Arazoei aurre egiteko gaitasunari deitzen dio erresilientzia Begoña Ibarrola psikologo eta idazleak. Galdakao-Usansoloko Ospitalean egindako saio klinikoetan, sortzetikoa izan beharrean garatu daitekeen gaitasuna dela azpimarratu zuen, eta horretarako norbere buruaren ezagutza ezinbestekoa dela.
Erresilientzia  ondo  etorriko  zitzaigukeen  pandemiaren  hasieran,  ezta?
Bai.  Garatzen  den  gaitasun  bat  da,  eta  zailtasunei  aldarte  onarekin  aurre  egitea  ahalbidetzen  dizu,  katastrofe  bat  bezala  ikusi  beharrean  erronka  bat  dela  ikusiz.  Aldaketak  egiteko  eta  hobetzeko  aukera  ematen  dizu,  egokitzekoa.  Kontua  da  erresilientzia  ezin  dela  inprobisaziotik  landu,  eta  batzuei  tsunami  batek  bezala  eragin  diela  pandemiak.  Ito  egin  dira.  Beste  batzuk,  aldiz,  olatuei  aurre  egin  eta  surf  egiteko  gai  dira.
Zergatik  daukate  batzuek  erresilientzia  gehiago  beste  batzuek  baino?  Erresilientzia  berezkoa  dugu?
Kontua  ez  da  erresilientea  izan  edo  ez  izan.  Gaitasun  bat  da,  gizaki  guztiok  daukaguna  eta  garatu  dezakegu  edo  ez.  Potentzial  horrekin  zeozer  egin  dezaket  eta  garatu,  edo  kutxa  gotor  batean  gorde  eta  hor  utzi.  Batzuek  uste  dute  ez  daukatela  erresilientzia-gaitasunik,  eta  orduan  ez  dute  garatzen,  baina  gizaki  guztiok  indartu  dezakegu.
Neurri  batean,  behintzat,  genetikoa  da?
Ez.  Genetikak  eragina  du,  izaerarekin  zerikusia  duen  heinean.  Hezkuntzak  eta  inguruak  ere  zerikusia  daukate,  baita  esperientziek  ere,  arriskuetatik  gehiegi  babestu  izanak  esaterako.  Pertsonalitateak  zeresan  handia  du,  baina  inguruak  ere  bai.
Esan  izan  duzu  gehiegizko  enpatia  kaltegarria  izan  daitekeela.  Zergatik?
Bai,  sanitarioen  kasuan  eta  gizarte-laguntzan  bai.  Beharrezkoa  da  enpatia-maila  jakin  bat,  baina  ez  pazientearen  sufrimenduak  zu  ezgaitu  bazaitzake.  Horregatik,  edozein  gaitasun  bezala,  ezin  da  muturreraino  eraman.  Logikoki  pertsona  enpatikoak  oso  baliotsuak  dira  gizarte-langintzan  eta  osasungintzan.
Ezagutzen  dituzu  enpatia  gehiegi  dutenak?
Bai,  noski.  Sufrimendu  enpatikoa  deitzen  diogu,  eta  gertatzen  da  ezin  duzunean  hesi  bat  eraiki  sufritzen  duen  pertsonaren  eta  zure  artean.  Orduan,  sufritzen  ari  denak  beste  sufritzen  duzu  eta  ez  zaitezke  izan  erreferentea  eta  babesa.
Mina  «integratu»  behar  dela  esan  duzu,  eta  ez  ukatu.  Zertan  desberdintzen  dira?
Ukatzen  baduzu  hesi  bat  eraikitzen  ari  zara  errealitatearen  eta  zeure  artean.  «Integratuz»  gero,  onartu  egiten  duzu  errealitatea.  Zeure  esperientzien  maletan  sartzen  duzu,  eta  zeure  egiten  duzu.  Alde  negatiboak  eman  dizkizu,  baina  tresnak  ere  bai.  Agian  segurtasuna  eman  dizu  gustatzen  ez  zaizkizun  lekuetatik  irteteko.  Mina  integratzean  zure  motxilan  esperientzia  hori  gordetzen  duzu,  eta  bakea  ematen  dizu.  Esperientzia  ukatzean,  berriz,  tentsio  ikaragarria  sortzen  duzu,  eta  ez  duzu  irakaspenik  ateratzen  esperientzia  horretatik.  Gainera,  beti  jakingo  duzu  zeure  buruaren  zati  bat  ukatzen  ari  zarela,  eta  ez  duzula  onartu  nahi.  Ongizate  emozionalerako  bidean  «integrazioa»  funtsezkoa  da.
«MUNDU GUZTIAK EZ DU BALIO ZAILTASUNEI AURRE EGITEN LAGUNTZEKO»
Horretarako  geure  buruak  ezagutzearen  garrantzia  azpimarratu  duzu.
