agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Transexualitate egoeran daudenen bidelagun diren profesionalak

Transexualitate egoera batean dauden adingabeak nahiz helduak artatzen ditu Genero Identitatearen Unitateak. Diziplina anitzeko lantalde batek osatzen du: 2009an sortu zen, eta 2013an, espezialista pediatrikoak gehitu zitzaizkion taldeari. 2009tik gaur egun arte, ehunka transexual tratatu ditu. Urteen poderioz gizartean eta beste hainbat arlotan gertatzen ari diren aldaketei egokitzen ari da unitatea, betiere erabiltzailearen ongizatea eta laguntza fisiko eta emozionala eskaintzea helburu dituelarik.

Genero Identitatearen Unitateak osasun-laguntza eskaintzen die transexualitate egoeran daudenei. 2009. urtean jarri zuten martxan Osakidetzan. Lehen urteetan, transexualitate egoeran zeuden helduentzat bakarrik zen unitatea, baina 2013. urtetik, helduak nahiz adingabeak artatzen dihardu. Lantaldea askotarikoa da, diziplina anitzeko medikuek osatzen baitute unitatea; besteak beste, endokrinologia, psikologia, kirurgia plastikoa eta ginekologia diziplinak barne hartzen ditu. Profesional horiei guztiei esker, Genero Identitatearen Unitateak asistentzia global bat eskaintzen die transexualitate egoeran daudenei: terapia hormonalak, kirurgiak, laguntza psikologiko eta psikiatrikoa eta lagundutako ugalketarako aukera.

Pedro Gonzalez eta Itxaso Rica dira unitate hori osatzen duten langileetako bi. Endokrinologoak dira biak; hau da, sistema endokrinoarekin lotutako gaixotasunak tratatzen dituzte. Halere, ez dute funtzio bera betetzen unitatearen barruan: Gonzalez helduak artatzen dituen endokrinologoa da, eta Rica, berriz, endokrinologo pediatrikoa. Ricak azaldu duenez, orain dela 2 urtetik hona, lehenik endokrinologia-arloko zerbitzuak jasotzen ditu unitatera etortzen denak; lehen, psikologo eta psikiatrek artatzen zuten lehendabizi: «Endokrinologo pediatrikoaren lana da familiarekin eta adingabearekin hitz egitea, transexualitatearen inplikazioa azaltzea, zalantzak argitzea, lasaitzea eta beharrezkoak izan daitezkeen terapia hormonalen inguruan informatzea. Sarritan, ez dute argi nola sentitzen diren, eta guk esaten diegu lasai egoteko, prozesu honek bere denbora behar duelako, ez dela beharrezkoa lasterka egitea, eta, noski, ez zaiela ezertara behartuko».

«ADINGABEETAN ERABILTZEN DEN LEHEN MEDIKAZIOAREN BIDEZ PUBERTAROA BLOKEATZEKO PROZESU BAT JARTZEN DA MARTXAN»
Itxaso Rica

Izan ere, Gonzalezek nabarmendu duenez, unitatearen helburuen artean dago erabiltzailea ondo eta seguru sentitzea: «Unitatearen helburua da pazientearen identitatean oinarrituta berak nahi dituen ezaugarri fisikoetara hurbiltzeko baliabideak ematea, betiere osasuna eta segurtasuna bermatuz prozesu osoan. Badakigu aldaketa hauek oso garrantzitsuak direla maila psikologikoan eta pazienteen bizi kalitatean».

