearen (SRMC) metodologian oinarritua dago, eta batik bat gaixotasun kronikoak dituztenek edo horietako bat zaintzeko ardura dutenek beren gaixotasuna ezagutzea da xede nagusia. Eraginkortasuna bilatzen duen prozesua izanik, berdinen arteko laguntza funtsezkoa dela diote programako arduradunek.

2010ean sortu zen Paziente Bizia programa, Donostialdeko ESIko profesional talde batek proposatuta berrikuntzari buruzko «Inspirazioaren foroan». Pazientea hezteko modu berriak bilatzea zen taldearen helburuetako bat, hau da, arreta proaktibora bideratutako ereduak bilatzea, pertsonen autozainketa eta parte-hartze aktiboa sustatzeko.

Programaren helburua da partaideek beren bizitza kudeatzen ikastea. Beren osasunaren zaintzan parte hartuz, subjektu aktibo sentitzen dira. Gainera, bizipenak partekatzen dituzte, eta gaixotasunarekin duten esperientzia alderdi baikorrago batetik ikusten dute. Bestalde, zailtasunak non dituzten konturatzen dira, eta irtenbideak bilatzen saiatzen dira; azken batean, beren burua zaintzeko ardura hartzen dute, eta osasun hobea izateko ohitura edo jokabideak ezagutzen dituzte.

Berdinetik berdinera
Paziente Bizia programaren berezitasun nagusia da tailerrak nork eramaten dituen, hau da, gaixotasun kronikoak dituztenek edota haien zaintzaileek. Hots, berdinen arteko erlazio bat dago. Programako arduradunek azaldu dutenez, monitoreen eta parte-hartzaileen harremana askoz horizontalagoa da, eta erabiltzen den hizkuntza guztientzat da ulergarria, teknizismo gutxikoa. «Formatua hain formala ez denez, errazago eztabaida daiteke norberaren burua zaintzeko erabilgarritzat jotzen diren formei buruz; izan ere, beste testuinguru batean beharbada ez lirateke gai sentituko horretarako».

«TAILERRAK 8-15 LAGUNEKO TALDE-SAIOAK DIRA, ETA ASTEAN BEHIN ELKARTZEN DIRA»

Tailerrak 8-15 laguneko talde-saioak dira, eta astean behin elkartzen dira. Honelako lanketak egiten dituzte, oro har: arazoei aurre egiteko teknikak, ariketa fisikoa sustatzeko teknikak, elikadura-nozioak, medikazioaren erabilera egokia, komunikazio eraginkorra (familiarekin eta osasun-profesionalekin) eta gaixotasunari buruzko oinarrizko ezagutzak. Baliabideak, berriz, askotarikoak dira: erlaxazio-audioak eta ariketa fisikoko bideoak, eta hezkuntza-materiala, gaixotasun kronikoei eta tailerrean lantzen diren gaiei buruzko hizkera arruntean idatzitako eskuliburua.

Gaur egun, lau tailer mota daude Paziente Bizia programaren barnean: «Nire osasuna aktiboki zainduz» edozein gaixotasun kroniko dutenentzat edo zaintzaileentzat, «Nire diabetesa zaintzen» 2 motako diabetesa dutenentzat eta zaintzaile nagusientzat, «Ijitoen osasuna zaintzen» ijitoen komunitatearentzat eta «Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen» tailerra hasi baino gutxienez urtebete lehenago prozesu onkologiko batetik igaro direnentzat edo paziente horien zaintzaile nagusientzat.

Dagoeneko, 7.400 lagunek baino gehiagok parte hartu dute programan, eta 340 monitore inguru jarduten dira.

Tailer bat ematen dudan bakoitzean indarberrituta irteten naiz

Jesus M. Garcia • «Nire diabetesa zaintzen» tailerreko monitorea

Duela 25 urte diagnostikatu zioten diabetesa Jesus Maria Garciari (Bilbo, 1958). Jada zortzi urte daramatza Paziente Bizia programako tailerretan monitore.

Zein aholku ematen dituzu tailerrean?
Tailerrean lau gai garrantzitsuri buruz hitz egiten dugu: Elikadura, jarduera osasungarria, pazientearen medikazioa eta emozioen kontrola.

Zer-nolako garrantzia dute tailer hauek?
Garrantzitsuena da pazienteak arduratsuak izatea eta kontzientzia hartzea. Ez dute medikuak esaten duena bakarrik egin behar; ezinbestekoa da beren osasunean parte hartzea ere. Hau da, gaixotasuna eta osasuna batera zaindu behar dituzte.

Nolako balorazioa egiten duzu?
Ikastaro bat egiten dudan bakoitzean, indarberrituta irteten naiz, bizitza osasuntsua izateko gogoz… Asko laguntzen didate ikastaroek. Pazienteek eta monitoreek elkarri irakasten diogu borrokarako gogoa eta gaixotasuna eramateko orduan baikorrak izaten.

Zertan laguntzen dizu tailerrak egunerokoan?
Tailer bakoitzean, taldetik ikasten dut. Partaide bakoitzak bere esperientziak erakusten ditu, ahaztutako asmoak gogorarazten ditugu, ohitura osasuntsuekin adi egoten ikasten dugu…

Norentzat da tailerra?
Tailerretan esaten dugun guztiak edonorentzat balio lezake. Esaterako, diabetikoak direla jakin aurretik etorri diren pazienteak izan ditugu. Gaixotasunari aurrea hartzea da gakoa. Bestalde, tailerrean esaten dugunarekin gaixotasun askori aurrea har diezaiokegu, ez diabetesari bakarrik.

Monitorea parte-hartzaileen mailan egoteak asko laguntzen du

Gema Bikuña • «Minbizia izan ondoren nire osasuna zaintzen» tailerreko monitorea

Bularreko minbizia gainditu ostean 2018an hasi zen Gema Bikuña (Oñati, Gipuzkoa, 1974) Paziente Bizia programako monitore lanetan. Erizaina eta EHUko irakaslea ere bada.

Zein helburu ditu tailerrak?
Garrantzitsuena pazienteak aldaketa txikiak egin ahal dituztela konturatzea da, hau da, ahalduntzea.

Zein baliabide ematen dizkiezu?
Batetik, aktibo izateko arrazoiak eta tresnak ematen dizkiegu. Adibidez, dieta osasungarri bat eramaten eta erlaxazio-ariketak egiten ikasten dute. Bestetik, helburu eta aldaketa txikiak nola gauzatu irakasten diegu, norbere gatazken konponbideak nola komunikatu, emozioak nola kudeatu, gauzak zelan eskatu…

Nolakoa da parte-hartzaileekin duzun erlazioa?
Berdinen arteko erlazio bat da. Garrantzitsua deritzot: monitorea parte-hartzaileen mailan egoteak asko laguntzen du arazoak konfiantzan azaltzeko, adibidez. Sarritan neuk ere pasatu izan ditut sentitzen dutena edo kontatzen dituzten bizipenak.

Jendeak nola erantzuten du?
Oro har, ezjakintasun handiarekin etortzen dira. Espektatiba gutxi izaten dute, baina bertan elkar ezagutu, bizipenak partekatu eta, zazpi asteko tailerraren ostean, oso erlazio polita sortzen da.

Minbizia oraindik ere tabua da gizartean?
Bai, batzuetan bada. Minbizia duten pazienteen emozioak oso erreprimituta egoten dira, eta tailer hauek beraientzat kontziente izateko ikasketa pertsonalak dira, sentipenak partekatzen dituzten hobetze tailerrak, hain zuzen.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other