Bai,  bai.  Norberarekiko  konfiantza  eta  introspekzioa  garrantzitsuak  dira.  Ez  baldin  baduzu  gogoeta  egiten  esperientziez,  ez  duzu  jakingo  zelan  eragin  dizuten.  Gogoeta  egitea  beharrezkoa  da  zeure  burua  onartzeko.  Zeure  burua  ezagutzen  duzunean,  zerbaitek  eragiten  badizu,  hurrengoan  berriz  gertatzen  denean  ez  duzu  gauza  bera  erantzungo,  konfiantza  eta  ezagutza  dituzulako.  Zure  baliabide  pertsonalen  ezagutza,  alegia.
Garrantzitsua  da  lagunen  sare  on  bat  izatea?
Funtsezkoa.  Bakardadea  da  osasun  mentalerako  arriskurik  handienetako  bat,  eta  babes-sarea  prebentzio  tresna  bat  da.  Hala  ere,  babes-sare  horrek  ondo  aukeratuta  egon  behar  du.  Pentsatzen  baduzu  lagun  diezazukeen  jende  asko  daukazula  inguruan,  eta  gero  horiek  ez  badizute  ondo  laguntzen,  esan  nahi  du  ez  duzula  aukeraketa  on  bat  egin.  Oso  selektiboak  izan  behar  dugu  gure  harremanetan,  eta  mundu  guztiak  ez  du  balio  zailtasunei  aurre  egiten  laguntzeko.  Batzuetan,  maite  duzun  nor  edo  nor  hiltzen  denean,  lagun  askok  lagun  izateari  uzten  diote,  ez  dakitelako  zelan  lagundu,  edota  batzuetan  ez  dutelako  zure  intimitatea  errespetatzen.  Errespetuz  egin  behar  da  bidelagun-lana,  eta  lan  hori  ez  daki  mundu  guztiak  egiten.

Zelan  garatu  dezakegu  erresilientzia?
Erresilientziaren  garapenean  eragina  duten  hainbat  faktore  daude,  eta  horietako  bat  introspekzioa  da.  Norbere  buruarekiko  konfiantza  eta  emozioen  erregulazioa  ere  bai.  Oso  garrantzitsua  da  jakitea  txarto  egiten  diguten  emozioen  intentsitatea  jaisten.  Emozioak  ez  dira  negatiboak,  baina  txarto  sentiarazten  gaituzte.  Zeharo  garrantzitsua  da  horiek  transformatzen  jakitea  eta  irteera  ematen  jakitea.
Duela  hamarkada  batzuk  baino  erresilientzia  gutxiago  dauka  gizarteak?
Bai.  Umeak  larregi  babestuta  daude,  eta  familiek  ez  diete  uzten  zailtasunei  aurre  egiten.  Kendu  egiten  dizkiete  bideko  harriak,  eta  arazo  larria  da,  zeren  erortzen  zarenean  altxatzen  ikasten  baituzu.  Inoiz  ez  bazara  erori,  ez  duzulako  harririk  topatu,  lehen  harrian  ez  duzu  jakingo  zer  egin.  Pentsatuko  duzu  sekulako  mendia  dela,  eta  inoizko  ezbeharrik  handiena  dela.  Indarra  garatzen  da  zailtasunei  aurre  eginez,  erronkak  gainditzen  eta  erortzen.  Gehiegizko  babesa  kaltegarria  da,  eta  ume  asko  bigunegiak  dira;  oso  hauskorrak.
Garrantzia  ematen  diozu  arnasketari  lasaitzeko  tresna  bezala.
Noski.  Emozio  bakoitzak  egoera  bat  eragiten  digu  gogoan  zein  gorputzean.  Ez  dira  psikologikoak  bakarrik.  Emozio  bat  sentitzen  dugunean,  odolera  substantzia  kimikoak  isurtzen  ditugu.  Beraz,  haserre  gaudenean,  adrenalina  asko  daukagu,  eta  erraietatik  datorren  erantzun  bat  ematera  bultzatzen  gaitu.  Inpultsiboa.  Kontziente  izan  behar  dugu  arnasketa-teknikak  landuz  lasaitu  egin  gaitezkeela.
Kanpotik  nahiko  hutsalak  eman  arren…
Bai,  sekulako  eragina  daukatelako.  Zeure  arnasaren  erritmoa  aldatzen  baduzu,  zure  sistema  parasinpatikoa  aktibatzen  duzu,  eta  lasaitu  egin  zaitezke.  Sinpatikoarekin,  berriz,  takikardiak,  izerditzeak,  estresa  eta  antsietatea  sor  ditzakezu.  Garunean  frenoa  eta  azeleragailua  dauzkagu,  eta  azeleragailuari  eman  eta  eman  ari  bagara…  Autoak  istripua  izateko  aukera  gehiago  dauzka.  Frenoa  ere  sakatu  behar  da.  Teknika  hauek  medikuntza-fakultateetan  erakutsi  behar  dira,  estres  askoren  aurrean  erabakiak  hartu  behar  dituztenean  lagungarriak  izango  zaizkielako  profesionalei.

 


