agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Euskaraz banekien, baina euskararen kontzientzia Oñatin hartu nuen»

Felix Razkin • Osakidetzako euskara teknikari eta itzultzaile ohia

Arbizuarra jaiotzez, umetan Oñatira joan zen Felix Razkin abade ikasketak egitera, baina bide hori utzi, eta Gasteizera jo zuen gazte. Langile mugimenduan murgilduta, martxoaren 3ko gertakarien lekuko izan zen, eta, gerora, Osakidetzako Euskara Zerbitzuan hartu zuen erretiroa. ‘Osatuberri’-ren aurretik zegoen ‘Osatuz’ aldizkariaren sorreran hartu zuen parte, euskaraz ikasten ari ziren sanitarioek irakur zezaten.

Gaztea zinela jo zenuen Gasteizera.
Bai, 1967an. Oñatitik kuadrilla eder bat etorri ginen hona, Gasteizera. Ustez, seminarioan ikastera, baina guk ordurako utzita genuen, eta bakoitzak bere bidea hartu zuen. Lankide gehienek Lehen Hezkuntzako ikasketak egin zituzten. Ni, berriz, lantegi batean sartu nintzen, Oñatiko enpresa batean, Tximist izenekoan.

Nolakoa zen giroa 60ko hamarkadako Gasteiz hartan?
Gasteizen oso euskara gutxi entzuten zen. Orduan, etorri berriak ziren enpresa asko Gipuzkoatik eta Bizkaitik hona Gasteizera; beraz, euskaldun asko zeuden, eta gu justu momentu hartan heldu ginen. Segituan hasi ginen helduei euskarazko eskolak ematen kuadrilla eder bat, Oñatitik etorritako zortzi-hamar lagun.

Erabaki bat hartu zenuen euskaltzale izateko, edo inertziaren eta garaiaren ondorioa izan zen?
Ez, nik euskaraz jaiotzetik egin izan dut, Arbizun. Euskaraz banekien, baina euskararen kontzientzia Oñatin hartu nuen. Han hasi ginen aldizkari batzuk ateratzen kongregazio guztietara zabaltzeko eta elkarren berri izateko. Orduantxe garatu genuen euskararen aldeko militante izateko kontzientzia.

«ELIZATIK ATERATZEN GINENOI POLIZIAK TIRO EGITEN ZIGULA IKUSTEAN, HARRIEKIN HASI GINEN»

Eta langile kontzientzia?
Garai hartan apaiz langileen mugimendua zegoen, eta nik alde horretara jo nuen. Ez dakit zein asmorekin. Pixka bat bizitza bideratu nahian, baina bai zera! Han hartzen duzu kolpea, eta… baina trebatu nintzen langile mugimenduan. Martxoaren 3ko greba ikustea egokitu zitzaidan.

Martxoaren 3a egun tristea izan zen, baina garaipenak lortu zenituzten.
Bai. Ordura arte eginak ziren grebak Gasteizen, baina gure planteamendua oso desberdina zen. Garai hartan enpresetan ez zen hitzarmenik negoziatzen oro har, eta negoziatzen zirenetan izaten ziren enpresek aukeratutako ordezkarien bitartez eta sindikatu bertikalekin. Guk horrekin apurtu nahi genuen, konbentzituta geundelako langileek aukeratutako ordezkariek negoziatu behar zutela enpresetan.
Borroka oso luzea izan zen, eta martxoaren 3an izan zen greba orokorra. Hiri guztia geratu zen. Dena zegoen itxita, dendak zein lantegiak. Hainbat erreibindikazio geneuzkan; adibidez, «lan bera, soldata bera», emakumeek enpresa batzuetan % 25 gutxiago irabazten zutelako. Emakumeek ere indar handia erakutsi zuten mugimendu hartan, greban zeuden enpresetako langileentzat dirua biltzen eta erresistentzia kutxak antolatzen.

Egun hartan bertan beldurra eta adrenalina nahastuta?
Bai, bai. Egun hartan, eliza barruan geunden itxaroten jada. Arratsaldean bildu behar ginen balorazioa egiteko, baina 3.000 lagun baino gehiago egon ziren itxaroten batzarra hasteko. Orduan, gu bilduta geunden bitartean, Polizia hasi zen ke-potoak botatzen barrura, eta jendea, ito beharrean, kanpora ateratzen hasi zen. Atetik eta leihoetatik ere bai. Polizia tiroka hasi zen, baina benetako tiroak, balak, eta guk kontra egin genien. Polizia asko zeuden, eta «zelai beteko bataila» antzeko bat izan zen. Elizatik ateratzen ginenoi Poliziak tiro egiten zigula ikustean, harriekin hasi ginen. Azkenean zeukaten munizio guztia amaitu zuten.

