agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Itzulbide proiektuarekin, euskarari bidea zabaltzen

Historia klinikoko testu librea itzuli ahal izateko abiatu zen Itzulbide egitasmoa. Testu klinikoak euskaratik gaztelaniara berme osoz itzuliko dituen adimen artifizialeko itzultzaile automatikoa da Itzulbide. Osasun-profesionalek historia klinikoan euskara erabiltzeko oztoporik ez izatea da proiektuaren xede nagusia.

Osakidetzaren 2. Euskara Planean jasota dago 2013-2019 epealdian erakundeak aurrerapausoak eman beharko zituela historia kliniko elebiduna bultzatzeko. Egia da urte hauetan hainbat aurrerapen izan direla Osabide eta Osanaia aplikazioetako edukietan (interfazeak, dokumentu estandarrak, galdetegiak…), baina, jarraitutasun asistentziala bermatzeko, profesional euskaldun kopuru handi batek gaztelaniaz idazten ditu pazienteen ebolutiboak, baita pazienteak lehenetsitako hizkuntza euskara delarik ere. Izan ere, arriskua sor daiteke euskara hutsean idatzitako testu edo txostena beste profesional batek larrialdi-egoera batean irakurri behar badu eta euskara ulertzen ez badu, historia klinikoa, besteak beste, profesionalen arteko komunikazio-tresna garrantzitsua baita.

Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Kalitateko Zuzendariordetza eta Euskara Zerbitzu Korporatiboa historia kliniko elebidunari efikaziaz nola heldu aztertzen ari zirela, Olatz Perez de Viñaspre EHUko informatikako irakasle eta IXA taldeko ikerlariak (Gasteiz, 1987) terminologia klinikoaren itzulpen automatikoaz egindako doktorego-tesiaren berri izan zuten. Hala, Ixa taldearekin harremanetan jarri eta lankidetzan hasi ziren. Itzultzaile neuronalen kalitate handiaz jabetuta, eta baliabide horrek historia klinikoa euskaraz idazteko oztopo nagusia gainditzen lagunduko zuelakoan, Itzulbide abiarazteko proposamena egin zioten Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari, betiere ikerketa-ikuspegitik. Zuzendaritzak ateak ireki zizkion proiektuari.

Itzulbide adimen artifizialeko itzultzaile automatikoa da, eta sare neuronala du oinarri. Hortaz, Perez de Viñasprek dioenez, «tresna entrenatu egin behar da». Gainera, osasun-langileen testu librea landu behar denez, ezin da euskarazko dokumentu formal estandarizatuekin soilik elikatu; osasun-langileen idazkera libre eta «ez hain formala» jaso beharra dago, euren eguneroko esamolde eta terminoekin. «Garrantzitsua da corpus zabala biltzea, tresna ondo garatuko bada; zenbat eta material kopuru handiagoa bildu, hainbat eta itzulpen hobeagoak emango ditu».

Itzultzailearen bidez aukera zabaldu nahi da etorkizunean profesional euskaldunek euren eguneroko jardunean euskara modu naturalean erabil dezaten. «Orain arte, historia kliniko elebidunean eman diren aurrerapausoak txikiak eta mugatuak izan dira, arrazoi teknikoengatik batik bat, eta zerbait egin beharra zegoen hutsune hori betetzeko», adierazi du Aitziber Etxagibel Asistentzia Sanitarioko Kalitateko Zuzendariordetzako familia-medikuak (Gasteiz, 1974). Etxagibelen esanetan, «orain, pazienteei euskarazko arreta ematen dieten profesionalek gaztelaniaz idatzi behar izaten dute historia klinikoan, baina Itzulbide proiektua ondo ateraz gero, aske sentituko dira euskaraz idazteko, eta eguneroko lana erraztuko zaie, ez dutelako hizkuntza batetik bestera pasatzeko beharrik izango». Gainera, historia klinikoko informazioa edozein hizkuntzatan kontsultatu ahalko dute, erregistratuta dagoen hizkuntza edozein dela ere.

Dena den, osasun-langileen mesederako ez ezik, pazienteen mesederako ere izango da egitasmoa, zeren, Gontzal Lopez Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboaren arduradunak (Bilbo, 1968) gogoratu duenez, «paziente euskaldunek eskubidea baitute euren osasunari buruzko dokumentazioa euskaraz jasotzeko». Alde horretatik, Itzulbideren bultzatzaileen asmoa da «profesionalei zein pazienteei erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean jarduteko aukera ematea».

