agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Tunelaren amaiera luzetxoa izango da, ezin dugulako guardia jaitsi»

Pedro Garcia Peña • Larrialdi Zerbitzuetako burua

Aste gogorrak izan zituzten Santa Marina Ospitalean, baina krisiaren latzena pasatu dela uste du Pedro Garcia Peñak, Larrialdi Zerbitzuetako buruak. Urrian birusa berriro agertzen bada, azpiegiturak eta protokoloak askoz hobeto prestatuta daudela adierazi du.

Krisi honetan adineko jendea birbideratu dute Santa Marina Ospitalera. Beste ospitaleekin alderatuta, beste neurri batzuk hartu behar izan dituzue?
Santa Marina Ospitalearen desberdintasun nagusia da prestatuta dagoela paziente kronikoentzat eta zainketa aringarria behar dutenentzat. Larrialdi-zerbitzuak behar dituzte eguneko 24 orduetan, eta, horregatik, beste ospitaleekin alderatuta, desberdintasun nagusia izan da jaso ditugun paziente gehienak zahar-etxeetatik ekarri dituztela, eta horietan «mugimendu» asko egon da. Lan egiteko era bai aldatu zaigu, eta ikasi behar izan dugu bereizten paziente susmagarriak besteengandik, boxetan bakartu… Horrez gain, beste ospitaleetatik COVID-19aren diagnostikoarekin ekartzen zizkiguten pazienteak, eta jarraian igotzen genituen igogailu espezifiko batzuk erabiliz. Beraz, beste zirkuitu batzuk sortu ditugu; norbera babesteko ekipamenduak erabili ditugu, eta ordutegiak luzatu ditugu (adibidez, medikuenak), langileak maizegi ez txandakatzeko. Egoerara moldatu behar izan dugu.

Zelan identifika zenitzakeen COVID-19arekin gaixotuta zeudenak?
Pauten bidez egiten genuen. Ezaugarri kliniko jakin batzuekin zetozen pazienteak, eta arnasketa-infekzio bat zeukan edonori egin behar zitzaion hautemate aktibo bat COVID-19a ez zeukala bermatzeko. Izan ere, orain, paziente guztiei egin behar zaie PCR-proba ospitaleratu baino lehen. Bermatu behar dugu ospitaleetan ondo bereizita egotea COVID-19a dutenak eta gainerako gaixoak. Zona «garbietan» negatibo eman dutenak bakarrik egotea, eta infekzio-zantzuak dituzten pazienteak –PCR positiboekin zein zalantzazkoekin– beste sektore batzuetan ospitaleratzea. Horrela lor daiteke berragertzeak ez gurutzatzea, baina, betiere, detekzio-lan aktiboa egin behar da.

«URRIAN BERRIRO AGERTZEN BADA, ASKOZ HOBETO PRESTATUTA EGONGO GARA»

Egoera gaindiezina egin al zitzaizuen momenturen batean?
Ez dakit gaindiezina izan bazen, baina bai izan genituen ziurgabetasun-momentuak. Gripearekin, adibidez, mende bat baino gehiagoko esperientzia daukagu, baina COVID-19a birus berria da, eta gure esperientzia oso mugatua. Orduan, hasieran, datu berriak eta desberdinak agertzen ziren, eta batzuetan kontraesankorrak ziren. Zuzentarauak bidaltzen dizkizutenean –Osasun Sailetik, Espainiako Osasun Ministeriotik edo Osakidetzatik– zure lana da ospitalean aplikatzea. Ospitale honek egitura arkitektoniko bat du, eta paziente-mota jakin bat. Batez besteko adina 86koa da, eta oro har paziente ahulagoak dira, gaixotzeko aukera gehiago dituztenak. Orduan, askotan planteatzen genion geure buruari ea ondo egiten ari ginen. Esaterako, laguntza eskatu genien Gurutzetako eta Urdulizko ospitaleetan prebentzio-lanetan ari zirenei. Jakin nahi genuen ea zerbait hobetu genezakeen. Egia da momentu batzuetan ziurgabetasun hark ez zigula uzten tunelaren amaierako argia ikusten. Esango nuke bi aste gogor izan zirela. Baina gauzak ondo egiten aritu gara, eta urrian berriro agertzen baldin bada —ematen duen moduan—, uste dut askoz hobeto prestatuta egongo garela. Azken finean, zirkuitu guztiak eta azpiegiturak ondo diseinatuta dauzkagu. Asko ikasi dugu esperientzia honekin.

Baliabide nahiko izan dituzue krisiari aurre egiteko?
Bai. Santa Marina Ospitaleko larrialdi zerbitzuetan ez dugu arazorik izan norbera babesteko ekipamenduekin. Momentu batzuetan giza baliabideak bai izan dira urriak, baina baliabide materialak ez.

Esango zenuke normaltasunera itzultzen ari zaretela?
Ez, ez. Oraindik jendea dugu COVID-19arekin gaixo. Gainera, laugarren solairua «solairu monografikoa» da, bakarrik COVID-19a dutenentzat. Guk hor ospitaleratzen ditugu positibo ematen dutenak. Adibidez, PCRan negatibo eman arren, arnasketa arazoen sintomatologia duten pazienteak bakartuta ospitaleratu behar ditugu 48 ordu baino gutxiago pasatu badira, denbora horrek ez baitu bermatzen oraindik ez dutenik. Paziente horiek oraindik «susmagarriak» dira guretzat, eta PCR-proba errepikatu behar zaie 48 ordutan. Orduan, gure laugarren solairu horrek balio digu COVID-19an positibo eman dutenentzat eta «susmagarri» horientzat ere bai.
Esan diezazuket orain ikusten ari garela «susmagarri» gehienak negatibo ematen ari direla proban. Oso positibo gutxi ikusten ari gara, eta dauzkagun gutxiei alta ematear gaude. Hala ere, susmoa daukagun guztietan bakartzen ditugu, eta PCRa egiten diegu. Hobe da kontuz ibiltzea eta zuhur jokatzea. Gainera, zazpi egunean behin PCRa egiten diegu ospitaleratuta dauden pazienteei, sartzean egin zitzaienaz gain. Horrela, «garbi» dauden pazienteen artean arazorik ez dagoela berma dezakegu.

«OSO POSITIBO GUTXI IKUSTEN ARI GARA, ETA DAUZKAGUN GUTXIEI ALTA EMATEAR GAUDE. HALA ERE, SUSMOA DAUKAGUN GUZTIETAN BAKARTZEN DITUGU, ETA PCR-A EGITEN DIEGU. HOBE DA KONTUZ IBILTZEA ETA ZUHUR JOKATZEA.»

Normaltasunera ez gara itzuli. Neurri batzuk baditugu, bai. Musukoa jarri behar da ospitale barruan, eta bisitarien kopurua murriztu dugu, paziente bakoitzak lagun bakarra izan dezan; orduan, oraindik ez gaude normaltasunean.

Orduan, diozun bezala, tunelaren amaierako argia ari zarete ikusten?
Bai, nire ustez, tunelaren amaiera luzetxoa izango da, ezin dugulako guardia jaitsi. Nik uste dut hemendik urrira arte edo urte amaierara arte hauxe izango dela lan egiteko modua. Funtsezkoa da orain baikorrak izatea —txarrena pasatu dugu— baina guardiari eutsi behar diogu sorpresarik ez izateko.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other