agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

OSATEK-Zumarragan, euskararen kalitatea bermatuta

OSATEK sozietate publikoaren Zumarragako zentroak Bikain euskararen erdi-mailako kalitate-ziurtagiria eskuratu du: Eusko Jaurlaritzak aitortu egin dio euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren alde eginiko lana. Langileak pozik daude jasotako aitortzarekin, eta adierazi dute sariak euskararen aldeko ohiturak handitzen lagunduko diela.

Ahaleginak ordaina izan ohi du, eta pozgarria izaten da egindako lanari balioa ematea. Osatek sozietate publikoak euskarari beste bultzada bat ematea erabaki zuen orain dela bi urte, 2018an: Euskara Plana jarri zuen martxan, eta, euskara sustatzeko egindako ahaleginari esker, Zumarragako zentroak Bikain euskararen erdi-mailako kalitate-ziurtagiria lortu berri du. Euskara barrura nahiz kanpora begira indartzeko dihardu lanean OSATEKek: euskarazko zerbitzua bermatzeaz eta hobetzeaz gain, langileen arteko euskararen ezagutza eta erabilera handitzea ere badu xede. Hiru indargune nabarmendu ditu Jaurlaritzak, saria ematearekin batera: gerentziaren lidergoa, proiektuak bultzatzeaz gain euskararen aldeko jarrera proaktiboa izateagatik; irudia, hori baita erakundeak garatuen duen alderdia eta euskarari presentzia eman baitio errotulazio finkoan eta webgunearen edukietan; eta garatu duen planteamendu berria eta sendoa, hizkuntza-politika zehaztuta, dagozkion baliabideekin, kudeaketa-sisteman integratu baitu estrategia garatu batekin.

OSATEK sozietate publiko bat da, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren mende dagoena eta 1992. urtean jaioa. Erresonantzia magnetikoa da erakundearen espezialitatea: aitzindaria izan da erresonantzia magnetikoa duten aplikazio berriak abiarazten, eta puntako teknologia duen irudi bidezko diagnostiko-zerbitzua kudeatzeaz, administratzeaz eta ustiatzeaz arduratzen da. Gaur egun, 253 langilek dihardute lanean erakunde horretan, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan: egoitza nagusia Bilbon dago; horrez gain, zentroak ditu Indautxun, Deustun, Galdakaon eta Urdulizen; baita Donostian, Zumarragan eta Eibarren ere; eta Txagorritxun eta Santiagon.

Erronka, euskarari eustea
Erakundeak euskararen aldeko ohiturak handitzeko erremintak jarri dizkie eskura langileei, eta haiek ondo baino hobeto jakin dute aukerari ahalik eta etekinik handiena ateratzen. Izaskun Zabala Zumarragako zentroko idazkariak adierazi duenez, pozik daude jasotako aitortzarekin, langileek egindako «ahaleginaren saria» izan delako eta «baliagarria euskararen aldeko ohitura onak sustatu eta horretan jarraitzeko». Nabarmendu du halako ziurtagiri bat eskuratu nahiak erakutsi diela zenbat gabezia eta hutsune dauden, eta zer garrantzitsua den horretan arreta jartzea. Lehengo eta oraingo ohiturak alderatu ditu: «Beti erabili izan dugu euskara, baina orain gehiago, eta batez ere euskaldun berriak ahalegin handia egiten ari dira. Lehen hitza euskaraz egiten dugu, pazienteek aukeratu dezaten zer hizkuntza erabili, eta erronka izan da gure arteko elkarrizketetan euskarari eustea».

«NORBERAREN ERRONKA DA HIZKUNTZARI BULTZADA EMATEA» Izaskun Zabala Zumarragako zentroko idazkaria

2019an OSATEKek egindako galdetegi baten emaitzek adierazten dutenez, langileen % 55ek ondo edo nahiko ondo ulertzen dute euskaraz; 10 langiletik ia 4k, % 38k, euskaraz hitz egiten dakite, ondo edo nahiko ondo; eguneroko lanean, inkesta egindako langileen % 17k euskaraz egiten dute, beti edo askotan; eta langileen erdiek baino gehiagok, % 51ek, euskara-agiriren bat dute, eta horietako gehienek, % 70ek, hamar urteotan lortu dute.

Eskubidea, kalitatea eta erabilera
Ziurtagiria berriki eskuratu duten arren, OSATEKeko langileek urteak daramatzate euskararen alde lan egiten. Izan ere, gaur egun indarrean duten Euskara Planak 2016. urtean du jatorria. Lander Solozabal OSATEKeko hizkuntza-normalizazioko teknikariak eta Josu Llano gerenteak azaldu dutenaren arabera, bai langileek eta bai zuzendaritzak eta Administrazio Kontseiluak oso argi zuten ezinbestekoa zela euskararen normalizazioan urratsak egiten hastea, gainerako administrazioak ere horretan ari zirelako eta gizartearen partetik jasotzen zuten eskaera gero eta handiagoa zelako. Horretaz jabetuta, dena antolatzeari ekin zioten: «Egoeraren diagnostiko bat egin zen, eta, Enpresa Batzordearekin negoziatu eta gutxieneko adostasun puntuak lortu ondoren, Administrazio Kontseiluak akordio orokorra sinatu zuen 2017an».

Horiez gain, nabarmendu nahi izan dute prozesu horretan Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta Osasun Saileko Roman Berriozabal osasun-plangintza eta berrikuntzarako aholkulariak izandako garrantzia. Hauek dira OSATEKek orain martxan duen I. Euskara Planaren (2018-2022) hiru oinarriak: herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea, eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetzea eta euskararen erabilera ahoz eta idatziz handitzea modu progresiboan bai kanpora eta bai barrura begira.

«LANGILEEK, ZUZENDARITZAK ETA ADMINISTRAZIO KONTSEILUAK OSO ARGI ZUTEN EZINBESTEKOA ZELA EUSKARAREN NORMALIZAZIOAN URRATSAK EGITEN HASTEA» Lander Solozabal hizkuntza-normalizazioko teknikaria eta Josu Llano gerentea.

Erabilera da OSATEKen Euskara Planaren oinarria, eta hainbat baliabide eman dizkie langileei aldaketa egiten laguntzeko. Halere, Zabalak uste du norberaren esku dagoela aldaketarik handiena: «Enpresak ematen ditu baliabideak, kartelak, itzulpenak, eta abar. Horiek guztiak ezinbestekoak dira, baina norberaren erronka da hizkuntzari bultzada ematea». Erabilerari tiraka, OSATEKen ere, Euskaraz bai sano! izeneko kanpaina abiatu zuten iaz. Gainera, langileentzako Harrera-gida prestatu zuten, eta bertan eguneroko lanean izaten diren ohiko elkarrizketak agertzeaz gain, oinarrizko OSATEK hiztegia ere jasotzen da. Iazko Euskaraldian ere jarri zuten beren aletxoa: 40 lagunetik gora aritu ziren belarriprest eta ahobizi roletan.

Merezitako aitortza jaso dute Zumarragako langileek, baina ez dute orain arte lortutakoarekin konformatu nahi, eta argi daukate lanean segituko dutela: «Daukagun maila hobetzea da gure helburua; egindako lanari eutsi eta unitatean euskararekin izan ditzakegun gabeziak antzeman eta zuzentzea», adierazi du Zabalak.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other