Proiektuaren lehenengo fasean, euskaratik gaztelaniarako itzulpenak landuko dira gehienbat, baina, aurrerago, bi noranzkoetan itzultzeko prestatu nahi dute, tresnak laguntza eta segurtasuna emango baitizkie euskara teknikoan idazten ohituta ez dauden profesional askori.

Itzulbidek bi eragin mota izango ditu Jon Letona (Arrasate, 1959) familia-mediku eta Asistentzia Sanitarioko Kalitateko zerbitzuburuaren arabera: «Historia klinikoa euskaraz idaztea ahalbidetuko du, eta, horrekin, Osakidetzan euskararen erabilera areagotuko du». Orain momentu onean gaude horrelako proiektu bati ekiteko, «euskararen ezagutza gero eta handiagoa delako, baita teknologia-aurrerakuntzengatik ere».

Une honetan, egitasmoak ahalik eta profesional sanitario elebidun gehienen kolaborazioa behar du (medikuak, erizainak, farmazialariak…), espezialitate guztietako hizkera bereizgarria biltzeko. 134 boluntario ari dira lanean, testuak euskaratzen edo euskaraz sortzen, eta kopurua gora doa pixkanaka. Interesa duen orok aukera dauka proiektuan parte hartzeko. Izena eman daiteke http://www.ixa.eus/txosten-elebidunak webgunean, eta informazio gehiago galda daiteke itzulbide@osakidetza.eus helbidean.

«Euskararen erabilera erraztu eta bultzatuko du, eta profesional euskaldunen eguneroko lana arindu»

EGOITZ TOLOSA EIZAGUIRRE • Arabako ESIko urologoa

Egoitz Tolosa Eizaguirre Arabako ESIko Urologiako mediku espezialista (Andoain, 1981) boluntarioa da Itzulbide proiektuan. Haren ustez, «proiektua oso garrantzitsua da, euskara erabili nahi dutenek euskaraz idazteko».

Zein da boluntarioon lana Itzulbide proiektuan?
Gure eginkizuna corpus bat sortzea da, ondoren itzulpen automatikoa egiteko. Itzultzaileak bere kasa ikasten du; horregatik, zenbat eta datu edota itzulpen gehiago sartu, orduan eta gehiago ikasten du, eta itzulpen hobeak egiten ditu. Beraz, egunero gazteleraz idazten ditugun ebolutiboak euskaratu egiten ditugu, eta, testu berriak sortzeko orduan, zuzenean euskaraz idazten dugu.

Zergatik erabaki zenuen boluntarioa izatea?
Ezinbesteko tresna iruditzen zaidalako profesionalek euskara erabiliko badute. Gaur egun, oso mugatuta gaude; euskara erabiltzeko ohitura dugunok ere gazteleraz idazten ditugu ebolutiboak, ez dakigulako nork irakurriko dituen. Itzulbiderekin, aldiz, irakurtzen duenak euskaraz ez jakinda ere, momentuan itzultzeko aukera izango du. Horrela, ez da mugarik egongo euskaraz idazteko, eta askatasunez idatzi ahalko dugu.

Tresna hori martxan jartzen denean, nolako lorpenak antzemango dira?
Alde batetik, euskararen erabilera erraztu eta bultzatuko du, profesionalon lana arinduz, eta, beste alde batetik, euskararen benetako erabilera zein den ikusten lagunduko du. Jende askok uste du Osakidetzan euskara gutxi erabiltzen dela, baina langile euskaldun asko gaude. Oraingoz Osabiden hori ez da ikusten, denok gazteleraz idazten dugulako.

Zer esango zenieke proiektuan parte hartzen ez duten Osakidetzako langile euskaldunei?
Ulergarria dela horrelako lan batean sartu nahi ez izatea, berehalako etekinik ikusten ez delako. Baina ulertu behar dugu ez dela guretzat bakarrik. Gainera, egitekoak uste baino errazagoak dira, eta proiektuak garrantzi handia du. Nire ustez, Osakidetza bertako osasun-sistema publikoa izanik, denok egin behar dugu ahalegina, eta baliabideak sortu behar ditugu, euskara gero eta gehiago erabil dadin.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other