agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

GIBa eta hiesa: prebentzioa ezinbestez

Antonio Arraiza • Osakidetzako osasun-programen arduraduna

GIBaren infekzioa duten 150 lagun inguru artatzen ditu urtero Osakidetzak. Artatuen % 95ek ez du karga biriko positiborik izaten; hau da, ez du gaixotasuna transmititzen. Gaur egungo tratamenduei esker, infekzioa dutenek oso bizi-kalitate ona izan ohi dute. Halere, profesionalek argi daukate: infekzioari aurrea hartzeko, ezinbestekoa da neurriak hartzea.

Abenduaren 1a xingola gorria soinean jartzeko eguna izan ohi da, Hiesaren Kontrako Nazioarteko Eguna baita. Urrun daude 1980ko hamarkada hartako garai latzak, hiesak eragindako heriotza ugari haiek. 1990eko hamarkadaz geroztik, garapen handia egin du medikuntzak hiesaren tratamenduetan, eta gaur egun, GIBa oso kasu gutxitan bihurtzen da hies, ez baitira gauza bera: GIBa birus bat da, giza immunoeskasiaren birusa, eta hiesa, berriz, immunoeskasiaren egoera aurreratua. Osakidetzak ere lan handia egin du STI sexu-transmisiozko infekzioen arloan. Besteak beste, plan estrategiko bat prestatu zuen, GIBaren infekzioari aurrea hartzeko eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk kontrolatzeko, eta unitateko profesionalei esker, prebentzioan, diagnostikoetan nahiz tratamenduetan aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari da.

Antonio Arraiza, Osakidetzako osasun-programen koordinatzaile korporatiboa, plana koordinatzeaz arduratzen da. Azaldu duenez, azken urteotako aurrerapenei esker, gaur egun GIBaren tratamendua jasotzen duten pertsona gehienek ez dute karga biriko positiborik; hau da, ez dute birusa transmititzen, ezta gaixotasuna ere. Bizi guztirako tratamendu bat jaso behar izaten dute, infekzio kronikoa baita, baina albo-ondorio gutxi izaten ditu. Beraz, birusa duenak bizi-kalitate nahiko ona izan ohi duela argitu du. Halere, nabarmendu du garrantzitsua dela tentuz ibiltzea: zalantza izanez gero proba egiteko eta beharrezko neurriak hartzeko.

Hiru adar nagusitan dihardu Osakidetzak halako infekzioei aurre egiten. Batetik, diagnostikoaren eta tratamenduen adarra dago. EAE Euskal Autonomia Erkidegoan sei ospitale daude gaixotasun infekziosoen zerbitzua ematen dutenak: Donostiakoa, Arabakoa, Gurutzetakoa, Galdakaokoa, Basurtukoa eta San Eloy. Horiez gain, STIei buruzko kontsultak daude Donostian, Gasteizen eta Bilbon, zeinetan pazienteak diagnostikatu eta tratatu egiten dituzten.

«ELKARTEAK ETA ERAKUNDEAK ASKOTAN ADMINISTRAZIOA IRISTEN EZ DEN HORIENGANA IRISTEN DIRA»

Bestetik, hiesaren eta STIen plana dago. 1986an jaiotako plana da, eta helburu nagusia infekzioei aurrea hartzea da. Prebentzioa ahalik eta eraginkorrena izan dadin, Osakidetzak hainbat esku hartze egin ditu: esaterako, EAEko 60 farmaziatan eskura daude GIBa detektatzeko test lasterrak; iaz, 2.000 test baino gehiago egin zituzten farmazialariek. Horretaz gain, GSG online kontsulta dago gizonekin sexu-harremanak izan dituzten gizonentzat. Gainera, xiringak trukatzeko programa dago: 2019. urtean, 129.000 xiringa kit banatu zituzten. Aipatutakoaz gain, eskoletan eta institutuetan, prebentzio-programak antolatzen ditu GIBaren, STIen eta nahi gabeko haurdunaldien gainean.

Azkenik, Osakidetzatik kanpo lan egiten dutenei ere laguntzen die: urtean, 300.000 euroko dirulaguntza ematen die elkarteei eta gobernuz kanpoko hainbat erakunderi. Arraizak horien lana azpimarratu du: «Oso garrantzitsuak dira, zeren eta elkarrekin lan egin behar baitugu, eta hala ari gara. Elkarteak eta erakundeak askotan administrazioa iristen ez den horiengana iristen dira, eta horregatik da hain garrantzitsua elkarrekin aritzea eta, noski, dirulaguntzak ematea».

% 83, gizonezkoak

Zortzi-hamar urteotan, urtean 150 bat kasu izan dituztela esan du Arraizak; 2019an, zehazki, 147 izan ziren. Horietatik % 83 gizonezkoak, eta gizonezko horien %70 GSGak, gizonekin sexu-harremanak izan dituzten gizonak. Batez besteko adina 37,8 urtekoa da. Horrez gain, kasuen % 57,8 harreman homosexualen bidez izan da, % 38,8 harreman heterosexualen bidez eta % 2,7 droga-injekzioen bidez. Beste datu deigarri bat: iaz diagnostikatuetako % 45,6 beste herrialde batean jaioak ziren.

Datuen artean, ordea, bada profesionalak gehiago kezkatzen dituen bat: diagnostiko berrien % 51,1 berantiarra da. «Gure helburu nagusietako bat diagnostiko berantiar gutxiago izatea da, kasuak gero eta lehenago diagnostikatzea, eta horrek zerikusi handia du probak eskurago jartzearekin. Berez erraz eskura daitezke, baina askok ez dakite hori, edo ez dakite nola egin». Horrekin lotuta, OME Osasunaren Mundu Erakundeak 90-90-90 helburua zehaztu zuen 2020rako: kasuen % 90 diagnostikatuta egotea, horien % 90 tratamenduan egotea eta tratamenduan daudenen % 90ek karga biriko positiborik ez izatea. Arraizak azaldu du EAEn bigarren eta hirugarren baldintzak betetzen direla, % 97 tratamenduan daudelako eta % 95ek ez dutelako karga biriko positiborik, baina aurreneko hori lortzea dute erronka: «Kalkuluen arabera, % 13 ez dago diagnostikatuta». Datu hori hobetzeko, testak egitea, preserbatiboa erabiltzea eta formakuntza jasotzea aipatu ditu Arraizak.

Gaixotasuna asko banalizatu dela azpimarratu du, ez zaiola lehen zitzaion beldurrik, baina gaur egun tratamenduak egoteak ez du esan nahi arretaz ibili behar ez denik: «Oso gogorra da. Hasieran, mundua gainera erortzen zaizu; zulo batean sartzen zara, baina gero arazoa onartu egin behar duzu, eta horretan laguntzen dizute medikuek, erizainek, elkarteek eta erakundeek. Baina ezin dugu ahaztu gaixotasun kronikoa dela». Amaitzeko, esan du gizartean eta lan arloan dagoen estigma soziala kendu behar dela mota horretako infekzioak dituztenen gainetik: «Ez dago inongo arrazoirik estigma sozialik izateko».

STIen programa, azken urteotako memoriak eta kontsultarako telefono zenbakiak eskuragarri.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other