Esan bezala, norbait unitatera etortzen denean, endokrinologiako kontsulta batera joaten da, pediatrikoa edo helduentzakoa. Prozesuaren inguruko informazioa azaldu eta gero, zehaztuta dauden miaketa osagarriak egiteko eskatzen da, eta kasu bakoitzerako beharrezko kontsultak antolatzen dira (psikologia, psikiatria, ugalkortasun-kontsulta). Kontraindikaziorik ez badago, babes psikologikoa eskaintzen zaio, eta mediku terapiarekin hasten da. Adingabeei zuzendutako lehen terapia da pubertaroa garatzen hasten direnean, nahi dutenean eta ez dutenean inongo kontraindikazio fisiko edo emozionalik; terapia horren funtzioa da pubertaroa «blokeatzea». Ricak adierazi duenez: «Adingabea pubertaroa garatzen hasten denean eta familia eta adingabea prest daudenean eta hala eskatzen dutenean, medikazioaren bidez pubertaroa blokeatzeko prozesu bat jartzen da martxan. Medikazio eraginkorra, segurua eta itzulgarria da, eta, oro har, ez du arazorik sortzen. Ondoren, adingabe bakoitzaren egoera pertsonalizatu behar den momentuan, hormona bidezko terapia gurutzatu bat hasten dute, nahi duten sexuan pubertaroaren garapena eragiteko. Terapia hori dosi baxuetan hasten da, eta 2-3 urte bitartean handituz doa pixkanaka, pubertaro fisiologiko batean gertatzen denaren antzera. Gonzalezek helduen kasuan jarraitzen den prozedura azaldu du: «Helduen kasuan, tratamendu hormonala hasten da, eta, hilabete batzuen ondoren, kirurgia plastikoko ebakuntzak eskaintzen zaizkie. Beti gainbegiratzen ditugu pertsonek bizitza osoan izan ditzaketen arriskuak eta ondorio kaltegarriak».

Sentipenak eta etorkizuna

Pertsonak eta egoerak askotarikoak diren bezala, askotarikoak dira adingabe eta familia bakoitzak sentitzen dituen emozioak ere: «Aldakortasun handia dago. Hasieran, familia askori arazo bat dela iruditzen zaie, baina ondoren, kasu gehienetan, egoera normalizatu egiten da, eta naturaltasun osoz bizitzen dute; noski, denek ez dute berdin gestionatzen, eta denetariko ikuspuntuak izaten dituzte», esan du Ricak. Haatik, Ricak uste du transexualitatearen gaia gero eta ezagunagoa dela gizartean, eta hezkuntzaren bidez ere gero eta gehiago lantzen dela. Haren ustez, familiei eta adingabeei beren egoera normalizatzen laguntzen dien aspektu bat da. Gainera, unitateak laguntza psikologikoa eskaintzen die familiei prozesu osoan.

«TRANSEXUALITATE EGOERAN DAUDEN EHUNKA PERTSONEI LAGUNDU DIEGU TRANTSIZIOAN, OSO KONPLIKAZIO-TASA TXIKIAREKIN»
Pedro Gonzalez

Unitatearen endokrinologia pediatrikoan, 103 adingabe artatu dituzte 2019ko abendura bitartean, eta horietatik 88 zeuden transexualitate egoeran. 88 horien %70 pubertaroa blokeatzeko terapian daude, eta %30, berriz, hormona bidezko terapia gurutzatuan. Bi medikuak pozik daude orain arte egindako lanarekin: «Oro har, oso pozik gaude orain arte egindakoarekin. Transexualitate egoeran dauden ehunka pertsonei lagundu diegu trantsizioan, oso konplikazio-tasa txikiarekin. Jakina, dena hobetu daiteke», azpimarratu du Gonzalezek.

Egoera gero eta hobea izan arren, Gonzalezek uste du badirela aurre egin beharreko erronkak: «Zailtasunik handiena, gaur egun, eskaeraren gorakada da ziurrenik: Europa osoan, gero eta jende gehiagok eskatu ditu horrelako esku-hartzeak, eta EAE ez da salbuespena. Gaur egungo testuinguruan, gure baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu behar dugu». Rica bat dator Gonzalezekin: «Gure unitatearen funtzionamendua aldatuz joan da azken urteotan, hobetuz. Eta, noski, aldatuz joango da. Ikuspegi sanitariotik adingabeentzat egokiena dela iruditzen zaiguna egiten saiatuko gara». Aldaketa horien jakitun da Gonzalez ere: «11 urteotan, asko aldatu dira gizartea, artatzen ditugunak eta gure osasun-arreta. Gure ustez, aldaketa horietara egokitzea lortzen ari gara pixkanaka, eta hala izan dadin borrokatzen jarraituko dugu, transexualitate egoeran dauden guztiei ahalik eta arretarik onena emanez».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other