agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Bakardadea da osasun mentalerako dagoen arriskurik handienetako bat»

Begoña Ibarrola • Psikologo eta idazlea

Arazoei aurre egiteko gaitasunari deitzen dio erresilientzia Begoña Ibarrola psikologo eta idazleak. Galdakao-Usansoloko Ospitalean egindako saio klinikoetan, sortzetikoa izan beharrean garatu daitekeen gaitasuna dela azpimarratu zuen, eta horretarako norbere buruaren ezagutza ezinbestekoa dela.

Erresilientzia ondo etorriko zitzaigukeen pandemiaren hasieran, ezta?
Bai. Garatzen den gaitasun bat da, eta zailtasunei aldarte onarekin aurre egitea ahalbidetzen dizu, katastrofe bat bezala ikusi beharrean erronka bat dela ikusiz. Aldaketak egiteko eta hobetzeko aukera ematen dizu, egokitzekoa. Kontua da erresilientzia ezin dela inprobisaziotik landu, eta batzuei tsunami batek bezala eragin diela pandemiak. Ito egin dira. Beste batzuk, aldiz, olatuei aurre egin eta surf egiteko gai dira.

Zergatik daukate batzuek erresilientzia gehiago beste batzuek baino? Erresilientzia berezkoa dugu?
Kontua ez da erresilientea izan edo ez izan. Gaitasun bat da, gizaki guztiok daukaguna eta garatu dezakegu edo ez. Potentzial horrekin zeozer egin dezaket eta garatu, edo kutxa gotor batean gorde eta hor utzi. Batzuek uste dute ez daukatela erresilientzia-gaitasunik, eta orduan ez dute garatzen, baina gizaki guztiok indartu dezakegu.

Neurri batean, behintzat, genetikoa da?
Ez. Genetikak eragina du, izaerarekin zerikusia duen heinean. Hezkuntzak eta inguruak ere zerikusia daukate, baita esperientziek ere, arriskuetatik gehiegi babestu izanak esaterako. Pertsonalitateak zeresan handia du, baina inguruak ere bai.
Esan izan duzu gehiegizko enpatia kaltegarria izan daitekeela. Zergatik?
Bai, sanitarioen kasuan eta gizarte-laguntzan bai. Beharrezkoa da enpatia-maila jakin bat, baina ez pazientearen sufrimenduak zu ezgaitu bazaitzake. Horregatik, edozein gaitasun bezala, ezin da muturreraino eraman. Logikoki pertsona enpatikoak oso baliotsuak dira gizarte-langintzan eta osasungintzan.

Ezagutzen dituzu enpatia gehiegi dutenak?
Bai, noski. Sufrimendu enpatikoa deitzen diogu, eta gertatzen da ezin duzunean hesi bat eraiki sufritzen duen pertsonaren eta zure artean. Orduan, sufritzen ari denak beste sufritzen duzu eta ez zaitezke izan erreferentea eta babesa.

Mina «integratu» behar dela esan duzu, eta ez ukatu. Zertan desberdintzen dira?
Ukatzen baduzu hesi bat eraikitzen ari zara errealitatearen eta zeure artean. «Integratuz» gero, onartu egiten duzu errealitatea. Zeure esperientzien maletan sartzen duzu, eta zeure egiten duzu. Alde negatiboak eman dizkizu, baina tresnak ere bai. Agian segurtasuna eman dizu gustatzen ez zaizkizun lekuetatik irteteko. Mina integratzean zure motxilan esperientzia hori gordetzen duzu, eta bakea ematen dizu. Esperientzia ukatzean, berriz, tentsio ikaragarria sortzen duzu, eta ez duzu irakaspenik ateratzen esperientzia horretatik. Gainera, beti jakingo duzu zeure buruaren zati bat ukatzen ari zarela, eta ez duzula onartu nahi. Ongizate emozionalerako bidean «integrazioa» funtsezkoa da.

