agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

«Gure formakuntza eta sistema oso biologizistak dira»

Lorea Larrañaga eta Mikel Baza • Familia medikuak

2016an, «kontsulta sakratuei» buruzko ikerketa abiatu zuten Mikel Baza eta Lorea Larrañaga familia-medikuek, Kuxkuxeroak izeneko taldearen barruan. Termino horrek txarto-ulertuak sor ditzake, baina, funtsean, karga emozional handia duten kontsultei esaten diete. Hitzaldiak ematen ari dira ikerketaren ondorioak azaltzeko, eta besteak beste diote sanitarioek formazio gehiago behar dutela halako kontsultetan baliabide gehiago izateko.

Zelan definituko zenukete «kontsulta sakratua»?
L.L.: Nire ustez, kontsulta bat da non sentitzen duzun zeozer konpartitzen ari zarela. Oso gauza berezia eta hauskorra da, errespetuarekin tratatu behar dena. Konturatzen zara ez dela bakarrik pazientearen kontua, zuri ere eragiten dizula. Ez du zertan izan minbiziaren diagnostiko bat edo sekulako istorio bitxia. Sarritan, gauza txikiak ere izan daitezke.

M.B.: Askotan esaten dugu «presaren parentesia» dela. Kontsultako joan-etorrian dagoen momentu berezi bat, ulertarazten dizuna kontsulta hori inportantea dela. Keinuak daude: telefonoa deskonektatzea, hurbiltzea, papera eta ordenagailua alde batera uztea… Berdin dizu itxarongelan hogei lagun eduki eta atzeratuta joan.

Zein dira ikerketaren ondorio nagusiak?
M.B.: Ikusi genuen pazientearen eta sanitarioaren artean eraikitako zerbait zela: pazienteak beretik zeozer utzi behar duela eta profesionalak «betaurrekoak» jantzi behar dituela horrelako egoerak ikusteko. 

L.L: Hala da. Momentuak eskatu egiten dizu geratzeko. Zuk ez baduzu ikusi nahi, aurrera egingo duzu, eta pazientea segituan bidali. Beraz, zuk ere prest egon behar duzu bide emateko «kontsulta sakratuari». Gaur egungo testuinguru asistentzialean denboraren desabantaila zein formakuntza-faltarena daukagu.

M.B.: Eta ez bakarrik formakuntzan eta komunikazioan, baizik eta profesionaltasunean. Pertsonak beren osotasunean tratatu behar ditugu; haien sentimenduak ere gaixotasunaren parte dira. Nahiz eta konplexua izan gauza hauek neurtzea eta ebaluatzea, konpromisoa egon behar da horretarako.

M.B.: Gainera, profesionalontzat horrelako kontsultak izatea atsegina da, eta etxera zoaz lan ona egin duzula sentituz.

Mikel Baza eta Lorea Larrañaga, kontsulta sakratuei buruzko hitzaldian, azaroaren 6an, Galdakaoko Ospitalean.

Noiz hasi zineten ikusten bazegoela beharrizan bat formakuntzan sakontzeko?
M.B.: 2016an, mintegi batzuk izan ziren gai horri buruz, «Negar egiten duten pazienteak eta beste kontsulta sakratu batzuk» izenekoa. Ehun bat lagun bildu ginen hor, eta ikusi genuen gaur egungo medikuntza eta osasun-arreta oso biologizista dela, diagnostikoetara bideratuta dagoela. Hari horri tiraka hasi ginen, uste dugulako arlo horretan sakondu behar dela. 

«SARRITAN, ANALISIEI BEGIRATUTA EDO KONSTANTE BIOLOGIKOAK IKUSITA BAKARRIK EGITEN DUGU LAN, ETA HORREK ARRETA KASKARRA DAKAR»
Mikel Baza

