agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

Gutxien ikusten diren indarkeriak

Hogei urte igaro dira emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko lehenengo Nazioarteko Egun ofiziala egin zutenetik, eta Emakundek adineko emakumeek pairatu duten indarkeria ikusarazi nahi izan du «Entzunez gero, ikusiko duzu» lelopean.

Gizartearen iruditegi kolektiboan gutxi irudikatzen da adinekoen indarkeria. Indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta-zerbitzuko Oiane Zarateren ustez, arazoa da adineko emakume askok harreman bortitzak normaltzat ikusten dituztela: «Ohiko harremanak izango balira bezala, beti ikusi dutelako horrela». Gainera, hainbatek zailtasunak izaten dituzte beren buruak biktima bezala ikusteko, ohitura eta hezkuntzaren ondorioz. «Beti pentsatu izan dute emakume direnez aguantatu egin behar dutela», azaldu du Zaratek.

Kasu askotan, erasotzaileari dioten beldurra ez da faktore bakarra, menpekotasun ekonomikoak eta etxearen jabetzak buruhauste handiak eragiten baitizkie. Hala ere, Zaratek adierazi du adinekoek bai deitzen dutela Eusko Jaurlaritzaren telefono-zerbitzura, ez hainbeste egoeratik ateratzeko, baizik eta euspen emozionala jasotzeko: «Askotan ez dakite zer egin senar barik, eta beldurra diote bakardadeari. «Nondik aterako dut dirua? Zelakoa izango da nire bizitza?» galdetzen diete beren buruei». Zaratek azaldu du askoren ustez hobe dela aguantatzea, «badakitelako zer den» eta ezagutzen ez dutenari beldurra diotelako.

Indarkeria aldatuz doa denborarekin, eta kasu batzuetan bortizkeria fisikoak psikologikoari egin diezaioke bidea. Dena dela, harreman luzeak izaten direnez, ohiturak hor daudela nabarmendu du Zaratek, eta eraso fisikoek ere jarraitzen dutela.

Zerbitzuko koordinatzailearentzat ezinbestekoa da ingurukoen laguntza. Adinekoen kasuan, askotan seme-alabek deitzen dute lehenengo, eta gero biktimak. «Hainbat kasutan seme-alaba horiek indarkeria jaso dute, edo jasotzen jarraitzen dute beste modu batean, nahiz eta etxean ez egon», adierazi du Zaratek, eta biktimak berak deitzeko eskatzen diete.

Koordinatzailearen ustez, oso garrantzitsua da ingurukoen parte-hartzea laguntza-prozesu bat izatea, eta ez aginduak ematekoa, nahiz eta frustrazioa eragin biktimak ez badu salatu nahi. «Prozesuan zehar berarekin egon behar da, eta lagundu erabakiak hartzen, poliki-poliki». Zarateren iritziz, biktimak hartu behar ditu beti erabakiak, eta aginduak emateko nahia alde batera utzi behar da. Gainera, azpimarratu du salaketa ez dela izaten proposatzen duten lehen aukera. Kasu bakoitza aztertzen dute, eta irtenbiderik aproposena aurkitu. «Batzuetan izan daiteke salaketa ez izatea irtenbide ona, adibidez frogarik ez dagoelako».

Zerbitzu bera, urteekin finkatuta

2006an sortu zen indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta-zerbitzua, eta, hasiera hartako oinarri bera badu ere, Zaratek uste du lortu dutela erreferentzia bihurtzea: «Beti izan ditugu erabiltzaile moduan biktimak, hurbilekoak eta profesionalak, baina bai ikusten dugu zelan profesionalek gero eta gehiago ikusten duten gure zerbitzuaren garrantzia». Inklusibotasuna bermatzeko, abian jarri dute gorrengana heltzeko plataforma bat oraintsu, bideo-dei eran funtzionatzen duena.

Doakoa da zerbitzua, eta urteko egun eta ordu guztietan dei daiteke telefonora. Gizarte-hezitzailez, gizarte-langilez eta psikologoz osatutako talde batek kudeatzen du, eta aholkuak moldatu egiten dituzte pertsonaren arabera, ez baita gauza bera adineko andre baten egoera zein emakume gazte batena.

Zaratek azpimarratu du ez dela dei bakarreko kontua. «Ez da informazio-zerbitzu huts bat. Normalean emakumeek deitzen jarraitzen dute, prozesu horretan laguntzen jarraitzeko». Dei gehienak euskaraz eta gaztelaniaz izan arren, zerbitzua 50 hizkuntza baino gehiagotan eskaintzen dute, heltzeko zailak diren komunitate horiek ere barnebiltzeko.

Konfinamenduak ez du atsedenik eman

Gizarteak konfinatuta emandako hilotan ere, biktimek telefonora deitzen jarraitu dute, eta konfinamendutik kanpoko deiak baino intentsitate handiagokoak izan dira. Gainera, erasotzaile batzuek ezin izan dute indarkeria ezkutatu seme-alabengandik lehen egiten zuten bezala. «Etxeko indarkeria horrek jarraitu du», esan du Zaratek, eta kasu batzuetan konfinamenduak era «larriagoan» azalarazi duela uste du, «seme-alabek guztia ikusi dutelako».

Kontrakoa ere ez du uste hobea denik, eta, dioenez, erasotzaile batzuek hain ondo ezkutatzen dute, seme-alabek ez baitakite erasoak gertatzen direla ere: «Kezkagarria da seme-alabek harreman horiek normaltzat hartzea».
Izan ere, zerbitzuaren aurtengo datuen arabera, gutxienez 1.859 seme-alaba biktima daude. «Biktima gehienak seme-alabak dira; askotan, ez gara konturatzen, eta emakumeetan bakarrik jartzen dugu arreta», azpimarratu du Zaratek, «Gainera, seme-alaben kasuan, haiek bai ezin dutela ihes egin, amaren laguntzarekin ez bada».

Zarate baikorra da etorkizunari begira, eta uste du gizartea gero eta gehiago inplikatzen ari dela bortizkeria amaitzeko: «Indarkeria da gizarte-mailan daukagun arazo bat eta ikusten dugunean arazo hori inguruan –biktima, hurbileko zein profesional izan– jakin nahi izaten dugu zelan atera edo zelan lagundu emakume horri ateratzen. Ikusten da kontzientzia hori dagoela, eta indarkeria baztertu nahi dugula».

«Entzunez gero, ikusiko duzu» da aurtengo kanpainaren leloa. Esaldiak bigarren lerroa dauka: «Soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake ezkutuko indarkeria», txanponaren beste aldea. Arazoari amaiera emateko ezinbestekoa dutela ingurukoen proaktibotasuna, alegia.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other