Euskararen gaira bueltatuz, zuk uste baino geldoagoa izan da euskararen bilakaera azken urteotan?
Gasteizen ez. Nik uste dut nahiko ongi egin dela. Egia da gehien irabazteko zeukana zela, ez zegoelako euskara askorik. Oro har, esan dezaket oso mantso joan dela. Diktadura garaia zen, eta geroko demokrazia garaiko gobernuek ere, ez zuten asko lagundu. Ni kartzelara eraman ninduten euskarazko eskolak emateagatik, hemen Gasteizen. Polizia sekretukoak lokalera sartu ziren eskola ematen ari ginela, eta eraman egin ninduten polizia-etxera, eta gero kartzelara.

«OSPITALE EDO ESKUALDE BAKOITZEKO EUSKARA ARDURADUNEK GARRANTZI HANDIA IZAN ZUTEN PLANA MARTXAN JARTZEKO, BETIERE EUSKARA ZERBITZUKO LAGUNEN BATEN GIDARITZAPEAN»

Noiz izan zen, 70eko hamarkada hasieran?
Bai, inguru horretan.

Epaitu zintuzten?
Bai, baina ez zen gauza handirik atera, ez zigutelako harrapatu ez propagandarik ez ezer. Lotzen zuten euskarazko eskolak ematea ETAkoa izatearekin, baina ez zuten ezer aurkitu. Hilabete egon nintzen Gasteizko kartzelan, baina atera gintuzten epaiketarik egin gabe, ikusi zutelako ez zegoela zer egin.

Gerora, zelan amaitu zenuen Osakidetzan lanean?
Nik ikusten nuen gure enpresa, BH, ez zihoala batere ongi, eta Euskal Filologia egiten hasi nintzen. Enpresatik bota gintuztenean, urte eta erdi egin nuen langabezian, eta Osakidetzako oposizioetara aurkeztu nintzen. Denbora batez Eusko Jaurlaritzaren itzulpengintza beka batekin ibili nintzen, eta aldundiarentzat, udalarentzat eta enpresa batentzat itzulpenak egiten, baina momentu batean deitu egin zidaten Osakidetzatik, eta joan nintzen. Sei hilabeterako egin zidaten lehen kontratua, baina, aurrena, administrari moduan. Euskara Zerbitzua zegoen ordurako, eta konturatu ziren administrarien arloan lehen eurek egiten zituztela itzulpenak, eta ni han sartu nintzenetik beste norbaitek egiten zituela. Galdetu zuten ea nolatan zeuden dokumentu horiek itzulita, eta jabetu ziren nik Euskal Filologia neukala eta laugarren hizkuntza-eskakizuna, eta berehala deitu zidaten Euskara Zerbitzutik. Segituan murgildu ginen plan berri batean Osakidetza euskalduntzeko. Roberto Manjon zen Euskara Zerbitzuko burua. Osakidetzako Euskara Plana onartu ondoren, Euskara Zerbitzuko lankide guztiok buru belarri murgildu ginen zeregin horretan, bakoitzak ospitale edo eskualde baten ardura hartu zuen eta plana martxan jartzen lagundu. Sarritan biltzen ginen plana nola zihoan ikusteko. Ospitale edo eskualde bakoitzeko euskara arduradunak garrantzi handia izan zuen plana martxan jartzeko, betiere Euskara Zerbitzuko lagunen baten gidaritzapean. Eskualdez eskualde begiratzen hasi ginen euskaldunen kopurua, eta horren arabera zehazten zen euskaraz jakin behar zuen jende kopurua.

Orduan, ikusiko zenuen bilakaera.
Bai, bai. Araban zerotik hasi ginen, eta baliabideak jarri behar izan genituen. Jendea liberatu zen euskara ikasteko, eta oso ongi kudeatu zen. Antolatu behar zen ea zenbat jende liberatu zitekeen ospitale bakoitzetik euskara ikasteko. Horrek bere fruituak eman ditu, eta bost urtean edo, jende dezentek atera zuen bigarren hizkuntza-eskakizuna, eta EGA ere bai, batzuek.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other