agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Covid-19ak eragindako kolektiboentzako laguntza emozionala eskura

Osakidetzak programa bat atondu du COVID-19ak eragindako paziente, senide eta profesionalei laguntza psikologikoa emateko. Ospitaleetan nahiz anbulatorioetan jarri da martxan, eta osasun mentaleko profesionalek ematen dute zerbitzua.

Ez da batere samurra COVID-19aren aurkako borrokan lehen lerroan egotea, ez birusa duenarentzat, ez gaixoak sendatu nahi dituenarentzat, ez senidea kinka larrian ikusten duenarentzat. Oso egoera gogorrak dira, mingarriak, psikologikoki nekea eta estres handia eragiten dituenak. Euskal Herrian gaitzaren lehen kasuak atzeman zirenetik urtebete baino gehiago igaro eta gero, ezin uka daiteke bidaia neketsua eta astuna izaten ari dela. Larritasun horretaz jabetu ziren aspaldi Osakidetzan, eta, ondorioak leuntzeko, pazienteei, senideei eta profesionalei egoera psikologiko eta emozionala hobetzeko eta indartzeko arreta berezia eskaintzen diete, Laguntza emozionala izeneko programaren bitartez.

Programak bi esparru ditu: ospitalea eta anbulatorioa. Ospitalekoa COVID-19ak jotako pazienteentzako, senideentzako eta beraiekin lan egiten duten profesionalentzako laguntza da. Eta anbulatoriokoa, batetik, gaitza duten gaixoei eta haien senideei zuzendua da, hau da, ospitalizatuta ez dauden edo inoiz egon ez diren baina, halere, afektazio psikiko handia dutenei; eta bestetik, anbulatorioko eta lehen mailako arretako profesionalei ere bai. Alvaro Iruin Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerenteak azaldu du hasieratik bazekitela noiz edo noiz beharrezkoa izango zela horrelako programa bat. Dioenez, COVID-19aren gaitzak osasun mentalean izan duen eragina lehen olatutik antzeman zen, baina eragina nabarmenagoa izan da hirugarren eta laugarren olatuetan. Langileek, adibidez, oso egoera zailean jardun dute, testuinguru gogorrean, eta horrek guztiak zuzen eragin die. «Bibliografian irakurrita geneukan laguntza emozionalaren beharra etorriko zela, eta hasieratik ikusi genuen lan handia egin beharko zela, batez ere lehenengo olatuan oso momentu latzak bizi izan genituelako: langileak erritmo bizian ari ziren lanean, jendea hil egiten zen, eta psikologikoki hori guztia onartzea kosta egiten da; gainera, baliabideak falta ziren, eta dena antolatu beharra zegoen».

«PROFESIONALAK TALDE TXIKIETAN BATZEN HASI ZIREN HASIERATIK, ZITUZTEN ARAZOEI BURUZ HITZ EGITEN ETA ARAZO HORIEI NOLA EGIN AURRE GOGOETATZEN»
Jose Martin Zurimendi

Hasieran, profesionalak talde txikietan
Pandemiaren hasiera gogorra gertutik ikusi zutenetako beste bat Jose Martin Zurimendi izan zen, Barrualde-Galdakaoko ESIko Psikiatriako zerbitzuburua. COVID-19aren lehenbiziko kasuak Araban atzeman ziren, eta oso denbora gutxian «indar handiz» ailegatu zen gaitza Galdakao-Usansoloko Ospitalera. Zurimendik gogoratzen du profesionalak talde txikietan batzen hasi zirela, eta ariketak egiten: «Aireztatze emozionala esaten dioguna egiten hasi ziren, zituzten arazoen gainean berba egiten eta arazo horiei nola egin aurre gogoetatzen». Horrez gain, «erlaxatzeko, estresa kontrolatzeko, autozainketa lantzeko eta mindfulness-ari lotutako hainbat teknika landu zituzten». Gerora, beste ospitale batzuetan ere hasi ziren antzeko ariketak egiten. Hori ikusita, gomendioak eta jarduerak biltzen zituzten dokumentu batzuk ondu eta publiko egin zituzten, gaixoek, senideek, zaintzaileek nahiz osasun-profesionalek erabiltzeko.

