agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

«Pandemia-garaian gertatzen diren heriotza guztietan agertzen dira faktore traumatikoak»

Maite Zabala eta Blanca Angulo • Zerbitzuko psikologoa eta kooperatibako zuzendaritzako kidea.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailak sortutako Inor Atzean Utzi Gabe funtsaren esparruan, eta erakunde publikoen eta gizarte-erakundeen arteko elkarlanaren ondorioz, hamar programa jarri dira abian, COVID-19aren krisiak sortutako beharrei erantzuteko. Ekainaren 1ean ekin zioten Betirako zerbitzuari, doako arreta psikologikoa dolu-egoeretarako. Agintzariren ekimena da, gizarte-ekimeneko sozietate kooperatiboa bera. Blanca Angulo kooperatibako zuzendaritzako kidearekin eta Maite Zabala zerbitzuko psikologoarekin hitz egin dugu Betirako ezagutzeko.

Ia bost hilabete pasatu dira Betirako zerbitzua abiatu zenutenetik. Nolako balantzea egiten duzue? Herritarrek nola erantzun dute?
B.A.: Jendearen erantzunak hasieratik harritu gintuen, aurkezpena egin eta egun hartan bertan 50 dei izan genituen. Une horretan ikusi genuen oso benetako beharrizan bati erantzuten ari ginela. Oraingoz, 300 pertsonari baino gehiagori eman diegu laguntza.

M.Z.: Zerbitzura etortzen diren guztiek eskerrak ematen dizkigute beraiekin egoteagatik. Krisi garaian gaude, eta batzuetan zaila izan daiteke zerbitzuak eta laguntzak behar diren momentuan aurkitzea. Betirako zerbitzuan psikologo bat aurki dezakete astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara telefonoaren beste aldean, eta horrek indarberritu egiten ditu.

Desberdina al da dolua pandemia-garaian?
M.Z.: Testuingurua erabat aldatu da, eta gure ohiturak ere bai. Guztiz. Bat-batean, gizarteari ezintasuna etorri zaio hil-aurreko uneetan maite duen pertsonaren ondoan egoteko. Halaber, azken borondateen mugak onartu behar izan dituzte, eta jende kopurua mugatu behar izan dute beilatokietan, ehorzketetan eta hiletetan. Agurraren erritualari mugak jarri izanak areagotu egin du trauma bera.

B.A.: Maite dugun norbaiten heriotzak beti dakar mina eta sufrimendua. Baina izurritearen elementu traumatikoek are gehiago zailtzen eta larritzen dituzte dolu-prozesuak. Pandemia-garaian gertatzen diren heriotza guztietan agertzen dira faktore traumatikoak, hala nola ulertezintasun-sentsazioa eta bakardadea bai unean bertan eta bai gero. 

«FUNTSEZKOA IZAN DAITEKE SINTOMA JAKIN BATZUENGATIK KONTSULTA EGITEN DUTENEKIN AZTERTZEA GERTUKO NORBAIT GALDU DUTEN»
Blanca Angulo

Norentzat da Betirako zerbitzua?
B.A.: Pandemia-garaian gertuko norbait galtzeagatik doluan dagoen edonorentzat da Betirako zerbitzua. Heriotzak dakarren minari arreta psikologikoa emateko sortu da, heriotzaren arrazoia edozein izanik ere, koronabirusak eramandakoak izan zein COVID 19aren garaian gaixotasun, istripu, suizidio eta abarrek eramandakoak izan.

Soslai batzuk gehiago errepikatzen dira?
M.Z.: Adin guztietakoek jo dute zerbitzura. Batez ere helduek, baina horiek hala berean kontsulta egiten digute ahaide adingabeengatik. Doluak gertuko guztiei eragiten die, haien generoa edo adina edozein dela ere. Egia da hurbilen dagoenari eragiten diola gehien, baina familia eta haren inguru osoari ere bai.

Zein da doluan agertzen den sintomatologia?
B.A.: Erreakzio sintomatologikoak banaketaren eta galeraren esperientzia naturalaren parte dira, eta, orain, testuinguruaren elementu traumatikoek areagotu egiten dituzte. Hala, fisikoki nekatuta sentitzen direla adierazten digute, lo egiteko edo arnasa hartzeko zailtasunak dituzte, jateko gogoa galtzen dute, tripako, buruko eta artikulazioetako mina dute. Erantzun emozional gogorrak ere izaten dira. Nahasmenduak, kontzentratzeko zailtasunak edota pentsamendu obsesiboak agertzen dira. Jokabide-erantzunei dagokienez, gogorik eza eta nolabaiteko bakartzea erakusten dute.

M.Z.: Doluan erreakzioak oso aldakorrak izan daitezke pertsona batetik bestera; horregatik, funtsezkoa izan daiteke sintoma jakin batzuengatik kontsulta egiten dutenekin aztertzea gertuko norbait galdu duten. Baliteke sintomatologiak lotura izatea dolu-prozesuarekin.

Betirako zerbitzuan zer eskaintzen duzue?
M.Z.: Betirako zerbitzuan lagun egiteko hainbat aukera ematen ditugu, bakoitza ahalik eta erosoen eta prozesuarekiko errespetuz egon dadin zerbitzuan. Horregatik, arreta psikologikoa telefonoz, bideo-deia eginda eta aurrez aurre ematen dugu, pertsonen eta familien beharretara egokituta. Zerbitzuak arreta indibiduala, familiakoa edo taldekoa eskaintzen du, unearen eta pertsona edo familia bakoitzaren arabera. Interesa dutenek gure webgunea www.betirako.org edo Facebook kontsulta dezakete elkar hobeto ezagutzeko.

«PSIKOLOGO ETA TERAPEUTA TALDE BAT GARA, ETA PRESTAKUNTZA SENDOA ETA ESPERIENTZIA PROFESIONAL ZABALA DAUKAGU»
Maite Zabala

Nork osatzen duzue zerbitzua?
B.A.: Psikologo eta terapeuta talde bat gara, eta prestakuntza sendoa eta esperientzia profesional zabala daukagu pertsonei lagun egiteko orduan (haurrak, nerabeak, familiak, adinekoak…) bizipen traumatikoren bat badute eta dolua landu nahi badute. Laguntzeko harremanean dugun orientazioa eta interesa bokaziozkoa da zeharo, eta horregatik gaude jendearengandik hurbilago, errespeturik handienarekin, “doluaren lanketa” esaten diogun horretan laguntzeko.

Sentsazioak baikorrak dira, beraz?
M.Z.: Sentsazioak oso baikorrak dira, eta jendea artatzen jarraitzen dugu, hain prozesu zailerako laguntza profesionala behar dutenentzat. Gurekin harremanetan jar daitezke, kontsulta bakar bat egiteko bada ere. Zalantzarik txikienak ere argitu ditzakegu; ez da zertan prozesu osoa martxan ipini. Dei bakar bat benetan lagungarria izan daiteke. 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other