agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Merezi genuen gure osasun mentalari buruz hitz egitea»

Iñaki Eguiluz eta Margarita Saenz • Psikiatria Zerbitzuko buruak

Pandemiaren eragina aztertzeko, osasun-zentroetako langileen ongizate mentalean jarri dute arreta Gurutzetako Ospitaleko Margarita Saenzek eta Iñaki Eguiluzek, Psikiatria Zerbitzuko buruek. Ikerketaren emaitzak saio kliniko batean aurkeztu dituzte, eta iragarri dute «laugarren olatua» osasun mentalarena izango dela.

Ezohikoa da saio kliniko batek sanitarioen osasunean jartzea arreta?
I.E.: Saio klinikoak kasu klinikoa eta interes klinikoa duten zerbitzu partekatuei buruzkoak dira, baina honako hau ezohiko egoera bat da, eta eragin zuzena izan du osasun-langile guztiengan. Horregatik egin dugu saio kliniko hau.

M.S.: Psikiatriako sailak ez du saio klinikorik egin 15 urte hauetan. Uste dut gaixotasun mentalei estigma kentzea beharrezkoa dela, eta psikiatria beste medikuntza-espezialitate bat dela barneratu behar lukete ospitaleek. Pandemiak denongan izan du eragina, eta guduko lehen lerroan egon direnengan are gehiago. Logikoa da. Nire ustez, merezi genuen gure osasun mentalari buruz hitz egitea.

I.E.: Gehiago hitz egin da COVID-19aren ondorio fisiko-organikoei buruz, eta ez hainbeste osasun mentalari buruz. Uste dut kasuak a posteriori hasiko garela ikusten, eta funtsezkoa dela gure lankideen osasun mentalaz arduratzea.

Osakidetzak martxan jarriko du sanitarioei osasun mentalarekin laguntzeko zerbitzu bat…
I.E.: Badago jada. Lehen olatuan jarri zen abian, eta ESI bakoitzeko Psikiatria eta Psikologia Klinikoko arduradunek hartu dute ardura hori. Paziente eta familiakoentzat dago erabilgarri, baina agian jendeari berritzailea iruditu zaio sanitariook geure buruak zaintzea. Zerbitzua lehen olatutik egon arren, egia da oraintxe kasu gehiago hasi garela ikusten profesionalen artean.
Oraindik gutxi dira laguntza psikologikoa eskatu duten osasun-langileak. Uste duzue gehiago izango direla aurrerago?

«FUNTSEZKOA IZAN DAITEKE SINTOMA JAKIN BATZUENGATIK KONTSULTA EGITEN DUTENEKIN AZTERTZEA GERTUKO NORBAIT GALDU DUTEN»
Iñaki Eguiluz

I.E.: Gutxi dira, baina gutxi edo asko erlatiboa da. Saio klinikoan Margak esan du ondorioak ez direla ikusten segituan. Egunero ondorio fisiko-organiko berriak agertzen dira, eta uste dut ikuspuntu mentaletik ere antzera izango dela. Arrasto psikologikoak hilabete batzuk barru hasiko gara ikusten, eta arlo mentalari ekonomikoa eta soziala gehitzen badizkiogu… Hori izango da laugarren olatua.

M.S.: Bai, denbora-tarte baten ostean agertzen dira arazo psikologikoak, gerretan bezala. Lanean zauden bitartean, horretan ari zara, ondoren agertzen dira sintoma depresiboak eta nekea. Gainera, batzuetan ematen du pandemiak ez daukala amaierarik, eta hasieran «animo, denok batera garaituko dugu», eta horrelakoekin elikatzen ginen, baina errealitatea ez da horrelakoa. Lehen olatua dator, gero bigarrena… Guk geuk ez dakigu hirugarrena edo laugarrena etorriko diren, baina argi dago eragina izango duela osasun mentalean.

Profesionalok ezinegonarekin ikusten duzue pandemia?
I.E.: Duda barik. Ziurgabetasunez betetako arlo bat zen, eta oso gutxi ezagutzen genituen sintomatologia eta terapiarako baliabideak. Gizakiok ez gara ondo konpontzen ez jakitearekin, eta horregatik izan da pandemiaren kudeaketa desordenatua. Faktore horiek sortu dute ezinegona, eta, sanitario izateaz gain, gizakiak gara.

