agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Umorearen bitartez, gehiago konektatzen duzu umearekin»

Nerea Aranburu • Erizaina eta aktorea

Nerea Aranburuk (Donostia, 1994) gaztetatik izan ditu bidelagun umorea eta antzerkia. Ogibidez, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko erizaina da, eta haurrekin nahiz helduekin egiten du lan. Bere denbora librean, berriz, umorearekin eta antzerkiarekin lotutako hainbat proiektutan aritzen da buru-belarri: Barrexerka taldean, esaterako. Adierazi du gozamenerako erabiltzen duela antzerkia, baina lanean ari dela ere umorea presente izaten saiatzen dela beti.

Zertan zabiltza orain?
Ikastolako antzerki-taldean hasi nintzen, eta gaur egun antzerki-eskola berean jarraitzen dut. Antzezlan bat prestatua genuen baina, noski, konfinamenduaren kontu honekin, ezin izan dugu aurkeztu. Bestalde, Barrexerka proiektuan jarraitzen dugu. Momentu honetan, egoera ikusita, zehazten ari gara zehazki zer egin. Tira, antzokiak ireki dituzte, baina modu murriztuan, eta pentsatzen ari gara nola antolatu gaitezkeen, zer egin dezakegun aurrera jarraitzeko baina modu egokian… Eta oraingoz ez dut beste proiekturik esku artean; dena den, beti nago prest agertzen diren gauza guztietarako.

«ERABAKI DUGU AGERTOKIAK UZTEA ANTZERKIA OGIBIDE DUTEN HORIENTZAT»

Nolako emanaldiak egiten dituzue?
Orain arte, uste dut lau emanaldi egin ditugula Barrexerkan, eta bakoitzean esketx eta eszena ugari aurkeztu ditugu, bakarrizketez osatuak. Bira txiki bat antolatu genuen: aurretik egindako esketxak eta antzezlanak bildu, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait herritan aurkeztea zen gure asmoa. Baina konfinamenduak harrapatu gintuen bira egiten ari ginela, eta, beraz, ezin izan ginen ailegatu herri batzuetara. Orain bideo berriak grabatzen ari gara, ahal dugun moduan.

Eta antzerki taldean?
Ikastolako antzerki-taldean, antzerki-topaketetan ematen dugu izena. Garai honetan antolatzen dituzte, apiril eta ekain bitartean. Udalek eskainitako antzerki topaketak izaten dira, eta urtero egiten dugu emanaldi bat topaketan aurkezteko. Denetarik egin dugu: Kutsidazu bidea, Ixabel, film bat aukeratu eta antzerkirako moldatu… Aurten, Brianen bizitza euskaratu eta antzerkirako moldatzeko asmoa genuen, adibidez. Zer egin erabakitzeko beti hartzen dugu kontuan zer interesatzen zaigun; hori bai, beti umoretik eta euskaraz sortzen dugu, eta moldatzen eta eguneratzen saiatzen gara, emanaldia geurea egiten. Baina, normalean, esan bezala, beste film bat edo beste antzezlan bat hartu eta dena delakoa egiten dugu hori moldatzeko.

«GAUZA GARAIKIDEAK TXERTATZEN SAIATZEN GARA, BAINA KLASIKOEK ERE FUNTZIONATZEN DUTE»

Ez da lan samurra izango lana, antzerkia eta umorea uztartzea, ezta?
Zaila da, baina, aldi berean, erraza. Zaila da, azken finean, denbora eskatzen duelako eta guk ere gure lana dugulako; Barrexerkak batez ere, guk sortua delako eta ordu asko eman behar dizkiogulako. Ikastolako antzerki-taldea errazagoa da, astean bi orduz entseatzen dugulako eta kito. Baina izugarri disfrutatzen dugu, eta deskonektatzeko balio digu. Agian batzuek kirola egingo dute deskonektatzeko; bada, gure kasuan, umorea eta antzerkia erabiltzen ditugu horretarako, eta dena lagunartean eta, giro onean egiten dugunez, oso eramangarria da. Beti ez da erraza, badira momentu zailak, baina alde on horrek bultzatzen zaitu bide horretan jarraitzera.

Umorea egiteak eta barre eginarazteak lan handia eskatzen du?
Bai. Noski dela zaila umorea egitea, baina, horrez gain, umorea oso aldakorra da. Beti aritzen gara pentsatzen zein txiste egin, zein neurritan… Gauza garaikideak txertatzen saiatzen gara, baina klasikoek ere funtzionatzen dute. Horregatik, jolastea eta proba egitea da kontua, beti ez asmatu arren. Barrexerkan batzuetan gertatzen zaigu uste dugula gauza batek izugarrizko grazia egingo duela, eta, azkenean, txorakeriarik handienak egiten die grazia handien ikusleei.

Lanean saiatzen al zara umorea txertatzen?
Egin beharreko lanaren arabera da hori. Helduen kasuan zailagoa da umeekin baino. Umeekin askoz errazagoa da; beti saiatzen gara umorea txertatzen, bai ni baita lankideak ere. Nire ustez, umorean lan egin edo ez, umoreak gauzak errazago egiteko aukera ematen du. Umorearen bitartez, gehiago konektatzen duzu umearekin, eta konexio horrekin errazago egin daiteke lan, politagoa da, eta nik uste dut umearengan eragiten duzun erantzuna ere hobea dela. Antzerkitxoak egiten ditugu, txiste batzuk bota, ahots desberdinekin jolastu, imitazioak egin… Umeak berehala sartzen dira mundu horretan.

Ze asmo duzu etorkizunera begira?
Gu oso gogotsu gaude. Gertatzen dena da Barrexerkaren proiektua eta antzerki-taldearena ez dela gure ogibidea. Horregatik, erabaki dugu agertokiak uztea antzerkia haien ogibidea den horientzat, eta guk, akaso, orain bertan agertokiaren munduan pauso bat atzera ematea, aurrerago izango dugu gauzak egiteko aukera eta. Gainera, batez ere Barrexerkaren kasuan, sare sozialen bitartez gauza berriak elkarbanatzeko aukera dugu, eta horrek ikusgarritasuna izaten jarraitzeko aukera ematen digu, agertokira igo gabe. Antzerki-taldearen kasuan zailagoa da. Irailerako edo urrirako utziko dugu egindakoa, eta pixkanaka-pixkanaka joango gara aurrera. Disfrutatzeko egiten dugunez, ez dugu inongo arazorik, eta gauzak ongi egin nahi ditugu.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other