agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bultzatuko du Osakidetzak

2016. urtean berdintasunarekin konpromisoa hartuz geroztik, Osakidetza hainbat ekintza gauzatzen ari da ildo horretan: Emakume eta gizonen berdintasunaren Osakidetzaren konpromisoa ikusgai dago sarean. Konpromisoetako bat da hizkuntza inklusiboa eta irudi ez-sexistak sustatzea. Lehendabizi, sentsibilizazio-kanpaina bat abiatzeko asmoa dute ekimenaren antolatzaileek. Ondoren, oraindik erabiltzen diren termino batzuk ordezkatzeko asmoa dute, bai eta hizkuntza inklusiboa erabiltzeko prestakuntza ematekoa ere. Horretarako, Emakundek landutako txostenak izango dituzte oinarri eta helduleku nagusi, beste ahots batzuekin batera.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana lantzen ari da Osakidetza, eta aurten onartzea espero dute. Hartutako konpromisoetako bat da hizkuntza eta irudi sexistarik ez azaltzea bai barneko eta bai kanpoko komunikazioan. Hizkuntza inklusibo baten erabilera sustatzeko lanean ari dira Parte Hartzeko eta Berdintasuneko Zerbitzuan (Giza Baliabideen Zuzendaritzakoa). Lau pertsonak osatzen dute zerbitzua: Maria Eugenia Carranza Perez eta Eulalia Garcia Peña berdintasun-teknikariek; Txaro Goikoetxea Zulueta administrariak eta Gotzone Miranda Larruzea zerbitzuko buruak.

Garciak azaldu duenez, berdintasunaren aldeko erronkaren «zati bat» da hizkuntza inklusiboa sustatzea, eta Mirandak gaineratu du Osakidetzak biztanleria guztia aintzat hartu beharra duela: «Jende guztia berdin aintzat hartu beharra dago, eta iraingarria edo diskriminatzailea den edozein irudi saihestu». Hala, Berdintasun Plana prestatzen era aktiboan parte hartzen dihardute, eta, horretaz gain, berdintasun-kudeaketarako eta aholkularitzarako egitura eta tresnak definitzen, finkatzen eta martxan jartzen. Garciaren arabera, abiatzen ari diren lana «gero eta garrantzi handiagokoa izango da, eta Osakidetza osoan islatuko da».
Mirandak hala azalduta, badira ebidentziak eta arrazoiak pentsatzeko hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzeak bere inpaktua duela gizartean. Beste argudio bat ere badago Osakidetzak darabilen eredua zaintzeko, hots, mespretxuzko edo biolentziazko jokabideak saihestea. Haren arabera, eurak bitartekari batzuk dira balio horiek transmititzeko orduan: «Hizkuntzaren bidez errealitate bat eraikitzen dugu, eta haren bitartez errealitatea era batera edo bestera ulertzen dugu; azken batean, irudi bat eraikitzen dugu. Errealitate sexista bat eratzen ari da, eta ez dugu horra jo nahi, berdintasunezko gizarte baterantz baizik, eta, bide horretan, hizkuntza inklusiboa behar dugu».

«HARTUTAKO KONPROMISOETAKO BAT DA HIZKUNTZA ETA IRUDI SEXISTARIK EZ AZALTZEA BAI BARNEKO ETA BAI KANPOKO KOMUNIKAZIOAN»

Zerbitzuko buruak dioenez, «hizkuntza harremanak izateko baliabidea den aldetik, horrekin errealitateak eraikitzen dira uneoro, eta, alde horretatik, hizkuntza modu ez-sexistan erabiltzeak garrantzia hartzen du. Beraz, eraiki dezagun berdintasun handiagoko eta estereotiporik gabeko gizarte bat». Azaldu duenez, «zerbait ez denean izendatzen ez da existitzen; ez dagoenean ikusgai ez da kontuan hartzen; beraz, genero guztiak aintzat hartzen dituen hizkuntza behar da». Urteak daramatzate aholkularitza teknikoa ematen, erakutsiz irudi eta espresio inklusiboak erabiltzeko modurik egokienak. Horrez gain, jendea hizkuntza ez-sexistaz jabetzeko prestakuntza emango dute. Jarraibide batzuk zabalduko dituzte, eguneroko lanean kontuan hartu beharrekoak, hizkuntza inklusiboaren erabileraz.

Unitateko kideen ustetan, irudiak ez dira ahantzi behar. Mirandak azaldu duenez, «inertziak hautsi behar ditugu lanbide eta pertsonak errepresentatzerakoan, garrantzitsua da estereotipoak haustea eta emakumeak eta gizonak ikusaraztea ikuspegi androzentriko tradizionalarekin zerikusirik ez duten roletan». Haren hitzetan, Osakidetzak kartelgintza inklusiboa izatea zaintzeaz gain, kanpoko materialak kontratatzerako orduan eredu ez-sexista hori izatea ere zaintzen du.

Hizkuntzen erabilera sexista

Euskarari dagokionez, Emakundek plazaraturiko euskararen erabilera ez-sexistaren txostenean oinarritu dira. Euskaraz ere badira hainbat erabilera sexista, besteak beste, mari izenarekin egiten diren hainbat hitz-elkarketa konnotazio negatiboarekin erabiltzen dira, iraintzeko ere baliatzen direlarik. Bestalde, gizonezkoei edo emakumezkoei ezberdin egiteko joera agertzen da maiz; esaterako, jauna eta andereñoa hitzekin gertatzen da. Mirandak aldarrikatu du kasu horietan jaun eta anderea erabili beharra dagoela. Gaztelaniaz, berriz, «mediku» eta «erizain» hitzak erabiltzen dira, bata gizonezkoei eta bestea emakumezkoei erreferentzia eginez. Halaber, medikuntzan hasten diren gehienak emakumezkoak dira, eta oraindik medica hitza erabiltzeko «mesfidantza» dagoela adierazi du Mirandak. Haren arabera, «hizkuntza inklusiboa erabiltzeko formula errazak daude: maskulino generikoa ez erabiltzea, izen kolektiboak erabiltzea, eta, beharrezkoa denean, genero femeninoa eta maskulinoa bereiztea, konplexurik gabe».

Jadanik hizkuntza inklusiboaren inguruko informazioa eskuragarri dago intranet korporatiboko estekan. Hala ere, informazio gehiago kontsultatu ahal izango da laster, eta hainbat eremu egongo dira erabilgarri: hizkera inklusiboa, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna, Berdintasun Plana, araudia, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena, indarkeria sexista, generoa eta osasuna… Osakidetzak dituen barne-hedabideen bitartez, zabalkunde handiagoa egiteko asmoa adierazi dute. Harremanetarako, berdintasuna@osakidetza.eus postontzia ere prest dute. Garciaren arabera, «hizkuntza eta irudi sexisten erabileraren gaia landu behar den zerbait da eta eragin eta sentsibilizatu beharra dago, hizkuntza ez delako neutroa eta hizkuntza inklusibo bat erabiltzeak berdintasuna sustatzen duelako».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other