Bigarren olatuan, aldaketak
Zurimendik aldea nabaritu du hasieratik gaur egunera. Bere esanetan, hasieran agerikoa zen norbera kutsatzeko beldurra, baina uda aldean dena normalizatuz joan zen eta tentsioa jaitsi zen: «Hainbat ikerketa egin genituen, eta, besteak beste, ikusi genuen jendeak ez ziola hainbesteko beldurrik bere burua kutsatzeari, senideak edo ingurukoak kutsatzeari baizik. Horregatik, ospitaleak lasaiago egon arren, beste olatu bat zetorrela entzuten genuenez, martxan jarri ginen berriro ere». Bere ustez, «bigarren olatuan presioa igaro da lehen mailako arretan izatetik ospitaleetan izatera».

«ESKU-HARTZEA MUGATUA IZAN BEHAR DA, PUNTUALA, BATEZ ERE ESPARRU PSIKOLOGIKOAN KOKATUA»
Alvaro Iruin

Hasierako olatutik bigarrenera izandako aldaketez galdetuta, Iruinek nabarmendu du asistentzian gertatu dela aldaketarik handiena: «Lehen olatutik bigarrenera asistentziaren pisua aldatu da. Lehen olatuan, pandemiaren ondorioak ospitale-eremuan pairatu ziren gehienbat, gainezka egon zirelako. Horrela, jendea kontu handiagoz hasi zen osasun-sistemara joaten, kontu larriengatik baino ez, badaezpada, ez baitzegoen informazio askorik. Orain presio hori txikiagoa da; herritar gehiago erasanda daudenez, pertsona gehiago joaten dira familia medikuarengana. Beraz, aldaketa bat gertatu da: presioa gehiago handitu da osasun-zentro eta anbulatorioen eremuan».

Egoerara egokitzeko laguntza puntuala da
Sintomei buruz galdetuta, Iruinek nahiago ditu «aldarteari lotutako emozio» gisa izendatu: nekea, antsietatea, larritasuna, loari lotutako arazoak, interes falta… Hortik abiatuta, berak uste du hurrengo pausoa izan behar dela autoebaluazio eta autoikaskuntzarako formatuak nola diseinatu pentsatzea, nola erantzun horri, nola prestatu jendea eguneroko bizimodurako. Autozaintzari buruzko gidaliburu dezente argitaratu dira, baina Iruinek argi utzi nahi du hori ez dela nahikoa: «Horregatik daukagu oraindik telefono-bidezko laguntza, betiere bi premisa garrantzitsurekin: batetik, argi izan behar dugu laguntza eskatzen duten profesionalak ez direla paziente psikiatrikoak, zeren oinarrian soilik gertatu zaie egoera zail bat pasatzen ari direla eta kosta egiten zaiela egoera horretara beren kabuz egokitzea; eta bestetik, esku-hartze mugatua izan behar da, puntuala, eta batez ere esparru psikologikoan kokatua, oso kasu gutxitan behar izaten baita tratamendu farmakologikoa».

Ezin ahaztu gazteak eta adinekoak
Zurimendik gazteengan eta adinekoengan jarri nahi izan du fokua: «Gazteek oso gaizki pasatu dute. Haientzat ezinbestekoa da harremanak izatea, euren pertsonalitatea garatzeko modu bat delako. Gazteengan patologia batzuk areagotu egin dira, eta beste batzuk jaitsi. Droga eta alkohol kontsumoak gora egin du, eta bakarturik egoteak egoera arazotsuak sorrarazi ditu, etxekoen artean, esate baterako. Bestalde, adinekoek ere oso gaizki pasatu dute, tristura izan dute, eta, batez ere, bakarrik sentitu dira».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other