«MUNDU GUZTIAK EZ DU BALIO ZAILTASUNEI AURRE EGITEN LAGUNTZEKO»

Horretarako geure buruak ezagutzearen garrantzia azpimarratu duzu.
Bai, bai. Norberarekiko konfiantza eta introspekzioa garrantzitsuak dira. Ez baldin baduzu gogoeta egiten esperientziez, ez duzu jakingo zelan eragin dizuten. Gogoeta egitea beharrezkoa da zeure burua onartzeko. Zeure burua ezagutzen duzunean, zerbaitek eragiten badizu, hurrengoan berriz gertatzen denean ez duzu gauza bera erantzungo, konfiantza eta ezagutza dituzulako. Zure baliabide pertsonalen ezagutza, alegia.

Garrantzitsua da lagunen sare on bat izatea?
Funtsezkoa. Bakardadea da osasun mentalerako arriskurik handienetako bat, eta babes-sarea prebentzio tresna bat da. Hala ere, babes-sare horrek ondo aukeratuta egon behar du. Pentsatzen baduzu lagun diezazukeen jende asko daukazula inguruan, eta gero horiek ez badizute ondo laguntzen, esan nahi du ez duzula aukeraketa on bat egin. Oso selektiboak izan behar dugu gure harremanetan, eta mundu guztiak ez du balio zailtasunei aurre egiten laguntzeko. Batzuetan, maite duzun nor edo nor hiltzen denean, lagun askok lagun izateari uzten diote, ez dakitelako zelan lagundu, edota batzuetan ez dutelako zure intimitatea errespetatzen. Errespetuz egin behar da bidelagun-lana, eta lan hori ez daki mundu guztiak egiten.

Begoña Ibarrola, 2020ko azaroan Galdakao-Usansoloko Ospitalean egindako «Erresilientzia garai zailetan» saioan.

Zelan garatu dezakegu erresilientzia?
Erresilientziaren garapenean eragina duten hainbat faktore daude, eta horietako bat introspekzioa da. Norbere buruarekiko konfiantza eta emozioen erregulazioa ere bai. Oso garrantzitsua da jakitea txarto egiten diguten emozioen intentsitatea jaisten. Emozioak ez dira negatiboak, baina txarto sentiarazten gaituzte. Zeharo garrantzitsua da horiek transformatzen jakitea eta irteera ematen jakitea.

Duela hamarkada batzuk baino erresilientzia gutxiago dauka gizarteak?
Bai. Umeak larregi babestuta daude, eta familiek ez diete uzten zailtasunei aurre egiten. Kendu egiten dizkiete bideko harriak, eta arazo larria da, zeren erortzen zarenean altxatzen ikasten baituzu. Inoiz ez bazara erori, ez duzulako harririk topatu, lehen harrian ez duzu jakingo zer egin. Pentsatuko duzu sekulako mendia dela, eta inoizko ezbeharrik handiena dela. Indarra garatzen da zailtasunei aurre eginez, erronkak gainditzen eta erortzen. Gehiegizko babesa kaltegarria da, eta ume asko bigunegiak dira; oso hauskorrak.

Garrantzia ematen diozu arnasketari lasaitzeko tresna bezala.
Noski. Emozio bakoitzak egoera bat eragiten digu gogoan zein gorputzean. Ez dira psikologikoak bakarrik. Emozio bat sentitzen dugunean, odolera substantzia kimikoak isurtzen ditugu. Beraz, haserre gaudenean, adrenalina asko daukagu, eta erraietatik datorren erantzun bat ematera bultzatzen gaitu. Inpultsiboa. Kontziente izan behar dugu arnasketa-teknikak landuz lasaitu egin gaitezkeela.

Kanpotik nahiko hutsalak eman arren…
Bai, sekulako eragina daukatelako. Zeure arnasaren erritmoa aldatzen baduzu, zure sistema parasinpatikoa aktibatzen duzu, eta lasaitu egin zaitezke. Sinpatikoarekin, berriz, takikardiak, izerditzeak, estresa eta antsietatea sor ditzakezu. Garunean frenoa eta azeleragailua dauzkagu, eta azeleragailuari eman eta eman ari bagara… Autoak istripua izateko aukera gehiago dauzka. Frenoa ere sakatu behar da. Teknika hauek medikuntza-fakultateetan erakutsi behar dira, estres askoren aurrean erabakiak hartu behar dituztenean lagungarriak izango zaizkielako profesionalei.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other