Erreibindikatzen duzue eredu biologizista batetik eredu biopsikosozial batera pasatu behar dela.
L.L.: Hori da. Ikuspuntu integral bat eman nahi diogu, ez bakarrik sintoma, gaixotasuna eta kitto. Ez dugu nahi izatea «azukrea goian daukazu, beraz diabetesa, beraz pastilla bat ipiniko dizut». Pertsona horrek zergatik du diabetesa? Zein etxetan bizi da? Nolako ingurunean? Zer jaten du? Non erosten du jatekoa? Eredu biologizista batek ez du kontuan hartzen pertsonok atzetik daukagun guztia. Ikuspegi biopsikosozial batek, berriz, aintzat hartzen du zergatik heldu den pertsona hori puntu horretara arte, nolako ohiturak dituen… Zuk paziente bati esan zeniezaioke dieta egin behar duela, baina, baldin bada beste kultura batekoa eta dieta oso desberdina badu, alternatiba bat eman behar diozu. Pertsona eta haren testuingurua kontuan hartu behar dira. Batek bi lanbide baditu eta denborarik ez badu, ezin diozu esan ariketa fisikoa egin dezala. Kontuan hartu behar dugu bakoitzaren testuingurua, guretzat errazagoa izan arren pastilla bat ematea bi klik eginda. 

Orduan askotan pazienteak kontsultara joaten direnean ez da arazo biologiko edo fisiologikoengatik?
L.L.: Gehienetan. Guri erakusten digute buruko mina honengatik eta harengatik izan daitekeela, baina gero kontsultan ikusten duzu ez datorrela bat ikasitakoarekin. Bakoitzak gauzak sentitzeko era propioa du, biziarekin aldatzen dena.

M.B.: Bai, nik uste dut gaixotasun guztiak direla biopsikosozialak. Kontua da gehienetan agerian jartzen dela alderdi biologikoa. Nik hori ikastaroren batean azaltzen dudanean, askotan film labur bat jartzen dut. Irudietan ikusten da emakume bat kontsulta batera doala, eta medikuak diotso azukrea goian duenez pastilla hartu behar duela. Gero ikusten dugu emakumea ateratzen dela kontsultatik, eta zaborrontzietan dabilela janari bila. Hori ez da praktika mediko on bat, eta askotan egiten dugu. Sarritan, analisiei begiratuta edo konstante biologikoak ikusita bakarrik egiten dugu lan, eta horrek arreta kaskarra dakar. Ez diogu alderdi biologikoari uko egin behar, baizik eta osatu.

«KONTUAN HARTU BEHAR DUGU BAKOITZAREN TESTUINGURUA, GURETZAT ERRAZAGOA IZAN ARREN PASTILLA BAT EMATEA»
Lorea Larrañaga

Hitzaldian aipatu duzue pazientearekin ordu erdiz bere sentimenduez berba egin arren, gero historia klinikoan ez dela jasotzen.
L.L.: Gure formakuntza eta sistema oso biologisiztak dira, baita programa informatikoa bera ere. 

M.B.: Transkripzioetan ere nabaritzen da. «Jo, ordu erdi eman dut kontsultan eta gero ebolutiboan edo historian ez da ezer ageri». Neurri batean, ez dakigulako zer jarri, edo ez jartzearren negarrez ibili dela. Enfasia beste gauza batzuetan jartzen dugu.

Uste duzue egungo eredua hobetzeko denbora gehiago behar duzuela paziente bakoitzeko?
L.L.: Pila bat gauza egin daiteke eredua hobetzeko. Lehenik eta behin, daukagun burokrazia guztia. Egunerokotasunean astakeria handia da, eta beste era batera kudeatu behar da. Beti egongo da zati bat guk egin beharrekoa, baina beste zati handi bat ez. Ez da soilik denbora kontua, gehiago behar duenari gehiago eman diezaiokezu orain ere, edo saiatzen gara behintzat. Ez dut uste gure aldarrikapena «ordu erdi pazienteko» izan behar denik soilik. «Lehen mailako arreta osotasunean indartu behar da, talde bat gara, erizainez, erizaintzako laguntzailez eta medikuz osatua, baita administrariz eta zeladorez ere, ikaragarrizko lana egiten dutenak eta askotan gutxietsiak direnak.

M.B.: Uste dut funtsezkoa dela talde osoak izatea pazientearekiko eta komunitatearekiko ezagutza. Profesionalen eta testuinguruaren arteko lotura eraiki behar da. Mediku eta erizainen taldea konstantea izatea ere garrantzitsua da, azkenean pertsona berak artatzeak onurak ekartzen dituelako. Frogatuta dago testuinguruaren ezagutza horrek heriotza-tasa gutxitzen duela. Azken finean, sistema osoa hankaz gora jarri behar da, eta uste dut esentzia hori —funtzionatzen duen hori— mantendu egin behar dela.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other