M.S.: Egoera guztiz berria zen, inork ez zuena ezagutzen. Birus ezezaguna zen, eta gure familiak kutsatzeko beldur ginen. Nik neuk seme bat daukat, eta oinez etortzen nintzen Gurutzetako Ospitaleraino, metroan kutsatzeko beldur nintzelako. Etxera heltzean, arropa guztia garbitzen nuen 60 gradura, eta ez nintzen ausartzen nire semeari besarkada bat ematen dutxatu arte. Batez ere hasieran, gure zerbitzuan jende asko kutsatu zelako. Nik uste dut bai izan dela gogorra, baina gure arteko loturek eta batasunak lagundu digutela.

Doluak aztertu dituzue. Doluen % 25 «zailak» izan daitezkeela adierazi duzue.
M.S.: Lehen olatuan ezin zinen zure familiakoengana hurbildu ere egin! Ezin zinen sartu, eta ezin zenuen agur esan. Jendeak mugikorrak erabiltzen zituen agur esateko. Imajina ezazu zure ama ingresatuta egotea Txagorritxun eta ezin joatea besarkada bat ematera eta agur esatera. Jende asko bakarrik hil da, eta eragina izan du familiakoengan eta sanitarioengan ere bai.

«EMAKUMEAK EGITURAREN AZPIKO ALDEAN GAUDE, ETA BERAZ GUDUKO LEHEN LERROAN. EZ GAUDE BOTEREGUNEETAN»
Margarita Saenz

I.E.: Dolua beharrezko erantzun emozional bat da, galera batek eragindakoa. Gainera, beste arlo batzuetara estrapola daiteke, ez bakarrik heriotzarenera. Askok lana galdu dute, egoera ekonomikoa zaildu zaie…

Hori ere galera bat da, eta beharrezkoa da dolu bat egitea.
M.S.: Hala da. Gure bizitzak guztiz aldatu dira. Iazko gure buruek ikusiko balute zelan gauden orain musukoekin, besarkada barik, terrazetara edo mendietara joateko aukera gabe… Gure bizitza asko mugatu da.

Margarita Saenz eta Iñaki Eguiluz ikerketaren emaitzak azaltzen Gurutzetako Ospitalean.

Zergatik uste duzue laguntza psikologikoa eskatu duten ospitaleetako langile gehienak emakumeak direla? Gehiago direlako?
M.S.: Nik uste dut alde batetik arrazoietako bat badela osasun-zentroetako langile gehienak berez emakumeak garela, baina ez da arrazoi nagusia. Emakumeak egituraren azpiko aldean gaude, eta beraz guduko lehen lerroan. Ez gaude botereguneetan. Gainera, zerikusia dauka zaintza lanekin, oro har emakumeak arduratzen baikara zaintza lanez, adingabeez eta adinekoez. Orduan, estres-karga eta antsietate askoz handiagoa izaten dugu gizonek baino, eta familiakoak kutsatzeko beldurrak eta lan-prekarietateak eragin askoz handiagoa du emakumeengan gizonengan baino. Ez dut esan nahi ez daudenik gizonak zaintza-lanak berdintsu egiten dituztenak, baina errealitate estatistikoa hor dago.

Uste duzue gizonezko langileen artean estigma egon daitekeela laguntza psikologikoa eskatzeko?
M.S.: Laguntza psikologikoa eskatzea estigma bat bada, hori da zeozer femeninoa bezala ikusten delako. Zergatik ez du ba gizon batek laguntza eskatuko? Umiliagarria delako? Ahula izatea emakumea bezalakoa izatea delako? Badu generoarekin zerikusia, eta matxismo kontua da.

I.E.: Duda barik, bai. Gizonok laguntza eskatzen badugu —izan psikologikoa eta izan fisikoa— oro har oso txarto gauden seinale. Ahultasuna adierazten duelakoan. Ados nago, guztiz.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other